Farmazia UPV/EHU - Novaltia Unibertsitate-Enpresa Gela

Farmazia-gela 2019an UPV/EHUk eta Novaltia banaketa-kooperatibak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz sortu zen. Farmaziako Fakultateko sarreran gune nabarmen bat hartzen duen espazioaren inaugurazio ofiziala 2020ko otsailaren 12an egin zen, Farmazia Bulego bateko ekipamendurik arruntenarekin: errebotikan formula magistralak egiteko laborategi txiki bat, botikak gordetzeko tiraderak, baskula, tentsiometroa eta dermo-aholkularitzarako larruazalaren analizatzaile bat. Halaber, irakaskuntzan laguntzeko ikus-entzunezko ekipamendua du, eta erdialdean 25 lagunentzako pala-aulkiak.
Gela horretatik hainbat jarduera sortzen dira, besteak beste, honako hauek: Farmazian, Giza Nutrizioan eta Dietetikan graduatuko direnentzako prestakuntza osagarrirako ikastaroak, inguruko enpresetarako bisitak, hitzaldien antolakuntza eta biltzarretan parte hartzen duten ikasleentzako laguntza-poltsak. Halaber, baliabide honen eskutik, Fakultatearentzat bi ordenagailu-gela mugikor eta onlineko Europako Farmakopean sartzeko lizentziak lortu dira.