GICCASren (Krimen Zientzietako Ikertaldea) ikerketa lerroak
IV. BIKTIMEN JUSTIZIA ETA JUSTIZIA ERRESTAURATIBOA.
Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC/KREI) biktimen justizia eta justizia errestauratiboa izeneko ikerketa lerroa garatzen ari da Antonio Beristain Ipiña fundatzaileak bere lehen lanak egin zituenetik, eta zentzu horretan aitzindaria izan da Espainian eta gainerako herrialdeetan.
Ikerketaren eta prestakuntzaren eremuan, biktimizazio terrorista ez ezik, beste delitu mota askoren ondoriozko biktimizazioa ere jorratzen da, Estatuko eta nazioarteko sareetan parte hartuta; besteak beste, sexu indarkeriaren ondoriozkoa (besteak beste “Abusos sexuales en la Iglesia: La quimera del silencio de las víctimas” argitaratu da, Iglesia Viva aldizkarian (2019)) eta ingurumen delituen ondoriozkoa (besteak beste Victimidad y violencia medioambiental y contra los animales: Retos de la Victimología verde (2020) argitaratu da).
“Torturen ondoriozko biktimizazioa” jorratzen duen ikerketa ere finkatu da ikerketa lerro honen eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC/KREI) esparruan. 2017aren amaieran aurkeztu ziren “Euskal Autonomia Erkidegoko 1960tik 2014ra bitarteko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua” izenekoaren emaitzak, eta ordutik, helburu nagusia izan da motibazio politikoko indarkeria testuinguruko torturen eta tratu txarren salaketei buruzko datuak biltzea. Horretarako, 1960an hasi eta ia gaur egunera iristen diren espedienteen errolda egin da. Espedienteak betetzeko datuak biltzeko, oinarrizko bi tresna metodologiko erabili dira. Alde batetik, aztertutako kasuak hartuta, pertsona interesdunei egindako elkarrizketa pertsonalak, eta bestetik, bideo eta audio bidezko testigantzak, datu basean jaso beharreko informazio guztia betetzeko.
Aipaturiko errolda prestatu, bete eta eguneratzeko lanarekin batera, proiektuaren inguruan sortu diren oinarrizko bi beharrei erantzuten aritu da egungo ikertaldea, Pérez Machío eta Pego Otero doktoreak buru dituela. Lehenik eta behin, txostenaren emaitzak zabaltzeko eskatu dute giza eskubideen defentsarekin lotura duten zenbait eragilek eta sektorek, eta eskaera horiei erantzuten jardun da ikertaldea; eta bigarrenik, 12/2016 Legean, uztailaren 28koan, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoan aipatzen den Biktimen Balorazio Batzordeak adierazitako beharrei erantzuten jardun da.
Lehenengo eskariari dagokionez, ikertalde honek etengabeko arreta eta laguntza eman die 2017. urteaz geroztik harremanetan jarri diren talde eta pertsona guztiei. Harreman horien ondorioz, alde batetik, errolda betetzen jardun da ikertaldea, eta bestetik, proiektuaren helburuei buruzko aholkularitza eta informazioa ematen, etengabe. Gainera, giza eskubideekin lotura duten eragileek eta sektoreek bultzatutako ekintzetan parte hartu dute ikertaldeko kide guztiek, bi helbururekin: batetik, proiektuaren berri ematea, biktima potentzial guztiek ezagut dezaten eta errolda bat egin dadin, gutxi gorabehera behin betikoa, eta bestetik, gaiaren egoera ezagutaraztea, bai eta Eusko Jaurlaritza biktimen kolektibo hori aitortzeko gauzatzen ari den prozedura ezagutaraztea ere.
Aipatutako bigarren beharrizanari dagokionez, zuzenean lotuta oraintxe aipatu dugunarekin, ikertalde honen eginkizunetako bat da, duen posizioagatik eta informazioagatik, 12/2016 Legean, uztailaren 28koan, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoan (“Polizia abusuen biktimen legea” ere esaten zaio) aipatzen den Biktimen Balorazio Batzordeak adierazitako premiei erantzutea. Ikertalde honek arlo horretan egiten duen “laguntza” lana funtsezkoa da batzorde horren zereginak behar bezala garatzeko, eta lau urte hauetan garatu beharreko funtsezko helburuetako bat da.
