UPV/EHUko titulu ofizialen curriculum-garapenerako oinarriak
1. Unibertsitatearen zentzuak eta egitekoak bat etorri behar dute garai bakoitzeko gizarte‐ eta kultura‐dinamiken erritmoarekin. Azken hamarkadetan mundua erabat aldatu den bezalaxe, XXI. mendeko unibertsitatearen curriculum orokorrak ere bilakaera bat izan behar du, etengabe aldatzen ari den eta ezaugarri nagusitzat ziurgabetasuna duen gizartearen eskarietara egokitu ahal izateko. Goi‐mailako hezkuntzaren egitekoa, beraz, ingurunean gertatzen denaz jabetzen eta arduratzen diren pertsonak, etengabeko aldaketetara egokitzeko gai direnak eta arazo berriei sormenean eta etikan oinarrituta erantzuteko gai direnak prestatzea da.
2. UPV/EHUk jakin badaki ezagutzaren gizarteak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko premia itzela dagoela, eta beraz, bere tituluen curriculum‐garapena sustatu du. Horretarako, ekintza berritzaileak landu ditu, berariazko unibertsitate‐nortasuna garatzeko aukera ematen dion esparruaren baitan (UPV/EHUren 2007‐2010ko Plan Estrategikoa, 6. or.). Hala, Goi‐ Hezkuntzako Europear Esparrurako (GHEE) bateratasunak eta horrek dakartzan egitura‐aldaketek aukera paregabea osatzen dute kalitate‐, lehiakortasun‐ eta bikaintasun‐irizpideetan oinarritutako gure hezkuntza‐eredua osatzeko. Hartara, gure heziketa‐eskaintza nazioartekotu eta geruza handiagoko ikertzaile‐talentuak sustatu ahal izango ditugu.
3. Azken urteotan, irakasleak irakaskuntza‐metodologia berrietan trebatzeko programak sustatu ditu UPV/EHUk, eta tituluen curriculum‐garapena berrikusteko eta hobetzeko prozesuak abian jarri ditu, GHEEren eskakizunetara egokitzeko asmoz. Orain arte gure hezkuntza‐komunitateak egin duen ahaleginari esker, berariazko hezkuntza‐eredu bat lantzeko oinarriak definitzeko aukera izango dugu gaur egun. Eredu horrek, jakina, balioa erantsi beharko dio gure hezkuntza‐eskaintzari eta goi‐hezkuntzako Europear espazio berriko gainerako eskaintzetatik bereizteko modua emango digu.
4 Ikasleengan oinarria duen Ikaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa (IKD) ereduak biltzen du, hain zuzen, aipatutako helburu hori. Eta horixe izango da, beraz, UPV/EHUko titulazio ofizialen curriculum‐garapenerako proposamena.
- IKD ereduaren ardatza ikasleen ikaskuntza‐prozesua da. Metodologia aktiboen bitartez eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien laguntzarekin, ikaskuntza sustatzen du, irakaskuntza‐testuinguru eleanitzean.
- Dinamikoa eta aktiboa da. Egokitze‐ eta aldaketa‐premiei erantzuteko (titulu berriak diseinatzea eta ezartzea, ECTS kredituak onartzea, berrikuntzarako premiaz jabetzea...) eta heziketari begira sortzen ari diren eskari berriei erantzuteko (etengabeko prestakuntza eta zuzenekoa ez den prestakuntza), antolamenduaren eta metodologiaren aldetiko erronka berriak bere egiten ditu.
- Eredu plurala da. Tokian tokiko interpretazioa izango du, askotarikoa; titulu bakoitzak eta ikastegi bakoitzak bere interpretazioa egingo du, era malguan. Nolanahi ere, UPV/EHUren nortasun bateratuari erantzun beharko dio.
- IKD ereduaren oinarrian hezkuntza‐komunitatea osatzen duten eragile‐multzoaren arteko lankidetza‐lana dago: alegia, ikasleak, irakasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, sailak, ikastegiak eta gizarte‐eragileak. Horiek guztiek irakaskuntza‐ eta ikaskuntza‐prozesuen gaineko proiektuak eta ekimenak partekatzen dituzte, elkarri begirako konfiantza‐giroan.
