inf_aspectos-penales-delincuencia-juvenil

GICCAS - Krimen Zientzietako Ikertaldearen ikerketa lerroak

 

II. GAZTEEN ETA ADINGABEEN DELINKUENTZIAREN ALDERDI PENALAK, KRIMINOLOGIKOAK ETA BIKTIMOLOGIKOAK.

Gure ikertaldearen arretaguneak dira esku hartze sistemen azterketa, zigor aplikagarriak, sistema prozesalak, esku hartze judiziala saihesteko bideak, zigorrak betearaztea eta adingabeen eta gazteen delinkuentziaren biktimei emandako arreta. Ikuspegi teknikotik eta juridikotik ez ezik, kriminologikotik eta biktimologikotik ere jarduten gara arlo horietan, bai eta adingabe delitugileengan esku hartzeko eredu konparatuen ikuspegitik ere. Horrez gain, 5/2000 Lege Organikoak, urtarrilaren 12koak, adingabeen erantzukizun penala arautzen duenak bi hamarkada daramatza indarrean, eta haren aplikazioaren ebaluazioa egiten dihardu ikertalde honek. Zentzu horretan, ikertzaile nagusiak eta Pérez Machío doktoreak dagoeneko aurreratu dituzten zenbait ondorio haien argitalpenetan (JL de la Cuesta, in Kriminologie und Kriminalpolitik im Dienste der Menschenwürde: Festschrift für Frieder Dünkel zum 70. Geburtstag, 2020, 567-584; gaztelaniaz ere argitaratua Criminalia aldizkarian, 2021, 269-284; A.I. Pérez Machío, “La Ley Orgánica 5/2000, de responsabilidad penal de los menores 20 años después: la delgada línea entre el derecho penal de adultos y el de menores”, 2020, 109-120). Eta adingabeen eta gazteen errealitatera egokitutako proposamen politiko kriminalak eta esku hartzekoak egitea ere badu helburu ikertalde honek, betiere adingabearen interes gorenari begira. Aztergai dugun printzipio hori “bidegurutzean” dago etengabe, eta gure taldeak jada egin ditu zenbait ekarpen (besteak beste, A.I. Pérez Machío/R. Pérez Méndez, La integración social del/la menor víctima a partir de la tutela penal reforzada, 2020, 547-600; eta V. Mayordomo, Estudios Penales y Criminológicos aldizkarian, 2020, 835-864).

Adingabeez dihardugula, gure ikertaldean interes berezia merezi du, eta pizten du, etorkin adingabe arau hausleen arazoak; izan ere, atzerritarrei buruzko araudiak kontrako eragina du haiengan. Gainera, arau hausteak egin izateaz gain, fenomeno kriminal larrien biktima izaten dira askotan gazte horiek (pertsonen trafikoa, edo sexu eta lan esplotazioa, adibidez), eta, kasu horietan, bereziki garrantzitsua da kriminalitate antolatuaren protagonismoa eta eragina; izan ere, globalizazioak, mundializazioak eta migrazio fluxuen gorakadak eraginda, arau hausleak ez ezik, biktimak ere badira askotan adingabe horiek, eta batetik bestera ibiltzen dira, eskean, prostituzioan, estupefazienteen trafikoan, eta ebasketa eta lapurreta txikiak egiten, estatu batean legez kanpo sartzen lagundu zieten pertsonekin duten zorra ordaindu ahal izateko. Delinkuentzia antolatuaren eta pertsonen (kasu honetan, adingabeen) salerosketaren fenomenoa da hori.

Horregatik, ikusirik kolektibo horrek bizi duen kalteberatasun bereziko egoera, bi hauek dira ikertalde honen lehentasunezko azterketa helburuak: batetik, horrelako portaerak desagerrarazteko politika publikoak aztertzea, eremu juridiko-penalean eta, zehatzago esanda, Zigor Kodean kokatuta, modu kualifikatuan zigortzeko adingabeen salerosketan jardun eta gero gazte horiek prostituzioan, drogen munduan edo delinkuentzia arruntean sartzen dituzten pertsonen jokabideak; eta bestetik, “de lege ferenda” proposamenak lantzea, adingabearen interes gorenaren printzipioan oinarrituta.

