UPV/EHUko ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ekitaldiak antolatzeko jardunbide egokien dekalogoa

UPV/EHUko ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ekitaldiak antolatzeko jardunbide egokien dekalogoa

“Ingurumenaren aldetik jasangarria da ekitaldi bat, ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak minimizatzeko moduan diseinatu, antolatu eta gauzatu dena.”

Erronka Garbia, Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldietarako ingurumen jasangarritasunaren ziurtagiria
(Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa. Eusko Jaurlaritza. 2016)

Ahal den guztietan, UPV/EHUn antolatutako ekitaldietan ingurunearekiko errespetuzko praktika jasangarri, osasungarri eta inklusiboak sustatuko dira, hala nola:

01 Kokapen irisgarria

Ekitaldia kokatzeko leku irisgarri bat hautatuko da, garraio publikoaren sarean integratua eta unibertsitateko eta tokiko zerbitzu eta baliabideetatik hurbil.

02 Garraio jasangarria

Ekitaldira bertaratzen direnei informazioa eta argibideak emango zaizkie garraiobide jasangarrietan nola iritsi jakiteko, hala nola garraio publikoan, bizikletetan, automobilak partekatuz edo oinez, eta, beharrezkoa izanez gero, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako irisgarritasuna ziurtatzeko.

03 Energiaren murrizketa eta kontsumo efizientea

Argiztapen efizientea erabiliko da, ahal denean argi naturala aprobetxatuz; berokuntza edo klimatizazio sistema unean uneko baldintza meteorologikoetara eta ingurumenekoetara egokituko da, eta edukierara egokitutako espazio bat hautatuko da.

04 Uraren kontsumo arduratsua

Ekitaldian uraren erabilera eta kontsumo arduratsua sustatuko da. Ahal den neurrian, ez da ur botilatxorik erabiliko, eta pitxerrak eta edalontziak jarriko dira haien ordez.

05 Zerbitzuak erostea eta kontratatzea

Kontratatutako produktuen eta zerbitzuen hornitzaileen ingurumen jasangarritasunarekiko konpromiso maila hartuko da kontuan adjudikazioa egiteko ebaluazio-irizpide gisa.

06 Elikadura jasangarria eta osasungarria

Ingurumena eta osasuna errespetatzen dituzten janariak eta edariak eskainiko dira. Lehentasuna emango zaio sasoiko elikagaiak, 0 kilometrokoak eta/edo ekologikoak erabiltzen dituzten tokiko hornitzaileak eta jatetxe zerbitzuak aukeratzeari, baldin eta erabili eta botatzeko ez diren materialak erabiltzearekin eta elikagaiak ahalik eta gutxien xahutzearekin konprometituta badaude. Soberan dauden produktuak eta materialak bilduko dira eta “bigarren bizitza” emango zaie.

07 Hondakinen kudeaketa efizientea

Ekitaldian zehar hondakinak gaika biltzea ahalbidetuko da. Erabili eta botatzeko produktuen erabilera minimizatuko da eta material birziklagarrien erabilera sustatuko da.

08 Komunikazio arduratsua

Komunikabide elektronikoak erabiliko dira paperaren erabilera murrizteko. Dokumentazioa paperean erabiltzea eta entregatzea saihestuko da, eta ohartaraziko da ez dela baliabide hori erabiliko.

09 Komunitatearen parte hartzea eta sentsibilizazioa

Pertsonen parte hartze aktiboa sustatuko da, ekitaldiek ingurumenean izan ditzaketen eragin negatiboak minimizatzeko. Unibertsitate komunitatea ekitaldiaren plangintzan eta garapenean inplikatuko da, eta parte hartzaileei hartutako neurrien eta lotutako ingurumen inpaktuaren murrizketaren berri emango zaie.

10 Ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza

Ekitaldiaren osteko ebaluazioa egingo da, hobetzeko arloak identifikatzeko eta esperientziatik ikasteko. Bertaratutakoen eta talde antolatzailearen ekarpenak eta erreakzioak hartuko dira kontuan, ekitaldien jasangarritasunean aurrera egiten jarraitzeko.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Ihobe bezalako erakundeek ekitaldi jasangarriak antolatzeko proposatzen dituzten praktikak, eta, ahal izanez gero, saiatu “Erronka Garbia” zigilua lortzen.