inf_politica-criminal-practicas-penales

GICCAS - Krimen Zientzietako ikertaldearen ikerketa lerroak

 

I. KRIMINALITATE POLITIKA ETA ZIGOR JARDUERAK

Kriminalitate politika honela defini daiteke: “politika egitea” Zuzenbide Penalaren Zientziaren alorrean. “Politika” hori baldintzatzen dute gizarte gaiek, botere orekek, erabaki alderdikoiek, hedabideek, botere taldeek, “barnekoa” dena mundu mailaren testuinguruan jartzeak. Horrela, gure ikertaldeak, hasteko eta behin, eta “Kriminalitate politika eta zigor jarduerak” deritzogunaren barnean, arreta jartzen du gaurkotasun handiko gaiei lotuta egiten diren proposamen espezifikoetan, egungo zuzenbide penalaren mugak nolabait agerian uzten dituzten gaiak, muga funtzionalak, kulturalak edo lurralde mailakoak. 

Adibidez, muga funtzionalak aurki ditzakegu teknologia berriak bezalako fenomenoak aztertzean (ziberkriminalitatea) edo zuzenbide penal sozioekonomikoaren auziari heltzean. Lehenengoan, errealitate soziala aintzat hartu beharrak behartzen gaitu kontuan hartzera bai eraso kriminal modu berriak bai zigor sistemaren gabezia berriak eraso horiei aurre egitean, baita desafio berriak ere egungo legerian, horri guztiari erantzuteko beste garai batzuetarako pentsatuta dauden tresna arau-emaile batzuetatik abiatuta. Bigarrenean, aldiz, duela gutxi aintzakotzat hartu den pertsona juridikoen zigor erantzukizunak ikerketa eremu berri bat zabaldu du, orain arte debekatua aditu penalista-kriminologoentzat, arlo sozioekonomiko hutsa gainditu eta beste eremu askotara zabaltzen dena (hala nola osasun eremura). Gure ikertaldeak aspaldi ekin zion bi ikerketa lerro horiek aztertzeari, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Alde horretatik, nabarmentzekoak dira ikertaldeak lehenengo multzoan garatutako proiektuen artean: “Investigación ambiental para el transporte inteligente y los Servicios Avanzados de la Información y la Comunicación” (Etortek programa, IE05-140), “Retos para la securización de los territorios digitales” (Saiotek programa (S-PE6RO03) eta “El Derecho penal frente a las nuevas tecnologías de la información y la comunicación” (SEJ2007-64691 proiektua). Bigarren multzoari dagokionez, “Responsabilidad penal de las personas jurídicas” (DER2010-21164 proiektua).

Egungo zuzenbide penalaren mugak egotzi behar zaizkio ere haren estatu lurraldetasun hertsiari, nekez uler daitekeena eta ezinezkoa dena, behin eta berriro agerian geratzen den bezala estatuz gaindiko erakundeen utzikeriagatik edo eraginkortasunik ezagatik, eta estatu agintarien ikuspegi lokalista eta hertsiegiagatik. Bereziki deigarria den zerbait, mundu transnazional, globalizatu eta internetizatu batean, non merkataritzak, gizarte harremanek eta errealitate guztiz birtualak jada ez duten kontuan hartzen espazio mugarik, eta estatu subiranotasun orotatik harago doazen. Lurraldetasun nabari bat, neurri batean erreparatzen diena guztiz nazioartekoak edo transnazionalak diren ondasun juridikoen aurkako erasoei, eta batzuetan “nazioartekoa den” horrek baldintzatzen duena. Gure taldeak etenik gabe lantzen duen testuinguru bat ere bada. Horri dagokionez, aipatzekoak dira “Integración política y económica en la Unión Europea” (UFI 11/05) ikerketa unitatearen barruan garatutako “Adaptación del Derecho penal español al Derecho penal europeo” (DER2017-83329R) proiektua edo “La responsabilidad penal de empresas transnacionales por violaciones a los Derechos Humanos y al medio ambiente” (DER2017-85144-C2) eta “Consecuencias de la Gran Recesión de 2008 en el Derecho penal económico” (DER2017-90667-REDT) sare tematikoetan izandako parte hartzea. Nazioarteko zigor araudia ezagutzeko beharrak, estatuko zigor araudia araudi horretara egokitzeak eta legegileen hutsuneek, inkoherentziek, zigor gehiegikeriek eta ildo politiko-kriminalek, besteak beste, ikerketa esparru zabal bat ireki dute, non gure ikertaldearen azterlana proiektatzen den delitu esparru zehatzei loturiko ikerketa ildo zehatzetara.

Bide horretatik heltzen gara —beste bide batzuk ere izan arren— muga kulturalen ikerketara. Zuzenbide penala gizarte errealitateetara egokitzeak (errealitate berriak ez ezik, baita errealitate zahar eta iraunkorrak ere, nahiz eta prisma berrietatik ikusitakoak) behartzen gaitu kontuan hartzera etengabe bilakatuko den esparru arau-emaile bat, aintzat hartuko dituena justizia soziala, erreparazioa eta sektore zaurgarrien babesa bezalako ideiak. Hain zuzen, hor kokatzen dira gure zenbait azterlan: “La integración social del menor víctima a partir de una tutela penal reforzada” (DER2017-83329-R), “La tutela penal de personas vulnerables: análisis de realidades criminológicas y propuestas sustantivas de lege dat y de lege ferenda” (PID2020-11647RB-I00DER), “Culturas organizaciones e identificación de contextos de victimización primaria y secundaria en abusos sexuales en la Iglesia, en clave de prevención y reparación victimal” edo “Abusos sexuales en instituciones religiosas: efectos de las víctimas y respuestas restaurativas”. Nola jokatu sexu delituen biktimak diren adingabeekin; zer babes maila bermatu adinen, sentsibilitateen eta sexu, emozio eta heltze garapeneko prozesuen arabera; nola eratzen diren eta ulertu behar diren biktimizazio prozesuak; adingabeen arretatik harago, zer motatako zaurgarritasunak kontuan hartzen diren edo alde batera uzten diren Espainiako zigor legerian; zergatik kontuan hartzen diren batzuk eta ez beste batzuk; zergatik delitu batzuk eta ez beste batzuk; zergatik jokabide batzuk eta ez beste batzuk. Ikertaldeak hori guztia aztertzen du, hainbat prismatatik (juridikoak, kriminologikoak, soziologikoak, penologikoak, sozio-sanitarioak), analisi prozesu baten bidez, dagoeneko emaitza ugari eman arren oraindik taldekideen arreta pizten jarraitzen duena.

