Breadcrumb

Eduki publikatzailea

IberQuantum Lab Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan

Konputazio kuantikoaren hastapenei buruzko ikastaroa
Quantum computer AI generated

Egun, “bigarren iraultza kuantikoa” bizitzen ari gara. Azken urteetan, aurrerapen handiak egin dira teknologia kuantikoetan eta, batez ere, konputazio kuantikoan. Horren eraginez, simulazio eta optimizazio sistema klasikoak eraldatzen ari dira, baita esponentzialki hazten ari den adimen artifizial berri bat ere. Konputagailu kuantikoak egokiagoak dira problema informatiko konplexuetarako. Problema horiek optimizazio erronkak barne hartzen dituzte, hala nola erreakzio kimikoen simulazioa, medikamentuen identifikazioa, hainbat geldialdiko logistika eta adimen artifizialeko algoritmoak. Teknologia hori benetan garrantzitsua da, eta horregatik dago jada abian “teknologia kuantikoa duten ordenagailuak besteek baino lehenago garatzeko maila geopolitikoko lasterketa bat, horrek arrakala digitala irekitzea ahalbidetuko bailuke”. Iraultza hori industria birmoldatzen ari da, eta erronka etikoak ere planteatzen ditu. Ikuspegi futurista izateari utzi dio, eta errealitate disruptibo bihurtu da. Konputazio kuantikoak konputazio klasikoarekin alderatuta duen abantaila nagusia da aldi berean kalkulu asko egitea ahalbidetzen duela; hau da, prozesuak arinduko lituzke.

Ezaugarri hori industria ingeniaritza, automobilgintza, informatika, mekanika, kimika eta robotikari eragiten dieten algoritmo berrietan finkatzen ari da. Diziplina zientifiko hasiberria denez, ikerketa anitz daude konputazio kuantikoaren esparruan, baina soluzio kuantikoak ere hedatzen hasi dira berrikuntza proiektuetan eta amaierako bezeroetan, batez ere industriaren esparruan.

Konputazio kuantikoko prestakuntza jasotzea apustu segurua da; hala da gaur egun, eta are apustu sendoagoa izango da etorkizunean. Ikerketa erakundeak eta zenbait enpresa eskuragarri dagoen talentua eskuratzeko lehiatzen ari dira. Baina ez dago sobera; izan ere, oso pertsona gutxik dute prestakuntza egokia ikerketarako, tresnen garapenerako edo soluzio kuantikoak enpresen lan fluxuan integratzeko, enpresak teknologia hori beren onurarako erabil dezaten.

Ibermática Fundazioaren helburu nagusia da gure gizartean arrakala digitala murrizten laguntzea. Horretarako, teknologiak sustatzen ditu gure lurraldean, pertsona zaurgarrien gizarteratzea eta gizartearen garapena bultzatuta, bai eta aukera berdintasunaren printzipioa ere.

Esparru horretan, Quantum-Lab bat osatzen ari da, Ibermática Fundazioaren eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren arteko unibertsitatea-enpresa lankidetza baten baitan. Lankidetza horretan oinarrituta, apustu sendoa egingo da graduko eta graduondoko prestakuntzaren arloan, automobilgintzaren sektorearen beharrekin bat egingo duen doitutako talentua sortzeko xedez. Besteak beste, intereseko jardunaldiak eta saioak antolatu, eta gaurkotasun gaiei buruzko azterketa, analisi, garapen eta ikerketa lan akademikoak sustatuko dira. Eta hori guztia Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasleen eta ikasleen partaidetzarekin. Ordezkaritza eta lan foroetan, kongresuetan, azoketan eta abar ere elkarrekin parte hartuko dute, maila autonomikoan, estatuan eta nazioartean, eta azterlan eta ikerketetan lortutako emaitzak argitalpen zientifikoen bidez zabalduko dira. Halaber, lankidetzan jardungo dute ikasgelaren berezko jarduerak garatu ahal izateko ekipamendu espezializatua duen co-working espazio bat diseinatu eta sortzeko.

Ibermática Fundazioaren eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren arteko lankidetzaren lehenengo urratsa konputazio kuantikoaren hastapenei buruzko saio batzuk antolatzea izango da; alderdi hauek barne hartuko dituzte: teknologia kuantikoaren hastapenak, teknologia kuantikoaren oinarriak ulertzea abantaila konputazionala duten algoritmo informatikoetan, konbinaziozko optimizazioaren adibideak ikustea, konputazio kuantikoa “Quantum Machine Learning” sistemetan aplikatzea, eta konputazio kuantikoa simulazio fisikoko inguruneetan aplikatzea (bateria, molekula, indargetze eta bero sistemen modelizazioa, besteak beste).

Helburua da saio horietan Ingeniaritza Eskolako profesionalak teknologia berri horri buruz ikasten has daitezela, Ibermática Fundazioaren “expertise”ean oinarritutako gomendioei jarraikiz eta benetako kasuetatik abiatuta. Halaber, saioak bi erakundeen lankidetzaren abiapuntu izango dira, Eskolan egongo den “iberQuantum-Lab” laborategiaren esparruan; eta asmoa da erreferente izan daitezela etorkizunean jarduketa eremu horretan berezko titulu bat martxan jarri ahal izateko.