DESTACADO-PEG-Documentos
PRESUPUESTOS-ENFOQUE-GENERO-Intro
Aurrekontuak genero ikuspegiarekin UPV/EHUn (2011-2016)
Aurrekontuak Genero Ikuspegiarekin (AGI) Herri Administrazioak gizarte berdinago eta bidezkoago baten alde lanean jartzea helburu eta emakumeen aurka egun dauden diskriminazioekin bukatzen lagunduko duten ekimen ezberdinetako bat dira. Ondorioz, aipatu ekimenak genero berdintasunaren aldeko politika publikoen barruan kokatzen dira eta Europar Kontseiluaren definizioaren arabera, genero zeharkakotasunari (hau da, genero ikuspegia politika publiko guztietan sartzea, beren maila eta fase guztietan, planifikaziotik ebaluazioraino) estuki loturiko lehen estrategia eta neurrien abiaraztea suposatzen dute.
Abiapuntu horretatik, generoaren ikuspegitik landuriko aurrekontuen xedea da gastu publiko edo funts publikoak eskuratzeko metodo guztiak aztertzea, generoaren ikuspuntutik bereiziz eta emakumeengan dituzten ondorioak eta eraginak identifikatuz, bai eta gizonengan dituzten horiekin alderatuz ere. Zentzu honetan, aurrekontu azterketa hauek generoari dagokionean hain errotuta dagoen aurrekontuen balizko neutraltasunarekin apurtzen laguntzen dute eta beren lehen xedea da aurrekontu sail ezberdinek gizartean indarrean dauden genero diskriminazioko egoeretan izan ditzaketen eraginak eta ondorioak ikusaraztea. Era berean, detektaturiko diskriminazio egoerak zuzentzeko neurrien abiaraztea ekar dezakete, bai eta baliabide publikoen erabilera eraginkorrago baten sustatzea ere.
UPV/EHUk, 2011n, hasi zuen lehenengo urratsak egiten unibertsitateko aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzeko, adierazi zuenez UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an egindako ohiko bilkuran -aktaren 11. orrialdea-.
Zazpigarren emendakinari dagokionez, aipatzen du Berdintasun Batzordera eskaera bat igorri dela, kontu-sail eta adierazgarriak zehazteko, horrela genero irizpideak aplikatu ahal izango lirateke, eta haueak hurrengo aurrekontuetan agertuko liratekeela.
Ordutik aurrera, UPV/EHUk hasi duen ardatz-ekintza bat emakumeen eta gizonen berdintasunerako I eta II planen alderdi guztiak begi bistan jartzeko: genero ikuspegia barneratzen duten aurrekontuak egitea.
Horrelako garrantzia duen zeregina urratsez urrats egin behar dugu eta honako txosten horietan zer egin den orain arte adieraziko da.
Generoaren ikuspegitik eginiko aurrekontuen azterketak 2011n hasi zuen bere bidea, Berdintasunerako Zuzendaritzak orduan agindu baitzuen Aurrekontuak genero ikuspegiarekin (aurrerantzean, AGI) zer diren eta aipatuak egiteko zer egin behar den deskribatuko zuen txosten bat egitea. Horretarako, aurrekontuak genero ikuspegiarekin egiteak zer esan nahi duen eta aipatuak osatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta urratsak aztertu zituen txosten bat egitea izan zen lehen urratsa.
Aipatu txostena AGI azterketaren lehen gerturatze kontzeptual eta metodologikoa bilakatu zen eta metodologia generikoak zein beste unibertsitate batzuetan aplikatu diren horiek hartu zituen barnean. 2011ko amaieran bukatutako azterketa horren ondorioa ondoko oinarrizko dokumentua izan zen: Los presupuestos con enfoque de género en la UPV/EHU. Una primera aproximación. Dokumentuak nabarmendu zuenez AGI bat, alde batetik, abiarazi beharra zegoen prozesu baten emaitza da. Eta, bestetik, generoaren ikuspegitik landuriko aurrekontuak izatea edonolako berdintasun plan bati estuki loturiko ariketa bat dela ere. Eta horrelaxe ulertu zuen UPV/EHUk, aipatu planak izateko lanak hasi baitzituen 2011n bertan.
