Sari banaketa

"Izaskun Heras Prado" VI. deialdiko sarien banaketa

Sari banaketa 2025eko urtarrilaren 22an egin zen Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan.

Saritutako ikasleak

Iosune De Goñi Garcíak, "Ahotsik gabeko gorputzak: desgaitasuna eta kapazitismoa Filosofia irakasgaian" lehen sariaren irabazleak, Ipad saria jaso du. Ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra egin du, Giza eta Gizarte Zientzien espezialitatean, UEUn.
 

Iosunek honako hau azpimarratzen du: Ni neu desgaitua eta neurodibergentea izanik, oso deseroso sentitzen nintzen aniztasuna eta inklusioa bezalako kontzeptuekin behin eta berriro topo egiten nuenean, eta beste mugimendu sozial eta zapalkuntzen artean modu bortitzenean bizi izan dudan indarkeria mota aipatu ere egiten ez zela ikusten nuenean. Arazo hori gizarte mailan dugu, ez bakarrik hezkuntzaren arloan. Adibidez, mugimendu feministaren barruan intersekzionalitateari buruz hitz egiten denean, komunitate desgaitua eta eroa baztertzeko joera dago, inkontzienteki bada ere. Aldi berean, beti dira beste batzuk gure izenean hitz egiten dutenak: medikuak, psikologoak eta psikiatrak, langile sozialak, senideak… Egoera horren aurrean, masterreko lanak (amaierakoa eta beste batzuk ere) desgaitasuna eta kapazitismoari buruz egitea erabaki nuen, ikasleekin landu beharreko gaiak izan beharko luketela ulertuz eta ikas-egoera ezberdinak diseinatuz”.

Bigarren saria Gorka Vergara Carrasco ikaslearentzat izan da, "Aktibazioa eta inhibizioa: kontrol kognitiboko prozesuek irakurketaren garapenean duten zeregina" izeneko master amaierako lanarekin, eta 400 euroko ehudendako bonua jaso du. Ikasleak Psikologiako Unibertsitate Masterra egin du: Gizabanakoa, Taldea, Antolaketa eta Kultura.

Gorkak adierazi duenez, "MAL sari hau nire doktore-tesiaren proiektua denez, oso pozik nago horretan profesionalki jardun ahal izango dudalako. Proiektuaren helburua da funtzio betearazleek irakurketaren garapenean duten zeregina aztertzea. Arreta fokalizatzeaz arduratzen diren funtzio horiek, testu idatzia identifikatu eta ulertzeko beharrezkoa den hizkuntza-informazioa aktibatu eta hautatu ahal izateko, bigarren maila batean utzi dira beti irakurmena eskuratzeari buruzko ikerketetan ".


Epaimahaia honako hauek osatu dute: Aitor Martxueta Pérez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterreko zuzendaria; Laura Velo Plo, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Filologia eta Historia Saileko irakaslea; Natalia Ortiz Blasco, Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuko Orientazio teknikaria; eta Arantza Martínez Balmaseda, UPV/EHUko Ikasleen zuzendaria.

Laura Velo epaimahaikideak eskerrak eman ditu Izaskun Heras Prado MAL Saria bezalako ekimenengatik. Sari horrek Master Amaierako Lan onenak saritzen ditu, desagaitasuna eta hezkuntza-premia bereziak ardatz dituztenak. Sari honek, balio sozial handiko lan akademikoa ikustarazteaz gain, gure gizartean funtsezkoa den inklusioari buruz ikertzera bultza ditzake ikasleak. Espero dut ikerketan egindako aurrerapen horiek gure unibertsitatea aberasten eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzen lagunduko dutela. Ikasleen zuzendariak, Arantza Martínezek, lanen kalitatea eta lan hauen bidez UPV/EHUn inklusioa hobetzeko egiten duten ekarpena aipatu ditu.