‘Francisco Javier Gómez Elósegui’ Saria
Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) espetxe munduarekin lotutako ikerketak sustatu eta bultzatu nahirik, eta arlo horretan zabaldutako esku hartze proiektuak babestu nahi dituelako, Francisco Javier Gómez Elósegui Saria sortu zuen, gure lankidea, institutuko irakaslea eta Martuteneko zentroko psikologoa, ETAk 1997ko martxoaren 11n erail zuena, gogoan hartuta.
Saria izan zen, batez ere, espetxe munduarekin lotutako ikerketa, lan zientifiko edo arlo horretan zabaldutako esku hartze proiekturik onena saritzeko. Saria balia ahal zen, halaber, espetxe munduarekiko konpromisoan nabarmendu ziren pertsonen edo erakundeen lana eta ibilbidea publikoki aintzatesteko.
Epaimahaia IVAC-KREIren Zuzendaritza Kontseiluak izendatutako 5 kidek eta horien ordezkoek osatuko zuten. Francisco Javier Gómez Eloseguiren senide bat ere gonbidatu zen epaimahaiko kide izatera.
Saria Clair Aldington artista eta justizia errestauratiboaren bideratzailearen diseinuko zeramikaz sinbolizatu zen. Zeramikak bizitza berriari egiten dio erreferentzia; katiluaren formak, berriz, janari bat partekatzea esan nahi du. Ontzi barruko solidus labirintoaren forma angeluzuzen eta diagonala nahita sartzen da ontziaren forma obalatu eta kurbatuarekin gatazkan: bakea ez da erraz iristen, eta ez da beti perfektua, baina oroimenaren betebeharra geratzen zaigu.
2023az geroztik, Eusko Jaurlaritzak ematen du saria. Ikus informazio gehiago: Francisco Javier Gómez Elosegui Saria
"Francisco Javier Gómez Elósegui" III. Saria (2022)
Bizkaiako Bidesari Elkarteari. 1994an sortu zen, askatasunik gabeko pertsonen behar aldakorrei erantzuteko, gizarteratzeko laguntza emateko eta espetxe errealitatearen inguruan kontzientzia sozial berria ahalbidetzeko.
"Francisco Javier Gómez Elósegui" II. Saria (2021)
Sari hau ADAP Presoen Laguntzarako Elkarteari eman zaio. Elkarteak, bere borondatez, Arabako Espetxean atxilo dauden pertsonei bizi kalitatea hobetu dezaten laguntzen du, izapideak errazteko, oinarrizko beharrei erantzuteko, senideekiko harremanak errazteko, errespetuan eta tolerantzian hezteko, autoestimu sentimenduak hobetzeko, sentimenduak eta emozioak adieraztea ahalbidetzeko, emakume presoen ahalduntzea errazteko, eta emakume eta gizon presoen arteko aukera berdintasuna bultzatzeko
"Francisco Javier Gómez Elósegui" I. Saria (2020)
Kriminologiaren Euskal Institutuak 'Francisco Javier Gómez Elósegui' lehen saria eman dio Loiolaetxea Elkarteari, "bere lan eta ibilbide eredugarriagatik, eta espetxe-munduarekin duen konpromiso zabalagatik". Erakunde hori 2001ean sortu zen, eta "gizarteratzeko prozesuetan, eta, bereziki, espetxeetako birgizarteratze-prozesuetan, elkartzeko eta laguntzeko espazio bat eskaintzeko" lan egiten du.