Urte berean, UPV/EHUko 2011ko garapenerako lankidetza-bulegoaren aurrekontua genero ikuspegitik aztertu zen. Helburu horrekin, garapenerako lankidetza-bulegoaren 2011ko aurrekontuaren likidazioa sexuaren arabera banatu zen, zegokion genero-ikuspegiko azterketa burutuz. Horrela lortu zen honako izenburu hau duen txostena: Presupuestos con enfoque de género en la UPV/EHU Informe de la Oficina de Cooperación.
Hasierako iradokizunari jarraiki, Berdintasunerako Zuzendaritzak 2012ko datuak sortzeko eta aztertzeko ardura hartu zuen: I Kapituluaren likidazioa langileen sexuaren arabera. Ekintza horrek balio izan zuen jakiteko nola zeuden unibertsitateko datu-baseak eta pentsatzeko zer hobetu zitekeen hurrengo urratsak emateko. Hasierako txostenak azpimarratzen zuenez, hurrengo urtetako eranskinean kontzeptu ezberdinak sartzea eta aztertzea komenigarria izango litzateke.
Horrela, 2013, 2014, 2015 eta 2016, urteetan analisiak egin dira oinarri hartuta 2012, 2013, 2014 eta 2015eko guztizko ordainsariak, oinarrizko soldata eta gehigarriak banatu gabe.
Lorturiko emaitzak -UPV/EHUko Aurrekontuaren Kitapenari eginiko Eranskin gisa aurkeztuak izaten direnak Gobernu Kontseiluetan- ondoko planteamendu honetan oinarritzen ziren: I. Kapituluko gastuen inguruko informazioa, sexuaren arabera banatua, noraino iristen zen jakitea eta hortik abiatuta, datuak biltzeko modua hobetzea hurrengo urratsa prestatu ahal izateko etorkizuneko ekitaldietarako. Prozesuaren xedea izan da jakitea ea gure soldata-sistemak eragin desberdina duen emakume eta gizonengan, hori jakin ostean bereizkeriarik ez egoteko ekintzak aurrera eramateko.
Prozesu horren ondorioz, urteko eranskinetan aurkeztu izan diren ondorio batek, beste ondorioen artean, azpimarratzen du, taularen informazioa oso batuta dagoela, eta, gainera, kontuan hartu behar dela lagun kopuruak langileen urte osoko kontabilitate gertakizunekin duela zerikusirik. Hortaz, pertsona bera behin baino gehiagotan ager daiteke, hartara, lagunen kopurua igo eta per capita kostuaren batez bestekoa jaitsi egiten da. Analisi zehatzago bat egitekotan, beste alderdi batzuk hartu beharko genituzke kontuan: lanegunak, adina, lanaldi mota, osagarriak (hirurtekoak, bosturtekoak, seiurtekoak, ...), ordainsari maila, etab. Analisi hori hurrengo ekitaldietan burutu beharko zen.
Horregatik guztiagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako II. Planaren 3. Ardatzean zehazturiko ekintzetako bat betez (3.1.7. UPV/EHUko langileen ordainketak genero ikuspegitik aztertzea mailaz maila, aurrekontuen esparruan), Berdintasunerako Zuzendaritzak proiektu honi jarraipena ematea erabaki zuen eta, horretarako, lankidetza akordio bat sinatu zen UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren eta Ekonomia Aplikatua I saileko irakasle Yolanda Jubeto eta Mertxe Larrañagaren artean, eskarmentu zabala eta anitza baitzuten AGI azterketak egiten herri administrazio ezberdinetan. Lankidetza horren xedea nagusia zen bi txosten egitea 2015. urtean zehar, generoaren ikuspegia UPV/EHUKO aurrekontuen azterketan txertatzeko modua ikertuz.
Lehen txostenean 2013ko aurrekontuaren I. Kapitulua aztertu da, IRI zein AZP langileen ordainsariak sexuaren arabera bereiziz.
Bigarren txostenean UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzako sail nagusiak aztertu dira, UPV/EHUko jarduketek beren hartzaile diren taldeengan dituzten ondorioak sakonago ezagutu ahal izateko. Horretarako, 2013-2014 ekitaldiko datuak erabili ziren.
2014ko UPV/EHUko aurrekontua 395.387.569 eurokoa izan zen, % 0,62ko gorakada 2013ko ekitaldiarekiko. Honek, bere aldetik, % 9,24ko beherakada suposatu zuen 2012ko aurrekontuarekiko.
