Protokoloa, pertsona transek eta ez-bitarrek UPV/EHUn izena aldatzekoa
Azalpena eta lege oinarria
Berea duten baina ukatu zaien identitate batez bizi nahi duten pertsonentzat sufrimendu iturri nagusietako bat da jarraitu behar izatea jasaten eurek propiotzat ez duten izenaz dei diezaieten. Propiotzat duten identitateranzko bidean abiatu diren pertsonei eurek hautatutako izena aitortzea ez da bakarrik begirune kontu bat: pertsona orok nahi duen modukoa izateko, nahi duen bezala agertzeko eta nahi duen moduan bizitzeko dituen eskubideen baitan kokatzen da.
Aitorpen hau autonomia erkidegoko, estatuko eta nazioarteko zenbait arautan oinarritzen da. Batetik, aipa daiteke 3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, pertsonen sexuaren aipamena erregistroan zuzen tzeko prozedura arautzen duena, eta dokumentazio administratiboa pertsonaren benetako genero identitatera egokitzeko bidea ematen duena. Autonomia erkidegoan, bestalde, ekainaren 28ko 14/2012 Legea dugu, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, aurrera egiten lagundu duena pertsonen ezaugarri edo inguruabar pertsonal edo sozialetan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko bidean; eta 234/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa, non garatzen den 14/2012 Legearen II. kapituluko 7. artikulua, dioena pertsona transexualek aukera izango dutela dokumentazio egokia izateko sexuaren aipamena erregistroan zuzendu artean.
Europan eta nazioartean ere badago legerik genero identitatearen adierazpen askerako eskubidea sustatzeko eta sexu orientazioan edo genero identitatean oinarritutako diskriminazio oro debekatzeko, hala nola Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluaren 17/19 Erabakia, 2011ko ekainekoa, giza eskubideei, sexu orientazioari eta genero identitateari buruzkoa, edo Europako Parlamentuaren 2014ko otsailaren 4ko Erabakia, EBren bide orria zehazten duena homofobiaren kontra eta sexu orientazioan eta genero identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurka, eta zimendatzen dena LGTB+ pertsonen giza eskubide guztiak bultzatzeko eta babesteko Europako Batasuneko Kontseiluak 2013ko ekainaren 24an onartutako jarraibideetan.
Era berean, azpimarratzekoa da Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Komisarioaren Bulegoaren 2012ko txostena, izenburu duena «Aske eta berdin jaioak: sexu orientazioa eta genero identitatea giza eskubideei buruzko nazioarteko arauetan»; Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioaren 2009ko uztaileko txostena; edo Europako Kontseiluko Ministro Batzordearen CM/Rec (2010)5 gomendioa, 2010eko martxoaren 21ekoa, estatu kideei zuzendua, sexu orientazioan edo genero identitatean oinarritutako diskriminazioa borrokatzeko neurriei buruzkoa.
Testuinguru horretan eta kontuan hartuta UPV/EHUren konpromisoa GJHekin, EHUagenda 2030rekin, eta berdintasunaren alde eta sexu edo generoan oinarritutako diskriminazioaren kontra, protokolo hau onartzen dugu, hala nahi duten pertsona transek eta ez-bitarrek izena aldatu ahal izan dezaten unibertsitateari dagokionerako. Horretarako, eskaria egin beharko diote Berdintasunaren arloko zuzendariari edo, aldaketa dagoeneko egina badute estatuko edo EAEko administrazio publikoko beste organismoren batean, aldaketa hori unibertsitatean ere aplikatzeko eskatu ahal izango dute.
Protokolo honekin UPV/EHUk bere konpromisoa adierazten du unibertsitateko kideen genero identitateari lotutako premiak asetzeko, eta bermatzeko genero identitatearen agerpen eta adierazpen askea, eta genero identitatean oinarritutako diskriminazio ororen desagerpena. Konpromiso hori jasota dago unibertsitatearen Estatutuetan (4.3, 13.1 eta 70. art.) eta 2018ko ekainaren 7an Gobernu Kontseiluak onartutako Genero Indarkerien aurkako UPV/ EHUren Protokoloan.
1. artikulua. Helburua
Protokolo honen helburua da prozedura bat arautzea bermatzeko pertsona transen edo ez-bitarren eskubidea UPV/EHUko barne dokumentu administratiboetan eurek hautatutako izenaz identifikatuak izateko, izen hori bat ez datorrenean Erregistro Zibilean agertzen den legezko izenarekin.
Horrela babestuko dugu identitate eta genero adierazpenerako eskubideen gauzapena unibertsitatean, izenaren edo sexuaren aipamena Erregistro Zibilean zuzendu bitartean.
2. artikulua.- Protokoloa nori dagokion
Protokolo honen babespean, unibertsitateko edozein kidek —irakasle-ikertzailea izan, administrazio eta zerbitzuetako langilea izan nahiz ikaslea izan— eskatu ahal izango du izen aldaketa egitea berak hautatutako izenera.
Era berean, UPV/EHUko langile eta ikasle guztien betebeharra izango da pertsona transei edo ez-bitarrei interesdunek eurek hautatutako izenaz deitzea. UPV/EHUk sustatuko du azpikontratatuak dituen enpresetako langileek ere gauza bera egin dezaten.
3. artikulua. Nola egin izen aldaketa baldin eta aurretik beste administrazioren batean egin ez bada
3.1. UPV/EHUren barne dokumentazioan beren identitatearekin bat datorren izen bat —hots, hautatutako izena, dokumentazio ofizialean ageri denaz bestelakoa— agertzea nahi dutenek eskaria aurkeztu beharko dute UPV/ EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan, haren webgunean dagoen formularioa betez.
