Eskola

Presentación

Aurkezpena

Zuriñe Gómez de Balugera, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.

 

Ongi etorri UPV/EHUren Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzaren eta langile guztien izenean. Gertuko eskola bat gaituzu, bai ikasleentzat eta bai enpresentzat eta gizartearentzat, eta kalitatezko eskola ere bai, eskaintzen dugun prestakuntzarengatik. Webgune honetan, eskaintzen ditugun graduko titulazioei buruzko informazioa aurkituko duzu:

Hauez gain, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra ere eskaintzen dugu eta graduondoko hainbat ikastaro ere bai, hauetako batzuk industria 4.0ri oso lotuak. 2024/2025 ikasturtean titulazio berri bat eskaintzen hasiko gara, Industria Adimen Artifizialeko eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra, enpresen premiei erantzuteko helburu argiaz.

1959tik ari gara ingeniariak prestatzen, eta ziurtatu ahal dizugu (horixe adierazi baitigute gure tituludunak kontratatu dituzten enpresek) gure ikastegian ematen den prestakuntza kalitate handikoa dela. Ingeniaritzaren arlo desberdinak ondo menperatzen dituzten 110 irakaslek osaturiko taldea dugu eta gure eskolan, egun, ia 890 ikasle ari dira hezten, oso ondo hornitutako eta eguneratutako laborategiak erabiliz. Horretaz gain, bertako teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak eraginkortasun eta adeitsutasunaren eredu dira.

2017ko abenduan, eskolak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria lortu zuen, Zilarrezko A kategorian, Euskalit fundazioak gure gestio sistemari egindako kanpoko ebaluazioa gainditu ostean. Euskal Herriko ingeniaritzako eskola bakarra gara ziurtagiri horren jabe dena. Aitorpen horrek egiaztatzen du kudeaketa aurreratuaren araberako gestio koherentea egiten dugula, estrategiaren analisia, bezeroak (ikasleak), pertsonak, gizartea eta berrikuntza oinarri harturik. Jada 2006. urtean Eusko Jaurlaritzaren zilarrezko Q-a jaso genuen.

Kalitatearengatik dugun kezkaren lekuko, hona hemen zenbait datu. Ikasturte bakoitzean:

Gure tituludunen % 80 inguru aritu da borondatezko praktiketan enpresetan.

Tituludunen % 20k baino gehiagok egonaldiren bat egin dute atzerrian.

Praktika programa garrantzitsua dugu geure inguruneko bilbe industriala osatzen duten enpresa ia guztietan, eta harreman programa finkatu bat Europa eta Amerikako unibertsitateekin. Honen ondorioz, nazioarteko hainbat saretako kide gara.

Metodologia aktiboak gero eta gehiago erabiltzen dira gure irakasgaietan, esate baterako ikaskuntza kooperatiboa eta proiektu zein problemetan oinarritutako ikaskuntza; eta enpresek adierazi digutenaren arabera, tresna egokiak dira gure tituludunak lan merkatuan sartzen laguntzeko, haien bidez gaitasun oso preziatuak garatzen direlako, hala nola ekimena, autonomia, jarrera ekintzailea, aldaketetara egokitzeko ahalmena, dokumentatzeko eta komunikaziorako gaitasuna (ahozkoa, idatzizkoa eta grafikoa), talde lana, bezeroaren premietara egokitzeko ahalmena, eta lidergoa.

2017/2018 ikasturtetik Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua eskaintzen dugu formatu dualean, ikasleek nahitaezko praktikak egiten dituztelarik sektoreko enpresetan, hirugarren eta laugarren mailetan. Titulu hau eratzean esku hartze aktiboa izan dute gure lurraldean hain presentzia handia duen sektore honetako enpresa askok.

2018/2019 ikasturtetik, bi titulazio berri eskaintzen ditugu Ekonomia eta Enpresa Fakultatearekin (Arabako Atalarekin), prestakuntza profil berrien premiari erantzunez:

2021/2022 ikasturtetik, bestalde, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza eskaintzen dugu.

Azkenik, 2023/2024 ikasturtetik, bi titulazio bikoitz eskaintzen ditugu Technische Hochschule Köln-ekin batera (TH KÖLN, Kolonia, Alemania). Horri esker, Ingeniaritza Mekanikoko eta Automobilgintzaren Ingeniaritzako ikasleek aukera dute beren prestakuntza osatzeko TH KÖLNeko Ibilgailuaren Garapeneko Ingeniaritzako Graduarekin.

Irakaskuntzaz gain, ikerkuntza da gure lanaren lehentasunetako bat. Gure irakasleen % 75 doktoreak dira, eta doktorego industrialetarako bidea ireki berri dugu, automobilgintzaren eta aeronautikaren sektoreetako enpresa eta teknologia zentro garrantzitsuetan, industria 4.0 edo industria digitalaren arloan, baina eskolako irakasleen zuzendaritza pean. Azken finean, jakintza guzti hau ikasleengana iristea nahi dugu, eta ikasleek graduan bertan bere intereseko arloetan ikertzeko aukera izatea ere.

Ikasleak, enpresak eta gizartea ditugu kezka eta ardura eta, horregatik, lan egiten dugu gure hezkuntza eskaintza gure ingurunearen premia aldakorretara moldatzeko.

Animatu eta egin ibilaldi birtuala gure webgunetik. Zure esanetara gaude zure iradokizunak edo eskariak hartzeko.

Zuriñe Gómez de Balugera

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria