Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana (2024/2028)
2024-2028 aldirako Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako IV. Plan honek eutsi egiten dio aurreko planen filosofiari; hau da, Euskadiko unibertsitate publikoa erreferente izatea genero berdintasunaren arloari loturiko ikerketan, irakaskuntzan, transferentzian, Prestakuntza osagarrian eta gizarte kontzientziazioan (gure plan estrategikoaren Kultura eta Gizartea ardatzaren 4. helburua). Plan Estrategikoak begiratzen dio Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko irailean onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendari, ikuspegi eraldatzaile batetik lantzen dituena agenda sinatu zuten 193 estatu kideek lortu beharreko jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumen arlokoa. Agenda hori, halaber, erreferentzia izango da UPV/EHUk datozen sei urteetan egingo duen lanerako. Agendak biltzen ditu 2015-2030 urteetarako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH), eta helburu horiek planteatzen dute jarduteko beste modu bat, zeharkakotasunean oinarrituriko ikuspegi integratzaile batetik, bakearen, justiziaren, genero berdintasunaren (5. helburua), hezkuntzaren sustapenaren, garapen energetikoaren eta elikagai segurtasunaren alde, eta klima aldaketaren kontra. Europar Batasunaren esparruan, UPV/EHUren Berdintasunerako IV. Planak erreferentziatzat du ere Europako Batzordearen 2016/2019 Programa Estrategikoa eta haren konpromisoa emakumeen eta gizonen berdintasunarekin.