3.2. Tramitearen konfidentzialtasuna bermatzeko, UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak baino ez du jasoko eskaria.
3.3. Behin egiaztatu ondoren eskaria bat datorrela protokolo honen 1. artikuluan aipatzen den helburuarekin, UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak aldaketa baimenduko du erabaki baten bitartez.
3.4. . UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak dokumentazio administratibo eta elektronikoa kudeatzen duten organoei eskatuko die izen aldaketa egiteko eta jarraipena egingo dio prozesu osoari.
3.5. Izena aldatzeko prozesua amaiturik, inplikatutako zerbitzuek horren jakitun jarriko dute UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritza, eta berak, berriz, eskatzailea.
4. artikulua. Izena aldatzeko epeak
UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak gehienez ere zazpi laneguneko epea izango du eskari bakoitza ebazteko. Gero, izen aldaketa 30 eguneko epearen barruan gauzatu beharko da unibertsitateko dokumentazio administratibo eta elektroniko.
5. artikulua. Hautatutako izena erabiliko den erregistroen katalogoa
5.1. Unibertsitatearenak baino ez diren barne erregistroak:
a) helbide elektronikoa
b) unibertsitateko txartela
c) klaseko zerrendak eta kalifikazio aktak
d) hauteskunde erroldak
e) unibertsitatean sortzen den beste edozein barne dokumentu, beti ere 6. artikuluan aipatutakoa ez bada.
5.2. Haututako izena dakarten kalifikazio aktetan, ikastegiko idazkariak diligentzia bat egingo du adierazteko izen horrek lotura duela kasuan kasuko legezko izenarekin, zeina espediente akademikoan mantenduko den. Diligentzia hori aktari erantsiko zaio.
6. artikulua. Dokumentu ofizialak
Protokolo honen bitartez izena aldatu duten pertsonek aurretik Erregistro Zibilean izena aldatu ez badute, unibertsitateak sortzen dituen dokumentu ofizialetan (ziurtagiri, titulu eta abarretan) interesdunaren dokumentazio ofizialean agertzen den izena agertuko da.
7. artikulua. Nola aldatu izena UPV/EHUko dokumentazio administratiboan aurretik izen aldaketa Eusko Jaurlaritzan eginda edukiz gero
7.1. Pertsona batek izena aldatu badu Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua baliatuz (transexualen dokumentazio administratiboari buruzko dekretua), tramite horrek balioa dauka Euskadiko administrazio publiko guztietan, sexuaren aipamena Erregistro Zibilean zuzendu artean, edo, Euskadin bizi den migratzailea bada, bere jatorrizko estatuko erregistroan zuzendu artean. Eskubidea izango dute dokumentazio horretan ageri den izenaz — alegia, eurek hautatutako izenaz— tratatuak izateko.
7.2. Protokolo honetako 5. artikuluan aipatzen den izen aldaketa egiteko dokumentazio administratiboan, aldaketa Jaurlaritzarekin egina dutela jakinarazi beharko diote Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari, dekretuan aipatzen den dokumentazioaren kopia bat aurkeztuz. Orduan Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak eskaria kudeatuko du protokolo honetako 3. artikulutik 5. artikulura bitartean azaldu den legez.
Pertsona batek UPV/EHUn matrikulatzen denerako tramitatua eta egina badauka izen aldaketa abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaren arabera, dokumentazio hori aurkeztuko du matrikula egiteko momentuan, eta berak hautatutako izena erabili eta baliaraziko da hasiera-hasieratik unibertsitateko barne dokumentazio guztian, protokolo honetako 6. artikuluan aipatzen dena kenduta.
7.3. Edozelan ere, kasu honetan aplikatu beharrekoa izango da oraindik ere 6. artikulua.
8. artikulua. Izena nola aldatu UPV/EHUko dokumentazio administratiboan izen aldaketa Erregistro Zibilean eginda edukiz gero
8.1 Aldaketa Erregistro Zibilean egin dutenek estatu espainiarreko legearen arabera, edo, UPV/EHUn ikasi edo lan egiten duten migratzaileen kasuan, beren herrialdeko erregistroan beren herrialdeko legearen arabera, automatikoki baliaraziko dute aldaketa beren dokumentu ofizial berria UPV/EHUko edozein zerbitzutan aurkeztuta. Halakoetan, 6. artikuluan aipatutako dokumentazio ofiziala aldaketaren ostean erregistroan agertzen den izenarekin egingo da, hots, interesdunak hautatutako izena-rekin. Halakoetan, interesdunak zuze-nean eta doan eskatu ahal izango du izena aldatzea protokolo honetako 5. artikuluan aipatzen den barne dokumentazioan.
3/2007 Legearen bigarren xedapen gehigarriari jarraituz, UPV/EHUk ez du ezer kobratuko erregistroko zuzenketa egin aurretik sortutako dokumentu ofizialak berriz sortzeagatik.
9. artikulua. Protokoloa aldatu, garatu eta eguneratzea
Berdintasunaren arloko zuzendariak protokoloa garatzeko ebazpenak eman ahal izango ditu.
Protokolo hau aldatzeko premiarik edo eskaririk badago, UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak proposatu ahal izango du gaia aztertzeko lantalde bat sortzea, eta, hala badagokio, kasuan kasuko aldaketa onartzea proposatuko dio Gobernu Kontseiluari.
Lehen xedapen gehigarria
Protokolo hau hobeto uler dadin, UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak terminoen glosario bat sortu ahal izango du, eguneratuko dena UPV/EHUko Berdintasunerako Batzordeak egokitzat jo eta hala onartzen duenean.
Azken xedapena. Indarrean jartzea
Protokolo hau indarrean jarriko da UPV/ EHUko Gobernu Kontseiluak onartu eta hurrengo egunean.