Eta mugez hitz egiten badugu, printzipioez ere hitz egiten dugu. Alde horretatik, taldearen abiapuntua izango da beti zuzenbide penala hartzea, Von Liszt-en hitzei jarraiki, “kriminalitate politikaren hesi zeharkaezintzat”. Zuzenbide penala esparru gisa, hesi gisa, delituaren eta biktimizazioaren aurkako borrokan estrategia oro praktikan jartzeko erabilitako tresna juridiko gisa, betiere aintzat harturik hari loturiko printzipioak, bai delituan arreta jartzeak dakarrenari dagokionez, bai Ondorio Juridikoari dagokionez. Ikertaldearen egungo ikerketa lerro guztietan —eta etorkizunean garatu nahi direnetan— kontuan hartzen dira beti zuzenbide penalaren eta zuzenbide prozesal-penalaren egiturazko printzipioak (beharra, legezkotasuna, erruduntasuna, errukia, gehiegikeria debekatzea, errugabetasun presuntzioa, ne bis in idem, etab.) eta esku hartze punitibo eta penologikoa definitzen duten printzipioak (askatasunaz gabetzeko zigorraren aplikazioan, alternatiba posibleei erreparatzean).

Kriminalitate Politika eta Zigor Jardueretan oinarritutako lehen lan lerro honen garrantzia hertsiki lotuta dago taldearen esanahiari, jatorriari, kokapenari, haren nortasun zigilua eratuz joan diren gaien azterketan erreferente gisa duen tradizioari, haren kideen ibilbide, aintzatespen eta esperientziari.

Oinarri harturik ikuspegi politiko-kriminal-penaletik aztertzeko premia handiena duten alorren analisia eta sakontzea, hamabi arlo tematiko nagusitan taldekatzen dira lerro honetan garatu beharreko ikerketa jarduerak, horietako batzuk elkarri lotuak. Lehenengo hirurak, ondorio oso garrantzitsuekin alor sozioekonomikoan: zuzenbide penalaren eta teknologia berrien arteko harremanak, alde batetik; pertsona juridikoen erantzukizun penala, Espainiako zuzenbidean duela gutxi txertatua; azkenik, delinkuentzia sozioekonomikoari eta ustelkeriari loturiko arloa, zerikusia duena aurrekoarekin enpresa erantzukizunari eragiten dion guztian. Honen barruan sartzen da ere, antolakuntza erantzukizunari dagokionez, Osasun zuzenbidearen eta kirol arloko praktika bortitz eta ustelen azterketa lerroa. Bigarren gai multzo batean daude tutoretza penal eta asistentzialak behar dituzten egoera bereziak aztertzen dituztenak: hala nola arreta adingabeen eta migratzaileen tutoretzan jartzen duten lerroak.  Europako zuzenbide penalaren eta nazioarteko zuzenbide penalaren analisiak abiapuntu dira hainbat gaitan, Estatuko araudia egokitzeko premiagatik.  Gainera, arlo batzuk elkarri konektatuta daude; adibidez, zaurgarritasun egoerak kriminalitate antolatuaren ikuspegitik aztertzeko beharragatik; alor ekonomikoa alor sozialaren testuinguruan kokatzeko premiagatik; Kriminologiatik eta Soziologiatik esaten zaiguna esparru bakoitzean beti kontuan hartzeko beharragatik. Azkenik, taldearen ikerketa lerro espezifiko izaten jarraituko dute adikzioen azterketak eta askatasunaz gabetzeko zigorrak.

A) Zuzenbide penala eta “Informazioaren teknologia berriak”           

Lehenengo ikerketa lerro hau taldea burutzen ari den lan zabalago batean kokatzen da. Lan hori hasi zen taldeak parte hartu zuenean Etortek IE05-140 proiektuan (“Inteligencia ambiental para el transporte inteligente y los servicios avanzados de la información y la comunicación“), Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren pribatutasun eta segurtasun digitaleko klusterraren barruan, eta, ondoren, sail beraren Saiotek S-PE6RO03 proiektuan (“Retos para la securización de los territorios digitales”). 2007an MEC SEJ2007-64691 ikerketa proiektua lortu zenez geroztik (“El Derecho Penal frente a las nuevas tecnologías de la información y de la comunicación”, J.L. de la Cuesta 1 ikertzaile nagusiak zuzendua eta N.J. de la Mata 2 ikertzaile nagusiak koordinatua), taldeak ez dio gai hau aztertzeari utzi, hitzaldiak eta jardunaldiak antolatuz eta, jakina, liburuak eta beste hainbat dokumentu argitaratuz. Proiektua oso positiboki baloratu zen eta Civitas argitaletxeak argitaratutako Derecho Penal Informático liburu kolektiboan (2010) bildu ziren haren emaitzak. Nabarmentzeko moduko lerro bat da ere taldearen barruan egin den formakuntza lanagatik, Bikain Cum Laude lortu duten hainbat doktorego tesiren bidez burutu den lana: “La protección jurídico-penal de la vida privada frente a las tecnologías de la información y comunicación”, UPV/EHU, 2012, “El delito del art. 183 bis del Código Penal”, UPV/EHU, 2016, eta “Regulación penal de los accesos ilícitos a sistemas informáticos. La normativa internacional y la determinación del contenido lesivo de los ataques en su concreción por el derecho positivo de los sistemas tradicionales”, UPV/EHU, 2018 (azken hori Leyre Hernández irakasle eta taldekideak eginikoa).

Ikerketa lerro itxi izatetik urrun, lege penal aplikagarriaren zehaztapenik ezak eta jokabide hauen arduradunen identifikazioak sortzen dituzten zailtasunengatik, eta gaiak berak sortzen jarraitzen duen problematika kriminologiko eta biktimologikoagatik, taldekideen arreta pizten duen arlo izaten jarraitzen du, eta gai honi buruzko lan kolektibo ugari argitaratu dituzte (De la Mata-Hernández, De la Mata-Pérez Machío, etab.), eta argitaratzen jarraitzen dute, adibidez duela oso gutxi, adingabekoekiko kontaktu teknologiko edo child grooming izeneko jokabideei buruz.

Gaur egun abian diren lanak:

1. Tipo penal espezifikoen azterketaren jarraipena, batez ere 1/2015 Lege Organikoak Zigor Kodean eginiko erreformaren ondorioz sartutako berrikuntzetatik abiatuta; zehazki, kalte informatikoen eta legez kanpoko sarbideen delitu berrien azterketatik abiatuta, Lege horrek erabat erreformatu dituen delituak, aurreko proiektuetan partzialki aztertu arren erabat birformulatu behar zirenak, aintzat harturik benetan babestu nahi den objektu juridikoa: alde batetik, azpiegitura kritikoen babesa; bestetik, pribatutasun digital hutsa.

2. Aplikatu beharreko lege penala zehaztearen ondorioz sortutako arazo berrien azterlana (kontuan harturik mota honetako delituen izaera transnazionala); bereziki, 2013/40/EB Zuzentarauko betebeharrak jaso ez dituzten estatuekin lotutako paradisu penalen auzia, egile zehatzak identifikatzearen inguruan sortutako arazoak eta gertakariak ikertzeko eta egiaztatzeko zailtasunak.

