Irakaskuntza gidak egokitzea urrutiko ebaluazio sistema ezartzeko
Unibertsitatearen araudi akademikoaren arabera onartutako eta UPV/EHUren webgunean onartutako irakaskuntza gidak gaur egungo aparteko egoerara egokitu beharko dira, ebaluazioari dagokionean, eta apirilaren 30a baino lehen egin beharko da egokitzapen hori. Egokitzapena egiteko, ados jarri behar dira irakasgaia ematen duten irakasle guztiak, eta irakasgaiko koordinatzaileak egingo du. Irakaskuntza gidak egokitzean, koherentzia zaindu beharko da oraingo irakaskuntza modalitatearen eta ebaluazioaren artean.
Oinarrizko jarraibideak
Ondoren zenbait jarraibide daude, urrutiko ebaluazioa diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak:
- Irizpide nagusia izan behar da ebaluazio sistema egokitzearen helburua izan behar dela ikaskuntzaren emaitzak baloratzea kontuan izanda bizi dugun egoera berezi hau.
- Gomendioa da batez ere ikasleak irakasgaian egin duen lana baloratzea, bai jarduera presentzia eten aurretik egindakoa, bai gero egindakoa, eta oinarrizko ikaskuntzan jartzea enfasia.
- Ezinbestekoa da ikasleari eGelaren bidez informazioa ematea, tresnetan eta ebaluazio irizpideetan egindako egokitzapenei buruzkoa.
- Oro har, gomendioa da proba sinkronorik ez erabiltzea irakasgaia ebaluatzeko bide bakartzat. Erabiltzekotan, aldez aurretik proba bat egin behar da ikasleekin ikusteko behar bezala funtzionatzen duela eta izan daitezkeen gorabeherak eta disfuntzioak antzemateko.
- Gomendioa da ahal den heinean proba asinkronoak erabiltzea, gunea eta probarako denbora zorrotz kontrolatu beharra eskatzen ez dutenak.
- Ebaluazio orokorreko eta azken ebaluazioko probarik eginez gero, edo probaren bat ezinbestean gainditu beharra badago irakasgaiaren ebaluazioa aldekoa izan dadin, gomendioa da proba horrek ez baldintzatzea azken nota, eta horren osagarri, ahal den heinean, beste proba edo lan batzuk eskatzea.
- Eduki teorikoak ebaluatzeko probetan, gomendioa da galdera sorta zabala izatea ausaz aukeratua, eta denbora tarte bat zehaztea erantzuteko, baina, betiere, kontuan izanda ebaluazio sistema bera izan arran ikasle guztientzat, batzuek aparteko arazoak izan ditzaketela proba egiteko.
- Gomendioa da testuak garatzeko galderak jartzea, kontzeptuen aplikazio praktikoak edo egoera konkretuak, ikasleak ulertu duela erakusten dutenak eta ikasleari gaitasun logiko eta intelektuala erabiltzea eskatzen diotenak. Azterketa on bat izango litzateke modu presentzialean egiteko prestatuko genukeen hura, baina ikasleek material guztiak edo Internet erabilita.
Ebaluazioa bideragarria eta eraginkorra izateko beharrezko direnak baino ez egokitu: egingarria eta nahiko genukeena orekan jarri behar ditugu.
Gogoratu: ikasleak egoera gogorrean eta presiopean ari dira lanean.
eGelak o tresnak ebaluazioan erabili aurretik, egin probak ikasleekin.
Aztertu zein aukera dauden ebaluazioa ikasleen gunea zorrotz kontrolatu gabe egiteko.
Berriz doitu kalifikazioen ehuneko a larrialdi egoerara egokitzeko.
Eman ikasleei ebaluazio irizpideen berri. Errubrikarik baduzu, jarri ikasleen eskura.
Egokitutako irakaskuntza gidak gestionatzea, onartzea eta artxibatzea
Irakaskuntza giden egokitzapena behar bezala gestionatzeko ikastegi edo/eta titulazioko barne bermeen sistemari jarraituz, eta gardentasun irizpideak betetzeko, prozedura honi jarraituko zaio ahalik eta bizkorren:
- Egokitzapenak agiri batean jaso argi zehaztuta ondokoak: ebaluazio probak, kalifikazioen ehunekoak eta ebaluazio irizpideak. Lagungarri izan daiteke GAUR aplikazioko eredua erabiltzea edo horretarako prestatu dugun txantiloia (aukerakoa).
- Irakasgaiaren berezitasunak direla-eta aurrez aurreko ebaluazioa behar duten irakasgaien irakaskuntza gidek ebaluazio ez-presentziala egiteko proposamen bat ere jasoko dute, eta aukera hori abian jarriko da baldin eta probako data baino bi aste lehenago probak aurrez aurre egiteko osasun baldintzak betetzen ez badira.
- Irakasgaiaren ardura daukan ikastegi edo sailean onartu, artxibatu… eta sailak onartu baldin badu, titulazioaren ardura daukan ikastegira bidali, horrek oniritzia eman dezan Ikasleen Kontseilua entzun ondoren. Prozesu hori ahalik eta erraz eta arinen egin behar da.
- Ikasleari etengabeko ebaluazioaren eta azken ebaluazioaren baldintzen berri eman behar zaio irakasgaiaren eGelaren bidez, mailako eGelaren bidez, posta elektronikoz edo beste bitarteko batzuen bidez, betiere, komunikazio gardena ziurtatuta eta zalantzak argituz.
- Titulazioko koordinatzaileak pdf dokumentu batean jaso behar ditu irakasgaien egokitzapen guztiak, mailaka eta titulazioka, eta Unikudera igo behar ditu KBBS-n erregistratzeko.
- Sailek eta ikastegiek Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren laguntza izango dute irakaskuntza gida egokituak izapidetu eta gestionatzeko (keiz@ehu.eus).
- Egoera berezi honetan, ebaluazioari buruzko erreklamazioak irakaskuntza gida egokituan zehaztutakoari jarraikiz aztertuko dira.