GICCASren (Krimen Zientzietako Ikertaldea) ikerketa lerroak
III. SEGURTASUN ETA IMMIGRAZIO POLITIKAK.
Proiektatutako hirugarren ikerketa lerroari “Segurtasun eta immigrazio politikak” deitu diogu. Gizarteak, oro har, eta zigor arloko justiziaren sistemak, zehazki, erronka berriei egin behar diete aurre gaur egun segurtasunaren arloan, besteak beste, delinkuentzia mota berriak agertu direlako, bai delinkuentzia konbentzionala eta bai, berezi-bereziki, delinkuentzia ez-konbentzionala. “Arriskuaren gizartea” esaten zaion honetan, kontuan hartu behar dira, alde batetik, segurtasun(ik ez) objektiboa (edo objektibagarria), hau da, benetan gertatzen den delinkuentzia; eta, bestetik, segurtasun(ik ez) subjektiboa, herritarrek hautematen dutena, hau da, segurtasunik ezaren sentimendua eta delituaren beldur izatea. Horrenbestez, krimen zientziek segurtasun arloko egungo mehatxuei aurre egiteko moduari buruzko ezagutzan sakondu eta aurrera egin nahi da, eremu horretan planteatzen diren ikuspegi eta arazo berriak kontuan hartuta, betiere erantzun egokienak diseinatu eta praktikan jartzeko. Horregatik, segurtasunaren kontzeptuak segurtasunik eza eragiten duten faktoreen prebentzioko eta kontroleko zereginei erreparatzen die, baita burututako gertakarien aurrean egiten diren errepresioko edo erreakzioko zereginei ere.
Testuinguru horretan, bereziki interesgarria da ikerketa-ekintza garatzea, dinamikoa eta diziplina anitzekoa. Horri esker, aplikazio praktikoa izango duen jarduketa bat egin daiteke eta, hartara, sortutako ezagutza transferitu daiteke, hobekuntzako tresna edo gailuak sortuta eta hobetuta; tresna eta gailu horiei esker, segurtasunik eza eragiten duten faktoreei aurre egiteko modurik eta prozedurarik egokienak zeintzuk diren jakin dezakegu, prebentzioko eta kontroleko zereginetan arreta jarriz.
IVAC-KREIk lankidetza hitzarmen bat du 90eko hamarkadaren erdialdetik Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin, ikerketaren eta prestakuntzaren arloan; hori horrela izanik, ikerketa lerro hau Segurtasun Sailarekin harreman estuan garatzen denez, hitzarmena honako proiektu hauetan gauzatu da: “Investigación sobre violencia contra los ascendientes (2015-2017), La predicción de la delincuencia (2016), La explotación sexual en Euskadi (2017), “Radicalización islamista” (2018-2021) eta, berrikiago, Los datos de criminalidad (2020) eta Los nuevos grupos de jóvenes organizados violentos (2019-2021) eta La seguridad en la Comunidad Autónoma del País Vasco (2021); proiektu horiek Isabel Germán Mancebo doktoreak egin ditu, ikertzaile nagusiaren zuzendaritzapean.
Segurtasun gaiekin estuki lotuta dago immigrazioaren fenomenoaren tratamendua; gai horri dagozkion gaur egungo erronkak aztertzen ari da, diziplinarteko ikuspegitik begiratuta, Odriozola Gurrutxaga doktorea, DEVA Y UNIVERSIDAD DE MÁLAGA (2019-2021) proiektuaren esparruan. Proiektuko ikertzaile arduraduna Carmen Rocío Fernández Díaz doktorea da. Odriozola Gurrutxaga doktorea lantzen ari den beste gai bat da, atzerriko herritarren kasuan, espetxe zigorra ezarri beharrean herrialdetik kanporatzea (ZK 89. art.). Gai horri buruzko hitzaldi bat aurkeztu du 2021eko maiatzaren 6an eta 7an Malagan izan den biltzar honetan: Europar Batasunaren egungo segurtasun eta defentsa politikaren erronkak: immigrazioaren eta terrorismoaren arloko eskubideak eta bermeak (online); txostena laster argitaratuko da.