3. Child grooming delitu modalitate berriei buruzko azterlana (adin txikikoekiko sarbide teknologikoa, 2010ean sartuak eta 2015ean erreformatuak), lotura estua duena adingabearen tutoretzarekin, lehentasunezko aztergai ere dena jada aipatu den eta aurrerago ere jorratuko den taldearen beste ikerketa lerro batean. Bai babes alorrei dagokienez, bai teknologikoak zertan izan ez duten beste jokabide batzuekin sortzen diren konkurtso arazoei dagokienez.

4. Halaber, taldearen helburua da aztertzea Adimen Artifiziala eta Zuzenbide Penala lotzen dituzten gaiak, oinarri harturik gai horietatik eratortzen diren Zati Orokorreko auzien azterketa, “Erantzukizun Penal Robotikoari” buruz hitz egitea ahalbidetzen dutenak.

B) “Pertsona juridikoen zigor erantzukizuna”

2010ean, J.L. de la Cuestak gidatutako eta N.J. de la Matak koordinatutako ikertaldeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren diru-laguntza lortu zuen DER2010-21164 ikerketa proiekturako (“Responsabilidad penal de las personas jurídicas”). Proiektu horren helburu nagusia izan zen aztertzea eta ebaluatzea pertsona juridikoek zigor-arloan duten erantzukizun printzipioa ezartzeko erabaki politiko-kriminalaren instrumentazio modua. Espainiako Zigor Kodearen erreformak areagotu egin zuen gaiaren interes dogmatikoa. Lehenik eta behin, 5/2010 LOren bidez, “Societas delinquere non potest” tradizionala gainditu eta pertsona juridikoen zigor erantzukizun modu berri bat sartu zuena. Horrek ikerketa eremu zabal bat ireki zuen, garrantzi eta gaurkotasun handikoa, pertsona juridikoei zigor erantzukizuna eskatzeak zuzenbide konparatuaren adibideetan eragin dituen auzi dogmatiko eta prozesal ugariengatik, erantzukizun berri honen aplikazio eremuaren mugapenagatik beragatik eta, azkenik, arlo penalean erantzule deklaratutako pertsona juridikoei aplikatu beharreko zigorrak egoki ezarri behar izateagatik. Bigarrenik, 1/2015 Lege Organikoaren bidez, erregulazioa guztiz irauli eta arreta ipini zuena araudia betetzearen, autoerregulazioaren eta kanpo antolaketaren akatsengatiko erantzukizunaren ideian.

Talde osoak une horretan hasi zuen ikerketak abiapuntu hartu zuen eztabaida politiko-kriminal orokorra, zuzenbide konparatuaren esperientzien ebaluazioa, eta saiatu zen batez ere tresnak sortzen, hobeto aplikatzeko eta garatzeko espainiar legegilearen erabaki politiko-kriminal hori. Ikerketa lan hori ondoren aipatzen diren puntuetan zehaztu da, batzuk jada oso landuak; beste batzuk, aldiz, garapen bidean, etortzeke dauden erreformetan delitu zehatzetan zehaztuko diren erantzukizun esparru berrien zain:

1. Berrikustea pertsona juridikoen erantzukizun penalaren komenigarritasunari eta premia politiko-kriminalari buruzko eztabaida doktrinala (Espainiakoa eta konparatua).

2. Esperientzia konparatuak aztertzea eta ebaluatzea, azken hamarkadetan societas delinquere non potest printzipioa hautsi duten ereduetan.

3. Mugatzea bai pertsona juridikoei dagokien fenomenologia kriminala bai pertsona horien portaerak inkriminatzeari dagokionez (edo instrumentatzeari dagokionez) haien gainean esku-hartze penala zuzenean aplikatzea beharrezkoagoa egiten duten delitu formak, haien erantzukizun kriminala deklaratzen den unetik aurrera

4. Aztertzea pertsona juridikoen erantzukizun penala egoki instrumentatzeari dagokionez sortutako auzi dogmatiko nagusiak; bereziki, aintzat harturik (eta kontrastatuz) 2006tik aurrera Espainiako Zigor Kodearen erreformarako proiektatutako testuek proposatutako erregulazioak.

5. Aztertzea bai erantzuletzat hartutako pertsona juridikoari aplika dakizkiokeen zehapen egokienak bai inplikatutako hirugarrenei eragiten dieten arazoak konpontzeko mekanismo egokiak.

6. Sakontzea pertsona juridikoen zigor erantzukizuna ezartzeko erabaki politiko-kriminalaren ondorio juridiko-prozesaletan.

7. Indultuaren figura aztertzea eta pertsona juridikoek barkamen neurri honetaz baliatzeko duten aukera ikertzea (zigor osoa edo zati bat indargabetuz). 

Horren guztiaren inguruan, taldeak ekarpen ugari egin dizkio Espainiako doktrina penalari, oihartzun handiko aldizkarietan, aplikazio praktiko-penaleko Mementoetan, monografia kolektiboetan (hala nola 2013an Aranzadi argitaletxeak argitaratutako “Responsabilidad penal de las personas jurídicas”) eta indibidualetan (2018an Comares argitaletxeak argitaratutako “La responsabilidad penal de las personas jurídicas en el Código Penal español”). Ugari izan dira ere antolatutako jardunaldiak, formalizatutako transferentzia kontratuak, foroetako partaidetzak, etab. Halaber, nabarmentzekoak dira ere eginiko formakuntza lana eta kalifikazio gorena lortu duen Mª Isabel Trespaderne taldekidearen tesiaren defentsa (“¿Responsabilidad del profesional e irresponsabilidad de la organización sanitaria?”), 1. ikertzaile nagusiak zuzendu eta taldearen ikerketa lerro berri bat ireki zuena. Gaur egun, 2. ikertzaile nagusia zuzentzen ari da nahiko aurreratuta dagoen Ainhoa Menchacaren doktorego tesia (“El aseguramiento de la responsabilidad penal de la persona jurídica”).

Garatzen ari den lerroa, jadanik hasitako lanari jarraipena emateaz gain, honako puntu hauetan oinarritzen da:

1. Betetze programen zentzuaren analisia: salbuesteko duten ahalmena, haien derrigorrezkotasuna, haien eraketa eta nazioarteko egokitzapena.

2. Programa horiekin lotuta, pertsona juridikoen erantzukizunaren objektibazioari eta arlo honetako ebazpen judizialen dibertsitateari buruzko eztabaida.

3. Arlo honen beste azpilerro bati lotuta, erakundearen erantzukizunean oinarritutako ikuspegia, nazioarteko esparruaren perspektibatik, egitura transnazionalen delituak prebenitzeko eta tratatzeko moduari dagokionez. 

 C) Osasun arloko zigor erantzukizuna.

