FORMACION-LINGUISTICA-PARA-PERSONAS-REFUGIADAS-2018-2019

Errefuxiatuentzako online bidezko hizkuntza prestakuntzarako laguntza

Hautazko kredituen onarpena UPV/EHUko ikasleentzat

Boluntariotza autogestionatuaren proiektua 2018/2019 ikasturtean, errefuxiatuentzako hizkuntza prestakuntzarako. Europar Batzordearen Online Linguistic Support (OLS, apoyo lingüístico en línea) for refugees ekimenaren barruan dago.

2017/2018 ikasturtean, asilo eskatzaile eta nazioarteko babesaren onuradunentzat gaztelania ikasteko online prestakuntzan laguntza emateko boluntariotza proiektuak izandako arrakasta ikusita, UPV/EHUk jarraipena eman nahi dio esperientzia horri eta hizkuntzak ikasteko 15 lizentzia eman nahi ditu asilo eskatzaile eta nazioarteko babesaren onuradunentzat.

Online prestakuntza hori Europar Batzordearen Online Linguistic Support (OLS, apoyo lingüístico en línea) for refugees ekimenaren barruan dago. Ekimen horren bidez, laguntza eman nahi zaie Europar Batasuneko estatu kideei, errefuxiatuen egungo krisiak eragindako migranteak bere hezkuntza eta prestakuntza sisteman integratzeko eta pertsona horien gaitasunak eta trebeziak behar bezala garatuko direla bermatzeko ahaleginetan.

Bigarren deialdi honetarako, lizentzien eskaera kudeatzeaz gain, dagoeneko erreserbatu da Bizkaiko Esperientzia Gelak ikastegiko informatika aretoa (Banco de España kalea 2, 48005 Bilbo) interesdunak astean 2 orduz joan daitezen, zehazki, eskola egun diren astearteetan, 17:00etatik 19:00etara, 2019ko urtarrilaren 29tik maiatzaren 28ra bitartean.

Egutegia (pdf, 286 kb) atxiki da.

Dagoeneko, Gurutze Gorriaren bidez, 15 errefuxiatuk eman dute izena. Abian jartzeko, zu bezala, prestakuntza honetan lagundu nahi duten 5-6 ikasle baino ez dira behar. Zeren zain zaude izena emateko?

Egin beharreko lana ikasleek euren prestakuntzan softwarearen erabilerari zein edukiei buruz (oinarrizko gaztelania) izan ditzaketen zalantzak argitzea izango da. Boluntarioak txandaka antolatuko dira, bertaratzen direnek beti izan dezaten laguntza.

Parte hartzeko baldintza bakarra da ikasturte honetan UPV/EHUn matrikulatuta egotea eta zure ikaskideekin modu arduratsuan eta koordinatuan lan egitea; izan ere, zuek izango zarete proiektu honen arduradunak UPV/EHUk horretarako lagatako gelan.

Interesatuta bazaude…

Idatzi mezu bat iraunkortasuna@ehu.eus helbidera urtarrilaren 15a baino lehen. Bertan, zehaztu zure izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta motibazioa. Gaian adierazi hau: “Bizkaiko errefuxiatuentzako hizkuntza prestakuntza autogestionatua”.

Boluntariotza ekintza amaitu ostean, zure jarduna egiaztatuko zaizu. Egiaztagiri horrekin, hautazko kredituak baliozkotzeko eskatu ahalko duzu: kreditu bakoitzeko 30 ordu eta gehienez ere 3 kreditu ikasturteko.

Zalantzaren bat argitu edo informazio gehiago nahi izanez gero, ez izan zalantzarik eta idatzi Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzako helbide elektronikora (iraunkortasuna@ehu.eus) edo deitu 94 6017933 telefono zenbakira.