Ikerketa lerro honen esparruan, eta ikuspegi zabalago batetik begiratuta, Colomo Iraola ikertzailea honako gai hau lantzen ari da bere doktorego tesiaren ikerlanean, Pérez Machío irakaslearen zuzendaritzapean: “La expulsión penal de las personas extranjeras como sustitutivo de la pena de prisión: una manifestación más de la criminalización de la inmigración. Análisis crítico desde una perspectiva actuarial-gerencial”. Izan ere, “segurtasunarekin” eta “immigrazioarekin” lotutako alderdien erdibidean, Colomo Iraola doktoregaiak ikuspegi kritiko batetik aztertzen ditu Estatu Demokratikoek ezartzen dituzten zigorrak, betiere immigrazio irregularra gaitzesteko ekintzak legitimatu nahi dituzten diskurtsoei erantzunez emandako zigorrak izanik, eta migratzailearen deshumanizazioan soilik oinarrituta justifikatzen direnak. Colomo Iraola ikertzailearen lanean garrantzi handia duten funtsezko gaiak dira “arrisku gizartean” berezkoak diren joera aktuariala, joera gerentzialista eta ikuspegi heteronormatiboa, eta GICCAS Taldeko ikerketen bilakaera markatu izan duen ikerketa lerro honen jarraipena bermatzen dute.
Azken buruan, orain arte aipatutako ekarpenei gehitu behar zaizkie, era berean, ikerketa talde honetako beste kide batzuek unean-unean egiten dituzten ekarpenak, eta, horri dagokionez, nabarmendu behar dira, besteak beste, Pérez Machío doktoreak 2021eko Nazioartekotze Juridikoaren Astean (Lima 2021/07/02) aurkeztutako hitzaldi gonbidatua: “Trata de personas con fines de explotación laboral: La incidencia de la retórica actuarial en la criminalización de la victimización inmigrante irregular”, eta Gema Varona doktoreak 2021/03/26an Alacanteko Unibertsitatean aurkeztutakoa: “El concepto de interseccionalidad en la victimización de mujeres de origen inmigrante en violencia de género”.
Ikerketa lerro honen esparruan, ikuspegi kriminologikotik eta biktimologikotik begiratuta interes eta gaurkotasun bereziko gaia den aldetik, hainbat azterlan egin dira: kriminalitatearen irudikapen sozialei buruz, delinkuentziaren prebentzioari buruz, segurtasunik ezaren pertzepzioari eta delituarekiko beldurrari buruz, segurtasun arloko auditoriei edo diagnostikoei buruz, eta GISak eremu honetan erabiltzeari buruz; eta norbanakoetan eta gizartean duten inpaktuagatik bereziki garrantzitsuak diren hainbat fenomeno kriminal ere aztertu dira, besteak beste. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren bi proiektu, besteak beste, gauzatu izanak bermatzen du Taldearen lana: “Nuevos grupos de jóvenes organizados violentos-NGJOV” eta “La radicalización hacia ideologías islamistas extremistas y su prevención desde las instancias de control social”.
Gaur egun, badirudi egokia dela lerro honen arreta, datozen urteetan, segurtasun(ik ez)aren egoera –alderdi objektibo eta subjektiboan– ezagutzeko eta ulertzeko diagnostiko batek izan behar dituen funtsezko elementuak zeintzuk diren jakitera eta ulertzera bideratzea, betiere aplikatze aldera; horrela, bada, diagnostiko horietan oinarrituta lortutako ezagutzekin, segurtasunik ezaren prebentzioko ekintza planak diseinatu ahal izango dira, aztergai diren lekuen errealitatera egokituta. Era berean, bai estatistikoki garrantzitsuak direlako, bai segurtasunik ezaren sentimenduan inpaktua dutelako, gizartean eragin handiena duten fenomeno kriminalei lotutako arrisku faktoreak aztertzea komeni da.
Horrekin lotuta, arreta berezia ematen ari zaio gero eta ugariagoa den immigrazio irregularrari, horrek delitu fenomeno jakin batzuetan izan dezakeen –edo ez– eraginari eta, horrekin lotuta, etsaiaren Zuzenbide Penala esaten zaionaren sorrerari.