Osasun asistentziako erakundeek arriskua dakarten jarduerak egiten dituzte, asistentzia jardueraren konplexutasunagatik; bestea beste, esku hartzen duen profesional kopuruagatik (talde lana, aldi bereko esku-hartzeak eta elkarren mendekoak), komunikazio egokiak behar duen harreman kopuruagatik, salaketen beldurragatik (osasun arloko profesionalak defentsiban aritzera bultzatzen dituena), asistentzia harremanak ukitzen dituen ondasunengatik, ziurgabetasuna eta tentsioa nagusi diren egoeretan erabaki behar izateagatik, asistentziaren gehiegizko teknikfikazioagatik, profesionalek “burnout”-a pairatzeko aukera handiagoagatik eta arrazionaltasun ekonomikoko irizpideak lehentasunez erabiltzeagatik.          

Ikerketa ugari bat datoz osasungintza arriskuak dituen jarduera gisa definitzean, eta aztergai dituzte haren ondorio kaltegarriak, zati handi batean saihesgarriak direnak.

Hori horrela, ENEAS azterlanaren arabera (Estudio Nacional sobre los Efectos Adversos ligados a la hospitalización), ospitaleratutako pazienteen % 9,3k ondorio kaltegarriren bat nozitzen dute, saihets litekeen ondorioa kasuen ia erdietan.

Bada, kontrako ondorioen zioak aztertzean, errealitate asistentzialaren konplexutasunak agerian jartzen du osasun profesionalaren portaera dela, gertakari kaltegarri baten arrazoi baino gehiago, ondorio, gertakari horretan sistemaren hutsegiteek edo agente kausalek duten garrantzia dela-eta (hala nola protokolo falta edo sistemaren akatsak -alarmak etab.-).  

Osasun arreta desafiotzat har daiteke, honako hauek kontuan izanik:

-         Pazienteek eta erabiltzaileek eskatzen dute osasun sistemarekiko interakzio eta integrazio maila handiagoa; exijitzen dute parte hartzea asistentzia prozesuan eta erabaki administratibo eta klinikoetan, eta gero eta gardentasun handiagoa, ematen zaien informazioan.

-         Osasun profesionalak aktibo nagusia dira, funtsezkoa delako profesional trebeak edukitzea kalitatezko asistentzia eskaintzeko, osasun erakundeek eraginkortasunez erantzuteko eta osasuna babesteko eskubidea ahalbidetzeko. 

-         Aktibo immaterialak kudeatzeko, ezinbestekoa da barne komunikazioa, partaidetzan oinarritutako kudeaketa ereduen bidez: pertsonen garapenera bideratuak, pertsonen ahalegina eta ekarpena baloratuko dituztenak, balioak eta gobernu ona sustatzen duen antolakuntza kultura baten esparruan.

-         Gure osasun sistemaren jasangarritasunak baliabideak behar ditu, tresnak modurik arrazional eta egokienean erabiliko direla bermatzea, biztanleria zahartu baten eskaerei erantzuteko, bizimodu jakin batek —estresa, sedentarismoa, tabakismoa— sortutako gaixotasunei erantzuteko eta osasun erantzukizunaren kostuan gauzatzen den “kalitaterik ezari” aurre egiteko.

Osasun erakundeen erantzukizuna aztertzeko eta ikertzeko interesa sortzen da errealitate hori egiaztatzetik, eta helburutzat du mugatzea, ezbeharra edo akatsa gertatuz gero, bai erantzukizuna ebatziko den arloak bai haien mugapenean parte hartzen duten elementuak, erakunde dimentsioa harturik azterketaren fokutzat. Izan ere, osasun asistentziaren konplexutasunari gehitu behar zaizkio osasungintzan desafio berriak sortzen ari diren aldaketa prozesuak.

Aurreko guztiak ondorio garrantzitsuak ditu arlo juridikoan eta erantzukizunarenean. Ezinbestekoa da berrikustea osasun antolakuntzaren erantzukizunaren irizpideak, premisak eta izaera, eta zehaztu egin behar da osasun profesionalaren erantzukizuna, aintzat harturik zer baldintzatan egiten duen lan.

Eta hori, exijentzia bikoitz batetik: alde batetik, osasun erakundeen eta profesionalen erantzunkidetasunagatik; bestetik, legez exijitu behar zaielako osasun erakundeei kalitatezko asistentzia seguru bat eskaintzea (horretarako, barne antolakuntza jakin bat behar dute, zerbitzu eta antolakuntza arauak eta estandarrak beteko dituena). Laburbilduz, kalitate eta segurtasun klinikoa funtsezkoa bada edozein osasun profesionalaren lanean, funtsezkoa izan behar du ere osasun erakundean.

Bestetik, pertsona juridikoari erantzukizun handiagoa emateko joera ezin daiteke utzi osasun alorretik kanpo. Osasun erakundearen erantzukizuna aitortzearen helburua  ez da profesionalaren erantzukizuna ordeztea (gaur egun, hari egozten zaizkio osasun erantzukizunaren alorreko ia kasu denak); aitzitik, osasun erakundearen barne antolakuntza egokia lagungarri izan daiteke egile indibidualak aurkitu eta zigortzeko probabilitatea areagotzeko. Horrek exijitzen du abiatzea erakunde erantzukizunaren eta osasun profesionalen erantzukizunaren arteko bateragarritasunetik, legez kontrako administratiboen eta legez kontrako penalen arteko continuum zehatzaile baten esparruan. Esparru horretan:

-         Zuzenbide administratibo zehatzailea lehen prebentzio maila batean dago, kontrolik ezan oinarritua; horretarako, osasun administrazioaren ikuskapen zerbitzuek kontrolatu egin behar dute araudietan ezarritako autoerregulazio elementu ugariak betetzen diren ala ez. Nolanahi ere, funtzio hau, orain arte erabili dena argiki zigorgarriak diren ez-betetzeak hautemateko (izaera erreaktibo nabarmena duen esku hartzea), osatu egin beharko litzateke beste zeregin batekin, izaera proaktibokoa. Hori horrela, administrazioari dagokio sustatzea eta erraztea autoerregulazio mekanismoak, eta ez bakarrik ez-betetzeak zigortzea.  Beraz, irtenbidea izan daiteke hainbat neurri eta jarduera garatzea autoerregulazio erregulatua izenekoaren esparruan.

-         Continuum zehatzaile horretan, pertsona juridikoaren erantzukizun penala sor daiteke erakundearen akats larritik. Zigor Kodearen 31 bis 1 artikuluaren 2. paragrafoak aukera ematen du erantzukizun penala egozteko pertsona juridikoari, bere egitateengatik, baldin eta “antolakuntza akats” bat gertatu bada, zigor arloan tipifikatutako erakunde jarduera batean. Erakunde akatsak, pertsona juridikoari erantzukizuna egozteko irizpide gisa, berekin dakar nortasun juridikoko erakundeak barne antolakuntza bat edukitzeko betebeharra, bere barneko delituak prebenitzeko, eta, antolakuntza horretan, funtsezkoa da autoerregulazioa. 5/2010 Lege Organikoak Zigor Kodean eginiko erreformaren ondoren, pertsona juridikoen erantzukizun penalaren modalitateak, oraingoz behintzat, ez du aukerarik ematen erantzun positibo bat emateko osasun erakundeei erantzukizun penala egozteko beharrizan politiko-kriminalei.