Giza eskubideak aintzat hartzea proposatzen jarraituko dugu esparru horretan, kontuan hartuta eskubide horiek zatiezinak eta elkarren menpekoak direla, eta kalterik egin gabe Zuzenbideak aintzat hartu beharreko tentsio potentzialei, eskubide horien arteko oreka aukerak eskaintzen dituen bitartean, errespetuz. Horixe da gaur egungo biktimologiaren ikuspegia; izan ere, biktima izatea ez da hartzen ezaugarri identitario gisa, baizik eta egoera gisa, eta prebentzio eta erreparazio betebehar batzuk dakartza horrek, biktimei eta gizarteari begira. Biktimen, arau hausleen eta delitu egileetatik gertu dagoen komunitatearen edo gizataldearen beharrak eta eskubideak aintzat hartzeko sortu zen justizia errestauratiboa. Delituaren kausak eta ondorioak direla eta kalteak jasan dituzten harremanak dira delinkuentzia. Eta “harremanak” diogunean, elkarrekiko eta gizartearekiko betebeharrak eta erantzukizunak daudela azpimarratu nahi dugu. Ikuspegi errestauratibo batetik, biktimen beharretan hasten da justizia, arau hauslea atxilotua izan den ala ez. Biktimaren Estatutuak halaxe jasotzen du gaur egun, eta eskubideak onartzen ditu, biktimaren edo arau hauslearen egoera prozesala edozein dela ere. Biktimen behar nagusietako bat da jasandako kaltearen erreparazio materiala eta sinbolikoa –batzuetan, arau hausleek ere egin behar dute hori–. Zenbait kalte konponezinak diren arren, justizia errestauratiboak katalizatzaile eta/edo elkargune bat eskain dezake, behar, erantzukizun eta itxaropen horiek aztertzeko eta banatzeko, hala badagokio, justizia penal klasikoaren osagarri gisa. Kaltea erreparatzeak beti dakar berekin kaltea prebenitzeko interesa, eta horretarako, faktore sozioestrukturalak eta pertsonalak ulertu behar dira.
Ikerketa azpilerro hauek azpimarratu ditzakegu:
A) Terrorismoaren biktimak
1. La ampliación del eco social de la justicia restaurativa (Justizia errestauratiboaren oihartzun soziala areagotzea) ikerketa proiektua egingo da. Azken urteotan, biktimizazio terroristaren inguruko ikuspegi errestauratiboak aztertu ditugu. Eta azpimarratu dugu beharrezkoa dela justizia errestauratiboari ikuspegi zabalagoa ematea, banakako edo pertsonen arteko ikuspegi terapeutiko hutsetik haratago. Hala ere, dimentsio horretatik abia daiteke, eta aztertu zer lotura duten erreparazioaren (healing) kontzeptu ez-mendebaldarrak eta zenbait gai holistikok edo integratzailek, lotuta alderdi sozialarekin, eta horrenbestez, biktimizazioa ahalbidetu zuten baldintzen elementu meso/makro eraldatzaileekin, prebentzioaren mesedetan. 2021, 2022 eta 2023an, proiektu errestauratiboen eragin soziala eskalatzeko aukeretan eta metodologietan sakondu nahi da; hau da, proiektu horien meso eta makro alderdiak aztertu nahi dira, mikro alderditik haratago (pertsonala edo pertsonen artekoa da mikro alderdia), eta justizia errestauratiboa zuzentzen duten nazioarteko estandarren izaera komunitarioa nabarmendu (Nazio Batuak, 2020), kontuan hartuta estandar horiek agian gehiago nabari direla errestaurazioaren inguruko zirkuluetan eta hitzaldietan. Aldi berean, erronka handia da esku hartze pertsonalizatu gisa aurkezten denaren oihartzun soziala aintzat hartzea, eta banakako eta taldeko emozioei eragiten die, baina egindako bileren konfidentzialtasuna babestuz betiere. Zentzu horretan, justizia trantsizionalarekin alderatuta (goitik beherako norabidean jarduten du gehiago), eragin eraldatzaile ukigarria zein ukiezina izango duen mikro esku hartzea egin nahi du justizia errestauratiboak, eskala eta denbora desberdinetan. Gainera, urteetan hainbat proiektu martxan jarri ondoren, nahiz eta marjinalak izan, gizartean eta kultura juridikoan izan duten eragina baloratu behar da, zentzu zabalean.
2. Justizia errestauratiboko praktika konparatuak ezarri nahi dira indarkeria politikoan eta terrorismoan, Errestaurazio Topaketen nazioarteko sarearen bidez. IVAC/KREIk sortu zuen sare hori 2019an, eta urtero topaketak egiten jarraitzen du, hainbat herrialdetan indarkeria politikoaren eta terrorismoaren inguruko errestaurazio topaketetan parte hartu duten pertsonekin. 2022an, Donostian egingo den Biktimologiaren Nazioarteko Sinposioan, xehetasun handiagoz emango da ekimenaren berri.
