Geologia: etorkizuneko zure aukera
Geologia Lurra osorik hartuta aztertzen duen zientzia da; hau da, haren konposizioa, egitura, jatorria eta eboluzioa. Informazio geologikoaren ezagutza eta erabilera egokia lagungarria izan daiteke bizitzak salbatzeko eta natura hondamendiek eragindako galera ekonomikoak murrizteko, hondamendi gehienek jatorri geologikoa baitute (lurrikarak, tsunamiak, sumendien erupzioak, uholdeak, luiziak…).
Geologiako Graduak emango dizun prestakuntzaren bidez, lurrazaleko eta lurrazpiko informazioa biltzeko eta interpretatzeko gai izango zara, gure planetaren iragana eta oraina finkatzeko eta haren etorkizuna iragartzeko. Horrez gain, kartografia geologikoak egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eskuratuko dituzu, horrelakoak ezinbestekoak baitira lurralde plangintzarako eta garapen jasangarriko estrategiak proposatzeko.
Gradua praktikoa da gehienbat; izan ere, kredituen % 49 landa irteeretan eta laborategiko praktiketan egiten da. Era berean, aipamen hauetakoren bat aukeratu ahal izango duzu espezializatzeko: Oinarrizko Geologia eta Geologia Aplikatua.