Gure ustez, autoerregulazioa berme bat da edozein erakunderentzako erantzukizun eskakizunei begira. Zuzenbide zehatzaileak ezin ditu alde batera utzi enpresak ordenamendu juridikoa betetzeko egin dituen ahaleginak, eta ezin ditu ere modu berean tratatu arduratsu jokatu duten erakundeak eta prebentzioa alde batera utzi dutenak.

Horrek bidea zabaltzen dio justizia errestauratiboa erabiltzeari. Osasun arreta akastun baten ondorioz sortutako kalteak zerikusia izan dezake erakunde “gaixo” deiturikoekin, non sistemaren antolakuntza akatsek aukera ematen duten arduragabekeriazko jokabide profesionalak gerta daitezen, eraginkortasunik gabeko antolakuntza baten isla. Osasun asistentzia akastun batek, kalte bat eragitearen gertakari zehatzetik harago, gizarte harremanak hautsi eta biktima ugari sortzen ditu: pazienteak eta erabiltzaileak, zapuztu egiten direlako asistentzia sanitarioarekiko zituzten itxaropenak; profesional sanitarioak, sortutako kalte baten ondorioak jasaten dituztelako; eta osasun erakundea, pazienteek eta gizarteak oro har harenganako konfiantza galtzen dutelako. Asistentzia gatazka honetan, justizia errestauratiboak protagonismo handiagoa behar du ordaina emateko osasun asistentzia akastun baten biktimari, baina baita delituak hautsitako harreman multzoa lehengoratzeko ere, justizia terapeutiko moduko bat balitz bezala.

Hurbilketa hau are garrantzitsuagoa bilakatzen da ordainsarien justiziak, osasun erantzukizunaren eremuan, ez duelako behar bezala konpontzen heriotza edo lesio batek dakartzan harremanen haustura. Horrela, gatazka errealitate bat da, non elkarren aurkako interesak, jarrerak, balioak, jokabideak eta itxaropenak azaleratzen diren, hobetzeko aukera bat ere izan arren. 

Bitartekaritza eredu ezin hobea da asistentzia akastun batek objektiboki eragindako kalteetarako, eta abantaila handiak ditu inplikatutako guztientzat: lehenik eta behin, kalte handiena izan duen pertsonarentzat -pazientea-; bigarrenik, profesionalarentzat, ez delako haren lana judizializatzen; hirugarrenik, zerbitzu emailearentzat eta aseguratzailearentzat, prozesu judizial luze baten kostu ekonomikoa saihesten dutelako. Osasun administrazioa sinesgarriagoa bihurtzen da erabiltzailearentzat (pazientean oinarritutako kudeaketa), asistentzia kalitatea sustatzeko ere balio duelako, arrisku portaerak ezabatuz eta profesionalen nahiz erakundearen jokabideak aldatuz.

Honako hauek dira gure gaur egungo lan ardatzak:

-           Osasun erakundearen arduragabekeriaren azterketa, kontuan izanik pertsona juridikoen erantzukizun penalaren erregulazioa.

-           Osasun arreta akastun baten kostuaren analisia.

-           Justizia errestauratiboaren tresnen balorazioa, gertakari kaltegarri baten ondorioz sortutako gatazka konpontzean.

Ikertaldeko kide batzuk osasun zientzietatik datozen ikertzaile kualifikatuak izatea (aspalditik Kriminologia Institutuaren jardueretan dabiltzanak) berme bat da alor honetan ondo aritzeko, eta institutuaren nortasun zeinu bat da, alor askotako profesionalek eratutakoa, bai haren egiturari bai hemen ebaluaziora aurkezten den taldearen integrazioari dagokienez, beren ezagutzak eta ahaleginak batzen dituzten profesionalak diziplinarteko erantzunak emateko planteatzen diren arazoei.        

D) Delinkuentzia sozioekonomikoa eta ustelkeria           

Jardun lerro hau, klasikoa ere jada taldearen zereginetan, kokatzen da hainbat taldekide aspalditik egiten ari diren lanean, dagoeneko ikerketa emaitza garrantzitsuak eman dituena (adibidez, De la Mata irakasleak beste ikertzaile batzuekin eginiko lana ekonomiaren eta enpresaren zuzenbide penalari buruz, Dykinson, 2018; horren aurretik, eroskeriari buruzko azken horren lan ugariak, Comares argitaletxearen lehen monografiatik hasi —La respuesta penal a la corrupción pública, 2005— eta ustelkeria politikoari buruzko azken ekarpenetaraino, hainbat doktrina artikuluren bidez). Aurrera begira, lan honek jarraitu egingo du, adibidez, beste ikertalde batzuen proiektuetan parte hartuz; gaur egun, beste unibertsitate batzuekin garatutako sare tematikoetan: “La responsabilidad penal de empresas transnacionales por violaciones a los Derechos humanos y al medio ambiente” (DER2017-85144-C2) eta “Consecuencias de la Gran Recesión de 2008 en el Derecho penal económico: oportunidad y desafío” (DER2017-90667-REDT).

Ustelkeriaren inguruko zigor erregulazio berria hartzen ari den garrantziak gonbidatzen gaitu lan egitera erreforma penalak modu garrantzitsuan eragiten ari diren arlo batean (ustelkeria pribatuaren erantzukizunaren aurreikuspen berria, alderdi politikoen legez kanpoko finantzaketaren penalizazioa, eroskeria eta bidegabeko eralgitze delituen birformulazioa, etab.) eta baita lan espezifikoak egitera ere; hala nola gaur egun zuzendaritza pean dauden doktorego tesiak: “Falsedades en procedimientos concursales” edo “La globalización a examen: retos y respuestas interdisciplinares”. Bestetik, Estatuko eta Europako araudia etengabe aztertzetik (funtzionarioentzako formakuntza ikastaro ugaritan parte hartzen dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, Valentziako Erkidegoan, Madrilgo Erkidegoan, Katalunian eta Balear Uharteetan) emaitza zehatzak lortu dira, liburu kolektiboetan ekarpenak egiteko balio izan dutenak: besteak beste, “Compliance y prevención de delitos de corrupción” eta “Teoría y derecho: el proceso penal al procés”.

Honako hauek dira gaur egungo lanen ardatzak:       

1. Ikertzen jarraitzea Administrazio Publikoaren funtzionamenduan gertatzen diren ustelkeria motak.

2. Esparru sozioekonomikoko delitu figura berrien azterketa.

3. Kriminalitate ekonomikoa sektoreko autoerregulazioarekin eta enpresen jardunbide egokiekin lotzea, araudia betetzearen ideiatik abiatuta.