B) Torturaren eta botere abusuen ondoriozko biktimizazioa
Arestian aipatutakoaren ildotik, ikerketa lerro hau sendotzen ari da IVAC/KREIn, eta, proiektuaren helburu nagusia biktimen errolda eguneratzea bada ere, helburu espezifiko hauek planteatzen dira hurrengo lau urteetarako:
Lehenik eta behin, 12/2016 Legean, uztailaren 28koan, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoan aipatzen den Biktimen Balorazio Batzordeak adierazitako beharrei erantzun behar zaie. Balorazio Batzordeari eskainitako aholkularitza, laguntza eta lankidetza horretan, 2020ko erdialdetik proiektuaren ardura eta lidergoa beren gain hartu duten bi ikertzaile nagusiak (Pego Otero eta Pérez Machío doktoreak) dira helburu espezifiko horretan zuzenean inplikatuta daudenak. Funtsean, Balorazio Batzordeari informazioa eta dokumentazioa eman beharko zaio, bere baitan eztabaidatu beharreko kasuak ebazteko behar duen neurrian.
Bigarrenik, torturaren eta tratu txarren biktimen premiak aztertu behar dira, baita haien eskaera eta aldarrikapen instituzionalak ere. Izan ere, hau bezalako proiektu bat, balizko torturak eta tratu txarrak identifikatzea helburu duena, ezin da datu kuantitatibo eta kualitatibo hutsera mugatu, eta erdigunean jarri behar ditu biktima eta haren eskari zehatzak. Ikertalde honen helburu espezifikoa da biktima kolektibo horren aldarrikapenak, eskaerak eta beharrak ezagutzea erakundeen ikuspegitik, horiek ezagutzeko ez ezik, baita justizia, egia eta erreparazioa aitortzeko politika eta proposamen egokiak egiteko ere.
12/2016 Legea, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa dela eta abiatutako prozedurak ez du agortzen erakundeen erantzuna, kontuan hartuta biktima guztiek ez dutela nahi izango eta ezin izango dutela halakorik baliatu. Ikuspegi horretatik, beharrezkoa da erakundeek politika publikoak garatzea, erreparazio ekonomikoaren bidez ez ezik, ikuspegi sinboliko batetik ere erantzun ahal izateko, eta, azken batean, horrelako jokabideak errepikatu daitezen saihesteko.
Horretarako, lehen azterketa bat egin beharko da, legearen aplikazio eremu subjektiboari lotuta; hau da, juridikoki aztertu beharko da zer pertsona balia daitezkeen legeaz, eta ondoren, aipatutako eskaerak eta aldarrikapenak ezagutuko dira.
Legearen eremu subjektibo hori zehazteko, “biktima” kontzeptuaren aplikazio eremu estentsiboa zehaztu beharko da kontzeptuaren zein doktrinaren ikuspegitik, eta, horrela, legearen espirituarekin bat ez datozen interpretazio estentsiboak saihestuko dira.
Torturaren eta tratu txarren biktimen eskariak aztertzeari dagokionez, biktimen errolda osatzen duten espedienteetan jasotako datuak erabiliko dira, informazio hori txertatzeko. Horretarako, informazio hori jasoko da bai biktimekin izandako elkarrizketan, bai grabatutako elkarrizketetan, eta gero, ikertalde honek aztertu egingo du.
Informazio hori baliagarria izango da jakiteko zein den erakundeek biktimen kolektibo horri eman diezaiokeen erantzunik onena, bai eta biktima horiek erakundeetatik jasotako tratuan “biktimizazio sekundarioa” saihesteko eta etorkizunean horrelako jokabideak prebenitzen saiatzeko ere.
Biktimen kolektibo horren beharrak, aldarrikapenak eta eskaerak aztertzea baliagarria izango da aipatutako helburuak dituzten politika publikoak eta biktimen politikak proposatzeko.
Hirugarrenik, espetxeetan tortura eta tratu txarrak prebenitzea ardatz duen ikerketa lerroa proposatzen da.
Ikusirik 2021eko martxoan Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuela Euskadin dauden hiru espetxeen kudeaketa, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin egindako akordioaren ondoren, ikertalde honen beste helburu espezifiko bat da eskumen hori garatzea Euskadin, torturen eta tratu txarren baliokide den edozein jokabide mota prebenitzeko ahaleginean.
Horretarako, espetxeak giza eskubideen ikuspegitik kudeatzeko proposamen bat egin beharko da, helburu nagusitzat hartuta presoen eskubideak aitortzea, bai eta espetxeetako langileak giza eskubideen arloan prestatzea eta gaitzea ere.
Horretarako, lerro horren lehen ikerketa estrategiak markatzen hastea proposatzen da. Ikuspegi horretatik, lehen helburua izango da Kataluniako errealitatera hurbiltzea, espetxeen arloko jardunbide egokien eredu eta erreferente gisa har daitekeelako, giza eskubideen errespetuan eta torturaren eta tratu txarren debekuan oinarrituta.