Ikuspegi beretik, azpimarragarria da Estatuko Fiskaltza Nagusiaren urteko zenbait memoriatan etorkin adingabe arau hausleen delinkuentziari buruz adierazten dena. Hain zuzen ere, lehen hurbilketa batean erraz ikus daiteke Fiskaltzak zuzenean lotzen dituela adingabe atzerritarrek egindako delituak eta familiaren kontrolik ezak eragindako arrisku sozialeko egoera, ingurune marjinala, eskolara ez egokitzea, substantzia toxikoen kontsumoa edo jokabide nahasmenduak (Estatuko Fiskaltza Nagusia, 2012: 939). Fiskaltzaren esanetan, erkidegoek gero eta baliabide gutxiago dituzte adingabeak babesteko, horrek ezinegona sortzen du gizartean, eta gainera, adingabe horiek bizirauteko modu gisa delinkuentziara eta marjinaltasunera jotzeko arrisku potentziala dago (Estatuko Fiskaltza Nagusia, 2019: 914).

Era horretako interpretazioen azpian dagoen paradigma aktuarialak bigarren mailan uzten du adingabearen interes gorenaren printzipioa, eta paradigma horren azterketa ere lehentasunezko aztergaia da GICCAS taldeko ikertzaileentzat. Kasu horretan, azken helburua izango litzateke gai hau aztertzea pentsamendu kritikoaren ekarpenetan oinarrituta, eta, horrez gain, ekarpenak egitea, ikuspegi juridikotik eta kriminologikotik joera aktuarial eta gerentzialista hori gainditzen saiatzeko, eta adingabeen erantzukizun penalari buruzko araudiaren filosofia zigortzaile-hezitzailearekin bat datozen erantzun juridikoak lortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziaren Plana ebaluatzeko Gobernuaren aginduak CRIM-AP taldera bideratu ondoren, alderdi problematikoenak dira ikerketa lerro horren gaur egungo arretagunea, politika kriminaleko proposamenak eta hobekuntzako esku hartze espezifikoak behar diren heinean. Zentzu horretan, eta politika kriminalaren arloan etengabeko eztabaida iturri diren adingabe delitugileei buruzko beste gai batzuk alde batera utzi gabe (esku hartzeko ereduak, adin mugak, erdi-helduen tratamendua, neurri aplikagarriak, esku hartzen duten organoen espezializazioa, biktimen presentzia eta protagonismoa, etab.), etorkin adingabe arau hausleekin egin beharreko esku hartzearen arazoa nabarmentzen da panorama orokorraren azterketa soil bat eginda. Horrenbeste migrazio mugimendu eragiten dituen globalizazioaren biktima dira askotan gazte horiek. Estatuek ez dute mugimendu horiek murrizteko eta kontrolatzeko ahalmenik, eta, kriminalitate antolatuaren aurka borrokatzeko asmoz, hainbat administrazio arau eta erregulazio sortzen dituzte –baita penalak ere–, baina azkenean, berriro biktimizatzen dituzte jada beste delitu batzuen (pertsonen trafikoa, sexu eta lan esplotazioa eta abar) biktima izan diren adingabeak. Eta adingabe horien problematika puri-purian dago, eta bereziki konplexua da, inoren kargura ez dauden atzerritar adingabeen fenomenoarekin eta horren inguruan esku hartzeko modu eraginkorrekin gurutzatzen eta gainjartzen delako. Hori dela eta, ikuspegi juridikotik zein kriminologikotik aztertu beharko da gaia, eta epe laburrean eta ertainean, honako hauek izango dira ikerketa jarduerak:

1. Ikuspegi kriminologikotik, etorkin adingabeen delinkuentziaren ezaugarriak eta datu nagusiak definitzea eta deskribatzea, adinaren, erasoen garrantziaren, delitu moten, sortutako biktimizazioaren eta abarren arabera bereizita.

2. Etorkin adingabeen egoerari lotutako delitu fenomenoak berrikustea eta aztertzea doktrinaren zein jurisprudentziaren ikuspegitik: pertsonen trafikoa, pertsonen salerosketa, sexu erasoak eta abusuak, gazte banden delinkuentzia, etab.

3. Aurreko guztian oinarrituta, etorkin adingabe arau hauslea/etorkin adingabe biktima binomioa aztertzea, arestian aipatu ditugun delituzko jokabideei lotuta.

4. Nazioartean eta  zuzenbide konparatuaren ikuspegitik etorkin adingabe arau hausleei dagokienez garatutako zigor neurriak aztertzea, horiekin lotutako legez kanpoko eraso garrantzitsuenak definitzeko eta deskribatzeko.

5. Legedi penalaren eta prozesalaren egokitasuna, Justizia Administrazioaren eraginkortasuna eta politika kriminalaren, gizarte politikaren eta herritarren eskaeren arteko elkarreragina ebaluatzea.

6. Administrazio araudiak horrelako gaietan duen eragina aztertzea.

7. Eta azken helburu gisa, delitu fenomeno horiei aurre egiteko prebentzio jarraibideak zehaztea, teknikoki eta juridikoki bideragarriak izateko eran.