E) Egiletza eta partaidetza Nazioarteko Zuzenbide Penalean.

Ikerketa lerro honek aztergai du Nazioarteko Zuzenbide Penalaren erronka handienetako bat: ankerkeria krimenak izenekoetan parte hartzen duten pertsona guztien erantzukizun penal indibiduala zehaztea. Genozidio krimenen, gizateriaren aurkako krimenen, gerra krimenen eta eraso krimenen berezko ezaugarriek (zehazki, krimen horiek modu kolektiboan, masiboan eta, kasu askotan, era desantolatuan eta espontaneoan egitea) zailtasun handiak dakartzate jakiteko nor den zehazki arduraduna, zer gertakari zehatzetan eta zer neurritan.

Horregatik, Nazioarteko Zuzenbide Penalak aintzat hartu behar ditu hainbat egiletza eta partaidetza modu, parte hartzaile ugarien actus reus eta mens rea ezaugarrietara egokituko direnak: armak hornitzen dituen enpresaburua, krimena antolatu eta gidatu duen pertsona, krimenak zuzenean egin dituena, etab. Ad hoc auzitegien jurisprudentziak ez bezala, eta kontuan izanik Erromako Estatutuaren 25(3) artikulua eta egitatea menderatzeari buruzko teoria, Nazioarteko Zigor Auzitegiak eredu bereizi bat erabili du, argi eta garbi bereizten dituena egiletza eta parte-hartzea. Ikerketa ildo honen helburua da ikuspegi kritiko batetik aztertzea nola erabiltzen dituen Nazioarteko Zigor Auzitegiak egiletza eta partaidetza motak (zuzeneko egiletza, egilekidetza, bitarteko bidezko egiletza eta bitarteko bidezko egilekidetza), baita Gorenaren Erantzukizunaren figura ere.

Era berean, aztertu nahi da zer eragin duen aplikatutako esku-hartze kriminal zigorgarriak Nazioarteko Zigor Auzitegiak zigorraren inguruan hartutako erabakian, Erromako Estatutuak ez duelako aurreikusten zigorra nahitaez arintzea ekarriko duen partaideentzako zigor mailaketarik, eta auzitegi horren jurisprudentzia zatituta dago egiletza eta partaidetza moduen arteko hierarkiari dagokionez.

Arreta berezia merezi dute nazioarteko krimen “berriek” eragindako egiletza eta partaidetza auziek (hala nola eraso krimenak, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa aktibatu zutena 2018ko uztailaren 17an) edo ekozidio krimena deiturikoa Nazioarteko Zuzenbide Penalean tipifikatzeko aukerak. Bereziki interesgarriak dira, halaber, nazioarteko krimenengatik enpresek duten erantzukizunarekin lotutako egiletza eta partaidetza auziak, edo krimen horiek egiteko arma automatikoen sistemak erabiltzea bezalako fenomenoekin loturikoak.

Azken batean, ikerketa ildo honen bidez, ikertaldeak ekarpenak egin nahi dizkio Nazioarteko Zuzenbide Penala sendotzeko prozesuari, non oraindik funtsezko gaiak eztabaidatzen ari diren: hala nola nahikoa den ala ez balizko doloa Erromako Estatutuaren 30. artikuluaren eskakizunak betetzeko. Benetako espezialistak dituen ikerketa lerroa, gaia landu dutenak bai ikuspegi indibidualetik bai talde ikuspegitik, Sare tematikoetan parte hartuz; adibidez, giza eskubideen urraketengatik eta ingurumenaren aurkako atentatuengatik nazioz gaindiko enpresek duten erantzukizun penala aztertzen duen sarea (DER2017-85144C2).

F) Europako Zuzenbide Penala, Espainiako araudia estatuz gaindiko eskakizunetara egokitzea

Ikerketa ildo hau behin betiko finkatu zen taldean Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “Adaptación del Derecho penal español al Derecho penal europeo” (DER2013-43883-P) proiektua lortzean. Lehenago ere, De la Cuesta eta De la Mata irakasleek landu izan zituzten Europako legedia Estatuko araudian aplikatzeari loturiko gaiak, kriminalitate antolatuari, sexu krimenari eta beste hainbat arlori buruzko lanetan. Proiektuaren garapenak taldea sendotu zuen, gai honetako aditu gisa, eta Espainiako doktrinan erreferentzia den liburu bat argitaratu zen: “Adaptación del Derecho penal español a la Política criminal de la Unión Europea”, 2017an Aranzadik argitaratua. Lan hori gehitu egin zitzaion De la Matak argitaratutako beste bati: “Derecho penal europeo y legislación española: las reformas penales“, 2015ean Tirant lo blanc argitaletxeak argitaratua eta jarraipena eman ziona irakasle horrek zuzendutako cum laude doktorego lan bati: “La armonización del Derecho Penal de la Unión Europea”, 2013an Fernández Ogallarrek defendatua. Alde batera utziko ez den lerro bat da, Espainiako Zigor Kodearen erreforma bakoitzak, 2003az geroztik, zenbait taldekidek beren lanetan nabarmendu bezala, Europako araudia aipatu eta hura aztertzera behartzen duelako, adingabeei, pertsona zaurgarriei, pertsona juridikoei edo delinkuentzia ekonomikoari dagokienez. Izan ere, Europako araudia hainbat alorretan egin beharreko ikerketaren muina da: hala nola pertsona juridikoen erantzukizunaren alorrean salaketa sekretua onartzeari buruzko azken erabakiak, sare informatikoei buruzko araudia, ustelkeriaren aurkako borroka.

Alde horretatik, garatzen diren jardueren ardatzak dira:

1. Europar Batasuneko organoetan gai penalei lotuta sortzen den araudiaren kontrola.

2. Espainiako Zigor Kodearen erreformak, eta, transposizioen bidez, Europako araudiak delitu arlo bakoitzean duen eraginaren azterketa.

