Lehen Sorospen Jardunaldiak
Ikasleen artean kolaboratuz ikasiz
Medikuntzako Ikasleen Elkarteko ikasleek lehen sorospenei buruzko jardunaldiak eskaini dizkiete azken ikasturteotan beste gradu batzuetako ikasleei eta UPV/EHUko langileei, larrialdi egoera batean nola jokatu ikas dezaten.
Jardunaldi horien lehen zatian, lehen sorospenekin lotutako kontzeptu teorikoak irakatsi eta larrialdietarako hurbilketa bat egiten da. Alderdi hauen gaineko edukiak lantzen dira: Bihotz-biriketako bizkortzea, kontusioak, zauriak, erredura kimikoak eta eztarriko trabatzeak, konbultsioak eta sinkopeak.
Azalpenen ondoren, praktikak egiten dira Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak utzitako panpinekin, hau da, bihotz-biriketako bizkortze saiakuntzak eta bestelako ariketak egiten dira, ikasteko nola jokatu larrialdi egoera batean.
Jardunaldia amaitzean, parte hartzaile guztiek ebaluatzen dituzte jardunaldiak galde-sorta baten bidez eta hobetu litezkeen alderdiak proposa ditzakete. Ekimen hori beti jotzen dute oso positibotzat jardunaldiak ematen dituzten ikasleek ––baita jardunaldietara bertaratuek ere ––, uste baitute herritarrek lehen sorospenei buruzko oinarrizko ezagutza batzuk izatea oso garrantzitsua dela. Azpimarratzekoa da jardunaldi horiek oso baliagarriak direla hezkuntzako ikasleentzat, aurrerago haurrekin lan egingo duten profesionalak dira eta.
Boluntariotza autogestionatuari buruzko jarduera hau 2013/2014 ikasturtean garatu zen lehen aldiz eta Hezkuntza Fakultatean eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean antolatu zen. Tailerrak Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak babestuta daude.
Antzeko ekimen batekin bat egin nahi eta zeure boluntariotza programa bat eskaini nahi baduzu, bidal iezaguzu zure iradokizuna, praktikan jartzen aholkatu eta lagundu ahal dizugu.