2013 | 2014 | 2015 | |
---|---|---|---|
I. Kapitulua | 288.298.148 | 290.483.625 | 302.224.260 |
II. Kapitulua | 76.229.952 | 76.722.990 | 71.297.135 |
III. Kapitulua | 139.173 | 270.654 | 256.878 |
IV. Kapitulua | 3.782.510 | 3.490.691 | 2.042.694 |
VI. Kapitulua | 23.010.983 | 21.635.665 | 17.915.488 |
VIII. Kapitulua | 100.000 | 100.000 | 100.000 |
IX. Kapitulua | 1.184.616 | 2.468.542 | 2.484.348 |
Gizarte Kontseilua | 215.402 | 215.402 | 236.877 |
Guztira | 392.960.784 | 395.387.569 | 396.557.681 |
Azken proiektu horrek, ondorioz, bi txosten hartu ditu barne: IRI eta AZP langileen ordainsarien inguruko azterketa bata, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren programa nagusien ingurukoa bestea. Bi txosten horiek bereizita egin baziren ere, osagarriak dira eta generoaren ikuspegia UPV/EHUko aurrekontuaren zati handi batean txertatzeko ariketa gisa hartuak izan daitezke ere.
I. Kapituluaren azterketa UPV/EHUk emandako informazioa erabiliz egin zen, 2013n IRI zein AZP langileei egindako ordainen inguruko informazioa hain zuzen ere. Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren gastu sail nagusien azterketa 2014ko ekitaldian oinarritu zen gehienbat. Bien artean urtebeteko tartea egoteak ez du inolako garrantzirik, I. Kapituluak ez baitu apenas aldaketarik izan aipatu urteotan.
2013n I. Kapituluak (Langileak) 288,3 milioi euro suposatu zuen, aurrekontu osoaren % 73,36a. 2014n, aldiz, I. Kapituluak % 73,46ko pisua zeukan aurrekontu proiektua osoaren baitan. 2015en, azkenik, langileei buruzko kapituluak pisu handiagoa izan zuen oraindik (% 76,21).
2014n, I. Kapituluak 290.483.625 euro suposatu zituen, 2013ko ekitaldian baino 2,2 milioi euro gehiago (% 0,76ko gorakada). Indarreko arautegiaren arabera, 2014n:
- Urteko ordainsari osoek ezin zuten inolako gorakadarik izan 2013. urtean zehaztu ziren horiekiko.
- (Itzarri) Borondatezko gizarte aurreikuspenerako sistemari eginiko ekarpena etenda mantendu zen.
- Ez zen lanpostu berririk sortu; ondorioz, langileen kopuruak ez zuen gora egin. Programa-kontratuetan aurreikusitako finantzazioa aldi baterako langileak kontratatzeko erabil zitekeen, baldintza oso zehatzetan (Ikus UPV/EHUko 2014ko aurrekontuen I. Liburukoa).
2014n Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren aurrekontua 547.390 eurokoa izan zen, UPV/EHUko aurrekontu osoaren % 0,1a.
Kodea | Deskribapena | Zenbatekoa |
---|---|---|
061. | INFORMAZIOA, IKASLEEN ORDEZKARITZA ETA ANTOLAKUNTZA | 384.790,00 |
066. | GIZARTE ERANTZUKIZUNA | 162.600,00 |
0007. | Guztira | 547.390,00 |
UPV/EHUko aurrekontuarekiko % | 0,1% |
Aurrekontu pisu txikia badu ere, errektoreordetza horren gastu programak aztertzeko erabakiaren zioak bi izan dira, funtsean:
- Programen ardura zuten pertsonekin batzartzeko erraztasuna, Berdintasunerako Zuzendariak eta Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordeak jarrera ezin hobea eta irekiagoa azaldu baitute proiektu honekiko.
- Errektoreordetza honek UPV/EHUko hirugarren talde handienean, ikasleetan alegia, sartzeko aukera ematen digulako hein batean, I. Kapituluaren azterketatik at geratzen den taldea, noski.
Aipaturiko bi azterketa horien emaitzak honako bi txosten hauetan biltzen dira: Aurrekontuak genero ikuspegiarekin (AGI) UPV/EHUn: a) I. Kapituluaren analisia, 2013 urtea; Ikasleen, enpleguaren eta gizarte erantzukizunaren arloko errektoreordetzaren gastuaren analisia, 2013/2014 ekitaldia. Eta dagozkien egikaritze txostenak 2016ko apirilaren 20ko Gobernu kontseiluan aurkeztu ziren.
Berdintasunerako zuzendaritza 2016