3. Gerta daitezkeen hutsuneen, gabezien, inkongruentzien eta gehiegikerien kritika.

G) Adingabeen eta babesa merezi duten zaurgarritasun egoeren tutoretza penala

Talde ikerketako lerro honi esker (taldekide batzuek bere garaian bakarka landu bazuten ere), Industria, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren “La integración social del menor víctima a partir de una tutela penal reforzada” proiektua lortu zen (DER2017-83329-R), eta egitasmo horretan aritu ziren, ikertalde honetako kideez gain, Alacant, Granada edo Errioxako unibertsitateetako zenbait ikerlari. Kontuan izanik aurretik bakarka ikertu ziren hainbat gairen inguruko ikertzaileen kezka (bullying delituak, tratu iraingarriak, integritate moralaren aurkako erasoak eta sexu indarkeria) eta azkenaldian gizartea astindu duten kasuen erabateko gaurkotasuna, erabaki zen batera eta hainbat ikuspegitatik heltzea adingabe biktimaren fenomenoari. Dagoeneko emaitza esanguratsuak izan dituen ikerketa bat da, eta horren erakusgarri dugu, besteak beste, Aranzadi argitaletxeak 2020an argitaratutako “La integración social del/la menor víctima a partir de una tutela penal reforzada” monografia. Monografia horretan bildutako ekarpenek, legegileak alor honen erregulazioari ekiteko moduan arakatzeaz gain, aztergai dituzte gaur arte erabili diren irizpideak erabakitzeko zer adin hartu behar den kontuan adingabea onespena emateko gai den izaki libretzat hartzeko, baita adingabearen biktimizazioaren prozesu osoa ere, delitua egiten denetik hasi eta kondena epaia ematen den arte, baita epaia eman ondorengo uneak ere, erabateko tutoretza ahalbidetu behar duten tresna prozesalak aztertzeko. Nolanahi ere, taldeak jarraitzen du gai hau ikertzen eta lan batzuk amaitzeko zorian daude, hainbat gairi buruzkoak: adingabeen aurkako erasoetan aintzat hartu beharreko alderdiak; adingabearen babesa familia harremanen aurkako delituetan (taldearen etorkizuneko lanean garrantzi berezia izango duen lerroa); auzitegietara heltzen diren biktimen adina egiaztatzen lagun dezakeen errealitate estatistiko judiziala (alde batera utzirik kriminalitate zifra beltza), zehazteko zer jokabidek duten eragina adingabe mota batean edo bestean; beste zaurgarritasun egoera batzuei (dibertsitate funtzionala, adibidez) emandakoaren parekoa den tratamenduaren beharra ala ez. Horiek guztiak taldea konprometituta dagoen lan ildo berriak dira, eta emaitzak berehala lortzea espero da. 

Hori horrela, egungo gizartean hauteman daitezkeen zaurgarritasun egoeren tutoretza ikerketa lerro berri bat da, eta duela gutxi abian jarri den “La tutela penal de personas vulnerables: análisis de realidades criminológicas y propuestas sustantivas de lege data y de lege ferenda” proiektuan (PID2020-116407RB-I00DER) garatuko da. Taldekide batzuek bakarka eta partzialki garatu duten alor bat da (emakumezkoen salerosketa, immigrazioa, adingabeak eta adindunak batik bat). Orain, taldeak egin nahi duena da ikerketa oso bat garatu, honako hauek kontuan hartuko dituena:

1. Azterketa kriminologiko bat, “kolektibo zaurgarriak” izenekoen (zaurgarritasuna eta kolektibo zaurgarriak/zaurgarrituak) tutoretza penal sendo bat ulertu, onartu eta sustatzeko arrazoiena eta justifikazioena.

2. Hurbilketa kritiko bat gizartean nagusi diren “botere sistemetara”, aukera emango duena biktima talde honek nozitutako diskriminazioa ulertzeko.

3. Nazioarteko analisi juridiko bat, nazioz gaindiko eta zuzenbide konparatuko tresnek “kolektibo jakin batzuen zaurgarritasunari” eta “diskriminazioari” ematen dieten tratamenduarena, helburua izanik oinarri juridikoa araudiaren eta jurisprudentziaren mailan zehaztea (arreta berezia jarriz ECHR eta CIDHren jurisprudentzian).

4.   Barne analisi juridiko bat, zuzenbide konparatuari lotua (dogmatikoa eta jurisprudentziala), ordenamendu juridiko-penalaren esparruari erantsi zaion “delituen biktima diren kolektibo zaurgarrien” tratamenduarena, aintzat harturik, alde batetik, delitu bakoitzaren zigor esparrua larriagotzen duten tipo penalak; bestetik, biktimaren zaurgarritasuna elementu nagusitzat jotzen den tipo penalen existentzia, ahaztu gabe ikuspegi orokor batetik Zigor Kodearen 22.4 artikuluko diskriminazioaren larrigarriaren eragina. Honako hauek dira aztergaiak, ekarpen dogmatiko eta jurisprudentzialetatik abiatuta, delituen biktima gisa babes berezia duten kolektibo zaurgarriei dagokienez:

1. Genero indarkeria.

2. Adin arrazoiengatiko kolektibo zaurgarriak (arreta berezia jarriz adindunetan) eta desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten eta babes berezia behar duten subjektuak (aztergai izango dira ere subjektu pasiboa adingabea den delitu tipoak). Ikuspegi horretatik, arreta berezia jarriko da COVID-19aren krisian adindunen egoitzetan izandako tratu txarren kasuetan, pandemiaren lehen olatuan (2020ko martxotik uztailera) Espainiako estatuan adineko pertsonek nozitu zuten babesgabetasuna dela-eta. 

3. Kolektibo zaurgarriek pairatutako hirugarren delitu blokea dagokie egoera administratibo irregularrean dauden immigratzaileen zaurgarritasun faktikoko egoerei, segurtasunaren eta immigrazioaren lerroarekin bat datorren azpilerroa.

4. Aztertu beharreko delitu tipoen laugarren eta azken blokea dagokie gorroto arrazoiengatik pairatutako delitu portaerei (gorroto delituak, gorroto diskurtsoak eta diskriminazioaren larrigarria, haren alderdi guztietan). Analisi jurisprudentzialari dagokionez, bai nazioarteko ikuspegitik bai barne ikuspegitik, helburua da epaien analisirako azterlan enpiriko bat egitea, aukera emango diguna biltzeko kondena epaia jaso duten kasuei buruzko datu kuantitatiboak eta kualitatiboak. Funtsezko elementua izango da, lehenik eta behin, egiazki ezagutzeko hainbat kasu penalei buruzko estatistika, biktima kolektibo zaurgarri batekoa izanik kondena epaiarekin amaitu diren kasuak; bigarrenik, aukera emango digu ere detektatzeko aztergai den tipo penal bakoitza aplikatzearen arazoak; azkenik, nagusi diren kasuak identifikatzeko balioko du.  

5. Ikerketa azpilerro honen bosgarren aztergaia da biktimak prozesu penalean duen babesa delituaren biktimaren estatutuari buruzko 4/2015 Legearen indarraldiaz geroztik, kontuan izanik lege horrek eragin dituen aldaketa handiak.   

6. Seigarren puntu gisa, Biktimologiaren paradigmatik, subjektu zaurgarrien biktimizazioa aztertzen da, arreta berezia jarriz delitua nozitzen duen pertsonaren ondorio pertsonal eta psikopatologikoetan, eta saiatzen gara zehazten zer neurri eraginkor behar diren eraso penala jaso duen pertsonaren asistentzian, tratamenduan eta arretan, arreta jarriz bereziki problematikoak diren kasuetan. 

