lineas_de_investigacion

Ikerketa-lerroak

  1. Giza Ugalkortasunaren ikerketa-lerroa: ikerketa-lerro honek bi alderdi ditu ardatz (Gizonezkoen Ugalketaren Fisiologia eta Emakumezkoen Ugalketaren Fisiologia); hiru lerroetan lehenengoa izan zen eta hark eman ditu kalitatezko emaitza gehien. Lerro honetan sakontasunez aztertu ditugu sistema opioidea eta sistema endokannabinoidea, semenaren ugalkortasunean eragina duten zenbait parametrori dagokienez, eta analisi hori emakumezkoen ugalketa sisteman ere egiten hasi gara. Estatuko ugalkortasun-klinika entzutetsuen laguntza ere badugu, eta haiek geure emaitzetan interes handia izateak bermatu egiten digu epe ertainera edo luzera ikerketarekin jarraitzeko aukera, baita laguntza bidezko kliniketan erabil ditzaketen emaitzak lortzekoa ere.
  2. Tumoreen Biologiaren ikerketa-lerroa: aurreko lerroa baino berriagoa izan arren, hiru urte pasatxotan lerro sendo bilakatu da, kalitate ertain eta handiko emaitzei esker. Lerro honetan renina angiotensina sistema, endokrinoa eta lokala, aztertzen dugu, giltzurruneko minbiziaren etiopatogeniari dagokionez; tumore mota hori ohikoenetakoa da geure gizartean. Gurutzeta Ospitaleko eta Basurtoko Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzuetako eta Urologia Zerbitzuetako kideekin elkarlanean ari gara, eta lortzen ditugun emaitzak diagnosi-adierazle goiztiarrak, pronostikorako adierazleak eta diana terapeutiko potentzial berriak bilatzera zuzentzen ditugu.   
  3. Kirolaren Fisiologiaren ikerketa-lerroa: lerro hori ari da interes sozialeko informazio gehien ematen, ariketa fisikoarekin lotutako parametro biokimikoen eta fisiologikoen analisiak egiteaz gain, Euskadiko zenbait biztanleren nutrizioaren analisiak eta elikadurako nahiz jarduera fisikoko ohituren azterketak ere egiten baititu. Gainera, diziplina anitzeko taldea da, eta bertan Basurtoko Institutu Medikoko langileekin, UPV/EHUko Erizaintzako Eskolako irakasleekin eta UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakasleekin elkarlanean aritzen gara.