5. IKD ereduaren arabera, titulu berrien curriculum‐garapena hazten eta hazten doa; eta, hain zuzen, funtsezko lau bidetatik hedatzen ari da:
Lanbide garapena
Lehenik eta behin, irakas‐ekintzarekin zerikusia duten pertsonen etengabeko prestakuntza (irakasleak eta irakas‐jardunean laguntzen duten langileak), lanbide‐garapen egokia bultzatze aldera.
Besteak beste, heziketa‐programek (ERAGIN, BEHATU eta UIPP Unibertsitateko Irakasleentzako Prestakuntza Programa), hezkuntza‐berrikuntzari laguntzeko proiektuek (PIE) eta irakas‐jarduna ebaluatzeko tresnek (DOCENTIAZ) lantzen dituzte IKD osatzeko ekintzak.
Lurralde eta jendarte garapena
IKD eredua garatzeko, bestalde, ezinbestekoa da etengabeko prozesu bat. Horren bitartez, UPV/EHUk bere gizarte‐ eta komunitate‐inguruneari begirako konpromisoa hartuko du. Bokazio publikoa eta ekonomiari zein gizarteari begirako iraunkortasun‐irizpideak izango ditu; eta ekitate‐ zein inklusio‐balioak sustatuko ditu. Era berean, IKDk aintzat hartzen ditu gure unibertsitatea kokatuta dagoen hiru lurralde historikoetako bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak, horiek sustatzeko asmoz; bide beretik, horietako bakoitzari dagokion heziketa‐ahalmena eskuratzen ahaleginduko da.
Gizarte‐inguruneari begirako erantzukizunezko curriculum‐garapena, hain zuzen, kanpo‐praktiken, gizarte‐ekimenekin egindako lankidetzen, gizarte‐sareen, enpresarekiko harremanaren, eta nazioarteko eskarmentua eta gure ikasleen lankidetza‐lana sustatzen duten mugikortasun‐programen bitartez gauzatzen da.
Garapen instituzionala
IKD curriculum‐garapenak politika instituzionalak bultzatzen ditu, irakaskuntzarekin zerikusia duten eragileen arteko lankidetza sustatzeko, konfiantzan eta dinamismoan oinarritutako giroan. ehundu eta pareko programak (alegia ikastaro/moduluko eta graduko koordinatzaile‐irudien, kalitate‐batzordeen eta irakasle‐taldeen sustapenaren bitartez irakas‐jardunaren egitura instituzionala sustatzen dutenak) funtsezko elementuak dira irakaskuntza‐kultura berri honetan. Izaera instituzionaleko beste ekintza batzuk, ordea, IKD kultura sustatzeko ikuspegitik hartu beharko dira aintzat. Ekintza hauek, esaterako: hainbat irakaskuntza‐moduren eskaintza (denbora partzialean, zuzenekoa, erdi zuzenekoa, ez‐zuzenekoa), IKTen erabilera garrantzitsu eta iraunkorra, ebaluazioarekin lotutako araudi instituzionalak, irakaskuntza‐ikastegien eta espazio komunen (IKDguneak) azpiegituren diseinua eta espazioak erabiltzeko ordutegia handitzea.
Heziketa aktiboa
IKDk gonbita egiten die ikasleei, ikaskuntzaren beraren protagonista eta unibertsitatearen gobernurako elementu aktibo bihur daitezen. Horretarako, metodologia aktiboen bitartez (ERAGIN, UIPP Unibertsitateko Irakasleentzako Prestakuntza Programa) egindako ikaskuntza‐prozesua sustatzen du, etengabeko eta trebakuntzazko ebaluazioa bermatzen du, ikastegietan harrera‐programak sustatzen ditu, aurretiaz duen eskarmentua aitortzeko modua finkatzen du (akademikoa, profesionala, bizitzakoa, kulturala), eta mugikortasun‐programak (ERASMUS, SENEKA) eta lankidetza‐programak sustatzen ditu.
6. Horregatik guztiagatik, IKD eredua gure "eman ta zabal zazu" leloaren ispilutzat daukagu, arbolak eta haren fruituak sinbolizatzen duena. Gure unibertsitatean dauka sustraituta, hain zuzen, bere oinarria; adarrak, berriz, harago daude zabalduta, eskuzabal eta emankor, gure mugen barnean eta horietatik kanpo ikasten, irakasten eta ikertzen diharduen komunitate osoa barne hartzen duela.