realizacion_pt_nhd_cta_ccaa_en_upv_ehu

GND, EZT eta IZ Graduetako Praktika Tutelatuak UPV/EHUn bertan egitea

(2013.ko uztailaren 18ko Fakultateko Batzarrean onartua)


UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an "Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia" onartu zuen. Araudia 2019ko abuztuaren 6an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zen. Araudia uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituenak, ezarri zuen estatuko lege-esparru berriari egokitzeko onartu zen. 
 

UPV/EHUko araudi horrek 2.2 artikuluan hauxe ezartzen du: "Unibertsitatean bertan edo erakunde laguntzaileen egoitzetan, hala nola nazio edo nazioarte mailako enpresa, instituzio eta erakunde publiko eta pribatuetan, egin ahal izango dira kanpoko praktika akademikoak".
 

Ondorio horietarako, araudi beraren 21. artikuluak zehazten du praktika horiek UPV/EHUko zein azpiegituratan egin ahal izango diren:
 

"21. artikulua.– Praktikak Unibertsitateko antolakuntza-unitate batean. Araudi honen ondorioei begira, UPV/EHUren Estatutuetako 10. eta 93. artikuluetan aurreikusiriko edozein unibertsitate-egitura edo -organo izan daiteke ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzten erakunde laguntzailea, honako berezitasun hauek gogoan hartuta:"


UPV/EHUko Estatutuek honako UPV/EHUko antolakuntza-unitate hauek zehazten dituzte: unibertsitate-campusak; unibertsitate-eskolak eta fakultateak; sailak; ikerketa-taldeak; unibertsitateetako ikerketa-institutuak; doktorego-eskolak; beste ikastegi edo azpiegitura batzuk.


Era berean, UPV/EHUko Estatutuetan jasota dago unibertsitate-azpiegituren barne hartzen direla, bai Administrazio Zerbitzu Orokorrak, bai azpiegitura horiei laguntza emateko gainerako administrazio-unitateak. Azken puntu horri dagokionez, 21. artikuluak hauxe zehazten du "a" atalean:


"Kanpoko praktika akademikoetarako programak egiteko aukera eskaintzen duen antolakuntza-unitatea UPV/EHUren «zerbitzua» bada, guztiz kontuan hartu beharko da zerbitzu horrek A edo B taldeetako funtzionarioak, edo administrazioko I. edo II. taldeetako langileak dituela eta aukeraturiko instruktoreak talde horietako lanposturen batean ari behar duela eta horretarako proposamena espresuki onartu beharra daukala".


Bestalde, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko GND, EZT eta IZ Graduen Titulu Ofizialak Egiaztatzeko Eskaera egiteko prestatu diren memoria-txostenetan zehaztuta dago Praktika Tutelatuak zein azpiegituratan egin daitezkeen.


Hori horrela, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Graduari buruzko memoria-txostenean jaso da Praktika Tutelatuak graduaren ezaugarriekin bat egiten duten enpresa eta erakundeetan egin daitezkeela: esaterako, nekazaritza- eta janari-sektoreko enpresetan, erakunde publikoetan, ikerketa publiko zein pribatuko guneetan, aholkularitza-enpresetan, kontsultoretza-enpresetan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologiari lotutako analisiak egiten dituzten laborategietan.
 

Era berean, Ingurumen Zientzien Graduari buruzko memoria-txostenean  jasota dago Praktika Tutelatuak honako gune hauetan egin daitezkeela: herri-administrazioaren mendeko zentroetan, industria-enpresetan eta -azpiegituretan, ingurumenari buruzko kontsultoretza-enpresetan, ikerketa-guneetan eta lurraldea zaintzeko lanak edo horri lotutako beste lan batzuk egiten dituzten gobernuz kanpoko erakundeetan.
 

Azkenik, Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduari buruzko memoria-txostenean honako gune hauek aipatzen dira, Praktika Tutelatuak egiteko gune egokitzat hartuta: enpresak, erakundeak, organismo publikoak, osasun-etxeak eta Giza Nutrizioa eta Dietetika aztertzen dituzten ikerketa-guneak.
 

Horren guztiaren ondorioz, gaur egungo lege-esparruak GND, EZT eta IZ Graduetako ikasleek Praktika Tutelatuak eta Enpresetan UPV/EHUn bertan egitea onartzen duela adieraz dezakegu. Praktika horiek ikasleek edo UPV/EHUko antolakuntza-unitateetako irakasleek eta ikertzaileek proposatutako autokudeaketa-prozedura baten bidez egin ahal izango dira; eta, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiak ezarritako eskakizun guztiak betetzen baldin badituzte, onartuak izango dira.