Pertsonen immigrazio irregularraren gaia, hainbat delitu fenomenorekin (trafikoa eta pertsonen salerosketa, besteak beste) duen lotura, eta etsaiaren Zuzenbide Penalaren sorreran izan duen eragina beti landu izan dira ikertalde honetako kideen azterlan eta lanetan. Zehazki, “Grupo de Estudio Transfronterizo sobre tráfico ilegal e inmigración clandestina” (2009-2010) ikerketa proiektua lortu genuenetik, talde honetako zenbait kidek bere gain hartu zuten, zuzenean, gai honek dakarren kezka politiko-kriminala, kontuan izanik, alde batetik, delitu fenomeno horien nazioz gaindikoak izateak dakarren arazo enpirikoa, eta, bestetik, indarrean dauden zigor motetan biltzen diren legez kanpoko jardunbideak –hau da, pertsonen trafikoa, gizakien salerosketa eta immigrazio klandestinoa– kontzeptualki mugatzeko zailtasunen ondorioz sortzen dena. 2010eko proiektua amaitu izanak ez zuen ekarri ikerketa azpilerro honen garapena amaitzerik. Aitzitik, IVAC-KREIk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Pau-Baionako Unibertsitateak arazo hori tratatzeko sortutako sare akademikoak indarrean jarraitzen du, gaur egun, eta argitalpenak kaleratzeaz gain, webgune bat ere badago (http://www.inmigracionclandestina.eu), baterako lehenengo lan horren ondorio. Ikertaldeko kideek gaia lantzen jarraitu dute, jabetzen baitira salerosketaren, trafikoaren eta immigrazio irregularraren kontzeptuetan sakontzen jarraitu beharra dagoela: gaiaren nazioarteko profiletan, barne erregulazioan, gaiari buruzko jurisprudentzian, adingabeen immigrazio klandestinoaren tratamendu berezian eta lankidetza mekanismoen premian. Hain zuzen ere, lan esplotazioa xede duen pertsonen salerosketari dagokionez, Leire Berasaluce Guerricagoitiak doktorego tesia defendatu du, arrakasta handiz defendatu ere; tesi hori 1. ikertzaile nagusiak (De la Cuesta Arzamendi irakasleak) eta Pérez Machío irakasleak zuzendu dute, eta gai horiek aztertzen ditu.
Era berean, immigrazio irregularra kriminalizatzearen inguruko kezka izan da talde honetako hainbat kidek landu duten ikerketa lerroetako bat. Interes gero eta handiagoa dutenez, hainbat taldekidek (De la Mata, Pérez Machío, Berasaluce) argitalpenak egin dituzte eragin handiko aldizkarietan (REDPC), Jardunaldietan parte hartu dute eta, berriki, lehen biak gorago aipatu dugun PID2020-116407RB-I00DER lehia bidezko ministerio proiektuaren buru izendatu dituzte; proiektu horretan, salerosketa eta immigrazio egoeretan agertzen diren alderdi kalteberak aztertzea da muina. Salerosketa egoerak zigortzeko beharrari, salerosketa migrazioaren fenomenotik bereizteko beharrari eta fenomeno horri Zuzenbide Penaletik kanpo erantzunak bilatzeko beharrari buruzko azterlanak aurki daitezke, dagoeneko, Taldearen curriculumean, baina horiek lantzen jarraituko dugu, biktima eta biktimagilea argi eta garbi bereiziko dituzten lege politika koherenteak proposatu ahal izateko. Ildo horri jarraikiz, Odriozola irakaslea buru-belarri ari da lanean Zigor Kodearen 89. artikuluan aipatzen den kanporatzearekin ordezkatzeari buruz, eta horrek LOEX legearen 57.2 artikuluan aipatzen den administrazio kanporatzearekin duen loturari buruz.
Baina migrazio eta salerosketa egoera horiek ez ezik, kontuan hartu beharreko besterik ere bada. Izan ere, etsaiaren zuzenbide penalaren ikuspegia Taldearen ikerketetan presente dagoen alderdia da oraindik ere, argi eta garbi bereizi nahi baitira beste zigor eremu batzuetako kalteberatasun egoeren babesa eta etsaitzat hartzen dena, eta, horretarako, benetan babesa behar duten egoerak aztertzen dira, agian hain babestekoak ez diren eta legegile penalaren azkenaldiko hedapen joera ezagunean biltzen diren beste batzuetatik bereizteko. Aurrekoa oinarri hartuta, arlo honetan garatu beharreko ikerketa jarduerak arreta berezia emango dio adingabe delitugileekiko esku hartzearen alderdi gatazkatsu espezifikoen azterketari ere, hala nola adingabe etorkin arau-hausleen kasuan; izan ere, adingabe horiei dagokienez, atzerritarrei buruko araudiaren eragina bereziki kaltegarria izan daiteke. Era berean, kasu askotan, bizitzen ari diren egoeraren benetako biktima diren subjektuekin lotzen den kriminaltasun modernoa ere aztertuko da, batez ere, adingabeen trafikoan eta adingabeen sexu eta lan esplotazioan, eta, bereziki, delinkuentzia antolatuaren esparruan.
Kriminologia aktuarialaren eta gerentzialismoaren paradigmaren ikuspegi penala sakon aztertzen ari da eta sakon aztertuko du Colomo Iraola ikertzaileak bere doktorego tesian, baina, ikuspegi horretaz gain, paradigma horrekiko hurbilketa kritikoak ere bai, kriminalizazio hori eta, beraz, etsaiaren Zuzenbide Penalaren sendotzea argudiatzeko aukera ematen duten aldetik. Zentzu horretan, problematika hori guztia lantzen denean ere presente egoten jarraituko dute.