inf_bases_concurso_tfm_2017

II. Deialdia, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzarena, desgaitasunaren, hezkuntza premia berezien eta hezkuntza inklusiboaren arloko master amaierako lanen Izaskun Heras Prado Saria iragartzekoa

1. DEIALDIAREN HELBURUA ETA EZARPEN EREMUA

1.1.- Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak, UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bidez, eta unibertsitate irisgarri, inklusibo eta osasungarria lortu eta ikasleen sentsibilizazioa suspertze aldera, Izaskun Heras Prado Sarirako deia egiten du desgaitasunak, hezkuntza premia bereziak edo hezkuntza inklusiboa gai nagusi duten Master Amaierako Lanetarako (MAL).

Saria inklusioa bultzatzeko sortu da, inklusioa eraldaketa prozesu bezala ulertuta, gure inguruak pertsona guztien eskubideak eta premiak izan ditzan kontuan, eta hartara gure unibertsitatea guztiontzako gune izan dadin. Azpimarratu beharra dago helburu nagusia ingurua eraldatzea dela, eta ez pertsonak inguru horretara egokitzea, eta horretarako oinarri izan behar da unibertsitatea guztiok kontuan hartuta diseinatu beharra dagoela, guztiontzako irisgarri izan dadin.

Sari honen bidez Izaskun Heras Prado izan nahi dugu gogoan: UPV/EHUko ikasle izan zen, eta emakume aparta, aitzindaria ezgaitasunak dituzten pertsonen inklusioa lortzeko eta pertsona horiek unibertsitatean ikasketak egiteko dituzten eskubideen borrokan; Heras andrea ez ezik, sari honek gogoan ditu ere ezgaitasunak dituzten pertsona horien alde edo hezkuntzarako premia bereziak dituztenen alde egunero lanean ari diren guztiak, benetako inklusioa lortzeko zeregin horretan ari diren guztiak.

1.2.- Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira UPV/EHUko master ofizialetako ikasle guztiak, jakintza adar guztietakoak.

2. ESKARIAK EGIN ETA AURKEZTEKO ERA ETA EPEAK

2.1.- Eskariak aurkezteko epea 2017ko irailaren 29an bukatuko da, eta lotura honetako dagoen orria bete beharko da: 
https://www.ehu.eus/es/web/discapacidad/inklusioaren-gaineko-maletarako-saria

2.2 Web orriko formularioari lanaren laburpen eskema bat erantsi beharko zaio xehetasun hauekin: lanaren justifikazioa, esparru teorikoa, helburuak (gehienez, 2 orri). Honako helbidera bidali behar da: discap@ehu.eus.

2.3 Eskariarekin batera aurkeztutako dokumentazioari zerbait falta bazaio edo akats zuzengarriren bat baldin badauka, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio falta diren dokumentuak aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, eta jakinaraziko zaio hala egin ezean eskaria artxibatu egingo dela bestelako tramiterik gabe.

3. MASTER AMAIERAKO LANAK AURKEZTEKO ERA ETA EPEA

3.1 Master amaierako lanak 2017ko urriaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta aurretik defendatutakoak eta master bakoitzeko batzordeak onartutakoak izan beharko dira.

3.2 Lanak izenburuarekin baino ez dira aurkeztu behar: norenak diren jakiteko modurik egon ez dadin, sinatu barik eta egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira. Itxitako gutun azal bat erantsiko da, izenburu berarekin, eta bertan sartuko dira egilearen identifikazio datuak: izen-abizenak, NAN zenbakia, posta elektronikoa eta telefono zenbakia.

3.3 Lanak UPV/EHUko Erregistro Orokorreko bulegoren batean aurkeztu beharko dira, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari zuzenduta (UPV/EHU-Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua, Ignacio María Barriola Zentroa (Ikasgelategia) – Elhuyar plaza, 1 – 20018, Donostia). Eskariak azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan adierazitako beste edozein lekutan ere aurkeztu ahal izango dira (azaroaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Erregistroen ordutegia Bizkaiko, Arabako nahiz Gipuzkoako Campusean, honako hau da: astelehenetik ostegunera, goizean, 9:00etatik 13:00etara; eta arratsaldean, 15:00etatik 16:30era. Ostiraletan, udako lanaldian, eta udaberriko eta neguko txandetan, ordutegia 9:00etan hasi eta 13:00etara artekoa izango da.

3.4 Eskariarekin batera aurkeztutako dokumentazioari zerbait falta bazaio edo akats zuzengarriren bat baldin badauka, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio falta diren dokumentuak aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, eta jakinaraziko zaio hala egin ezean eskaria artxibatu egingo dela bestelako tramiterik gabe.

4. SARIAREN ZENBATEKOA

4.1 Saria 1.000 eurokoa izango da. Saritik sor daitezkeen zerga betebeharrak saria jasotzen duenak hartu beharko ditu bere gain, eta ez UPV/EHUk.

4.2. Saria emateke utz daiteke.

4.3 Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak lan irabazlea argitaratu ahal izango du bere web orrian edo prentsan, baina ez da ISBNarekin argitaratuko.

5. EPAIMAHAIA

5.1 Epaimahaiak osakide hauek izango ditu, denak ere UPV/EHUkoak: hezkuntza inklusiboaren gaian adituak diren hiru irakasle, Ikasleen zuzendaria, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko kide bat eta masterreko ikasle bat, Ikasleen Kontseiluak izendatua.

5.2 Epaimahaiak iritzia eskatu ahal izango die epaimahaitik kanpoko profesional, ikertzaile edo espezialistei.

5.3 Balorazio irizpideak

• Lanaren kalitatea eta horren barruan: helburuak behar bezala definituta izatea, datuak zorroztasunez erabiltzea, lana zehaztasunez egitea eta azalpena argia izatea.
• Lanaren garrantzia eta originaltasuna, eta honen barruan: gaiaren, ikuspegiaren edo arloaren berritasuna; interesa; ikerketaren etikari dagozkion praktika onak erabiltzea; eta lotura izatea euskal gizartearekin.
• Baloratuko da lanak inklusioaren printzipioak aintzat hartzea, eta lana bera inklusioaren ikuspegitik eginda egotea. Era berean, kontuan hartuko da lanak zelako ekarpena egiten dion unibertsitate edo gizarte inklusibo baterako behar diren aldaketen gaineko eztabaidari, edo zelako aukerak dauden lanean proposatutakoa praktikan aplikatzeko.
• Lanak gizartean daukan eragina eta unibertsitateko kideei begira, eta, oro har, gizarteari begira, lanak daukan hedadura; lehenetsi egingo dira lan arloko egokitzapenak aintzat hartzen dituzten lanak, kasu zehatzetara mugatzen ez direnak.

5.4 Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

5.5 Deialdi honetan parte hartzeak berez dakar oinarri hauek eta epaimahaiaren erabakiak beren osoan onartzea, eta agerian uko egitea haien kontrako errekurtsoak jartzeari.

6. EBAZPENA

6.1 Deialdia egiten duen erabaki honen kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 116. artikuluari eta hurrengoei jarraituz  (30/1992 Legea, azaroaren 26koa). Deialdiaren ebazpena azaroaren 27an argitaratuko da web orrian argitaratuko da (www.ehu.eus/discapacidad).