7. Azkenik, de lege data eta de lege ferenda proposamen zehatzei heltzen zaie.

H) Kirol arloko indarkeria

Kirolean, gizarte osoan bezala, ez dira falta, modu espezifiko batean gainera, era guztietako arazoak: indarkeria, arrazismoa, xenofobia, homofobia, ustelkeria, dopinga, azpikultura “gazteak” (kirol arlokoak), ultren fenomenoa, terrorismoa (batik bat kirol ekitaldi handietan), gazteen esplotazioa (batez ere kirol errendimendu handiko ibilbideetan) eta interes kriminologiko eta penal handia duten beste arazo ugari.

Fenomeno horietako bakoitzak bere zioak, dinamikak eta ondorioak ditu, eta ezinbestekoa da horiek modu espezifikoan eta sakon aztertzea, arriskuen prebentzio eta kudeaketara orientatutako proposamenak egiteko.

Horri dagokionez, orain arte egin dugun lanak bereziki erreparatu dio gizarte kolektibo batzuen zaurgarritasun handiagoari; bereziki, kirol errendimendu altuko testuinguruetan dauden adingabeenari. 2021eko ekainaren 4an onartu egin zen haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko Lege Organikoa, haurren babesean diharduten eragile guztiek aspalditik eskatzen zutena, eta mugarri izango da haurrak errendimendu handiko kirolean babesteko, kapitulu berezi bat jasotzen baitu horri buruz. Hala ere, lege horrek ez dio irtenbiderik eman alor honetako dilema nagusiari: hots, Citius, Altius, Fortius ideal olinpikoak bilatzen duen giza mugen gainditzearen eta adingabeen babesaren arteko oreka zaila.

Gainera, ezin dugu ahaztu kirola bitarteko gisa erabiltzen duten programa batzuen eginkizun potentziala, gizarteratzeko eta jarrera antisozialak prebenitzeko tresna gisa. Bestetik, interes handiko arlotzat dugu askatasunaz gabetutako pertsonak birsozializatzera edo jokabide kriminalak prebenitzera bideratutako kirol programen erabileraren azterketa kriminologikoa, batez ere bazterketa arriskuan dauden kolektiboei zuzendutako programak.

Beraz, kirolean gertatzen diren indarkerien ikuspegi zabala garatuz, jarraitzen dugu sakontzen indarkeria horiek hainbat kolektiborengan dituzten ondorio berezietan, ekitaterik eza eta zuzeneko indarkeria arazoak sortuz, eta saiatzen gara horiek ulertzen eta esku hartzeko estrategiak garatzen. Arlo honetan egin diren azken ekarpenen berrikuspena eta “Cuando el sueño de ser deportista de élite se puede convertir en pesadilla. Análisis crítico de las violencias en torno a los menores deportistas en itinerarios de alto rendimiento y de los mecanismos existentes para su protección” lanean eginiko proposamenak oinarri gisa erabiliko dira lerro honen barruko hurrengo proiektuak lantzeko eta pertsona zaurgarriak kirol alorrean babesteko proposamenak eraikitzeko.

I) Askatasunaz gabetzeko zigorra eta alternatibak

Askatasunaz gabetzeko zigorrari eta haren alternatibei buruzko ikerketak leku bat izan du beti gure ikertaldeko kide esanguratsu batzuen lanean, oro har, eta ikertzaile nagusiarenean, bereziki, eta horren erakusgarri da 1977az geroztik argitaratu diren lanak eta egin diren ekarpenak. Halaber, ikerketa egitasmo ugaritan parte hartu dugu; aipagarrienen artean, heriotza zigorra eta zigor ankerrak indargabetzea xede duen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bikaintasuneko sare akademikoan parte hartzea (RED2018-102823-T).

Gure asmoa da ere arreta berezia jartzea honako aztergai hauetan: askatasunaz gabetzeko iraupen luzeko zigorren azterketa xehatua, espetxealdi iraunkor berrikusgarria, haren substratu konstituzionala, zuzenbide konparatuaren analisia, haren oinarri juridiko-penalekiko hurbilketa eta zigorren helburuekiko bateragarritasunaren azterketa (prebentzio orokorra eta berezia).

Ezin dugu aipatu gabe utzi espetxe arloko transferentziak espetxe betearazpenari dagokionez sortuko duen aukera.

Aldi honetan, jarduera nagusiak izango dira:

1. Berrikustea espetxe zigorraren zehapen alternatiboen komenigarritasun eta behar politiko-kriminalari buruzko eztabaida doktrinala (Espainiakoa eta konparatua).

2. Esperientzia konparatuen analisia eta ebaluazioa, alternatiba modura horren larriak ez diren ondorio juridikoen alde egiten duten ereduetan.

3. Fenomenologia kriminalaren mugapena, baita gaizkile tipologiena ere, zigor sistema alternatibo bat bideragarria izan daitekeen kasuetan.

4. Kasu bakoitzean aplika daitezkeen aukera zehatz egokienen azterketa.

5. Espetxe zigorraren ordezkoa izango den zehapen sistema baten ondorio juridiko-prozesaletan sakontzea.

6. Horrekin batera, eta batez ere 5/2010 Lege Organikoak zehapenen eta segurtasun neurrien arloan sartu zituen erreformen ondorioz, aztertu nahi dira ondorio juridiko berriek izan dituzten eta aurrerantzean ere izango dituzten eragin juridiko-penalak, prozesalak, kriminologikoak, biktimologikoak eta politiko-kriminalak (zaintzapeko askatasuna, lokalizazio iraunkorreko zigorraren erreforma, gizartearentzako lanak, zigorrak etetea eta ordeztea, isun zigorra, zaintzapeko askatasuna eta atzerritarra kanporatzea, besteak beste).

7. Arreta jarriko da ere pertsona juridikoen erantzukizun penalarentzat aurreikusitako ondorio juridikoetan eta arlo horrek administrazio-zuzenbide zehatzailearekin duen loturan.

8. Halaber, espetxe transferentzia berria dela-eta, espetxe betearazpeneko politikan eta erregulazio berriaren inplementazioan, hainbat eremutan arbitratu beharko dena.

9. Aurrekoa oinarritzat harturik, arlo honetan garatu beharreko ikerketak arreta berezia jarriko du adingabe delitugileekiko esku-hartzearen gai problematiko espezifikoen azterketan; hala nola adingabe migratzaile arau-hausleak, atzerritartasun araudiaren eragin bereziki kaltegarria izan dezaketenak.

10. Azkenik, aztergai izango da ere kasu askotan beren egoeraren benetako biktima den kolektibo honi lotutako kriminalitate modernoa: adingabeen trafikoa, adingabeen sexu eta lan esplotazioa, behar bezala babestu gabeko immigrazioa bultzatzea, delinkuentzia antolatuaren bidez bereziki. Eta aztertu egingo da ere aurreikusitako zigorrak egokitzen diren “sozialki” hautematen ez diren edo neurri txikiagoan hautematen diren delinkuentzia eremuetara, edota “itxuraz” gizartean integratuta dauden pertsonei dagokienez. Azkenik, lehentasuna izango du ere espetxean dauden kolektibo jakin batzuen tratamenduak (adibidez, haurdun dauden emakumeak).