Masterraren gakoak
Elikagaien ikerketan egin diren urratsek berretsi egin dute Koseko Hipokratesen (K.a. 450-377) esaldi ospetsuak adierazten diguna: “sendagaia izan dadila zure elikadura, eta elikadura izan dadila zure sendagaia”. Esaldi horretan ezin hobeki laburbildurik daude elikagaien kalitateak eta segurtasunak duten garrantzia eta bi alor horiez arduratzen diren diziplinak.
Egungo gizarteak kalitatezko elikagaiak eskatzen ditu, seguruak, eta beharrezkoak dira horretarako bi alor horietan berritzeko gai izango diren ikerlariak, ikerketan lortutako emaitzak industrian ezarriko dituzten profesionalak eta aholkulariak, eta elikagaien kalitatea eta segurtasuna kontrolatuko duten administrazioetan arituko diren profesionalak.
Beraz, master honen xedea da elikaduraren kalitatean eta segurtasunean aditua izango diren profesionalak sortzea, enpresetan, administrazioan, unibertsitateetan eta ikerketa zentro publiko eta pribatuetan aritzeko.
Prestakuntza programaren bidez eskuratzen diren gaitasunek aukera ematen dute tresna aurreratuen bitartez elikaduraren kalitatea eta segurtasuna ebaluatu eta kontrolatzeko, teknologia berriekin lan egiteko eta bi alorretan eragiten duten osagai berriekin aritzeko, baita elikadura industriaren efluenteen tratamenduan aritzeko ere. Gainera, ebaluazio sentsoriala ere hartzen da kontuan, eta elikagaien laborategien kontrola eta ebaluazioa. Halaber, elikagaien segurtasunari ere erreparatzen zaio, ikuspuntu kimikotik eta mikrobianotik, eta elikagaien kalitate eta trazabilitate parametroei, beste alderdi askoren artean.
Master honetatik zuzenean sar daiteke Elikadura Kalitatea eta Segurtasuna doktorego programara.