Lerro berri horretan, azkenik, diziplina anitzeko ikuspegitik aztertuko da tortura delituaren pertzepzio soziologikoa eta juridiko-penala, Pérez Méndez doktoregaiak ziurrenik ere bi urteko gehieneko epean bukatuko duen doktorego tesiari esker (Pérez Machío eta Aldaz Aguirre irakasleek zuzendutako tesia).
C) Sexu indarkeria erakundeetan.
Arreta berezia jarrita biktima adingabeengan, baina baita genero ikuspegian ere, eta testuinguru instituzionaletako lantaldean parte hartuz, Justizia Errestauratiboaren Europako Foroaren barruan, prebentzio eta erreparazio eskuliburu bat idatzi eta argitaratuko da datozen urteetan. Espainiako zenbait unibertsitaterekin koordinatuta garatu den testuinguru instituzionaletako sexu abusuei buruzko proiektuaren emaitzekin bat etorriko da eskuliburu hori, barnean hartuta erlijio, kirol, aisialdi, lan eta bestelako testuinguruak.
D) Etxeko eta generoari lotutako biktimizazioa.
Etxeko eta generoari lotutako biktimizazioak taldeko zenbait kideren arreta erakarri du jada. Hala ere, duen garrantziagatik eta gaurkotasunagatik, oso beharrezkoa da fenomeno hori aztertu, ikertu eta jarraipena egitea, benetan eraginkorrak izan daitezkeen politika kriminaleko proposamenak egiteko. Eremu horretan, gaia jorratzen jarraitzen du taldeak, baina arreta bi kolektibotan jarriz: batetik, adinekoengan, eta bestetik, egoera irregularrean dauden emakume etorkinengan, delituen subjektu pasibo edo biktima gisa. Bi-biak dira bereziki aztertu beharreko fenomenoak. Lehena, gizartearen gaur egungo bilakaeragatik; izan ere, jaiotza tasak nabarmen jaitsi dira, eta adinekoen kopurua masiboki handituko da. Panorama horri egungo krisi ekonomikoa eta kolektibo horren kalteberatasuna gehitzen badizkiogu, larriagotu egin daitezke delitu fenomenoak, eta sakonki tratatu eta aztertu beharko da gaia, prebentzio, tratamendu, laguntza eta babes politikak garatzeko biktimen kolektibo horri begira, kontuan hartuta orain arte ez dela batere ezezaguna izan maila juridiko, kriminologiko eta biktimologikoan. Egoera irregularrean dauden emakume etorkinen biktimizazioari dagokionez, haren konplexutasunetik, jardueratik eta larritasunetik dator aztertzeko interesa, migrazio luxuen bilakaerak eta horien inguruko politika publiko murriztaileek eraginda.
Hauek dira etxeko eta generoari lotutako biktimizazioan proiektatutako jarduerak:
1. Etxeko indarkeriaren eta genero indarkeriaren biktimak tratatzeko politika publiko orokorren alderdi espezifikoak ebaluatzea.
2. Adinekoei emandako tratu txarren azterketa juridiko, kriminologiko eta biktimologikoa egitea, arreta berezia jarrita erantzun biktimologikoetan eta politika kriminaleko proposamenetan.
3. Ikuspegi penal, kriminologiko eta politiko kriminaletik aztertzea 1/2004 Lege Organikoak emakume etorkin biktimari ematen dion tratamendua, arreta berezia jarriz honako hauei:
- atzerritarrei buruzko araudiaren eragina haien babes, tratamendu eta laguntza zehatzean,
- emakume etorkinen biktimizazioa eragiten duten delitu tipologien errealitate kriminologikoen azterketa,
- genero ikuspegiaren eragina aurreikusitako erantzunetan,
- emakume etorkin arau hauslearen espetxe tratamendua.
E) Biktimologia berdea eta kalte soziala
Estatuko eta atzerriko unibertsitateen arteko lankidetza proiektu baten barruan, lanean jarraituko dugu ingurumenaren aurkako delituei eta justizia errestauratiboaren eta justizia ekologikoaren aukerei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatibo gehiago emateko, bai eta kalte ekologikoaren balorazioa eta erreparazioa egiteko eta ingurumena eta animaliak biktimatzat hartzeko ere (kategoria desberdinetan), biktimologia berdea deritzonaren eta 2030 Agendaren lehentasunen ildotik. Horretarako, sareko lana bultzatu da gai horietan espezializatutako erakundeekin, bai ekologiaren arloan, bai animalien ongizatearen arloan.