GAITUZ 2025

GAITUZ 2025. UPV/EHUko irakasleen garapen akademikorako laguntzen deialdia

Aurkezteko epea: 2024ko abenduaren 31ra arte
Helbide elektronikoa: kalberri@ehu.eus
Harremanetan jartzeko pertsona:​​​​​ José Fermín Pérez 

GAITUZ 2025 - Deialdia

Deialdia

ATARIKOA

UPV/EHUk, belaunaldiz aldatzen ari den honetan, zenbait helburu estrategiko ditu, hala nola irakaskuntzarekin, ikerkuntzarekin eta kudeaketarekin lotutako eta etapen araberako mugarrien inguruan zehaztu eta artikulatutako ikasketa eredu bat babestea. Karrera akademikoei ikuspegi bikoitz batetik heldu behar zaie. Alde batetik, unibertsitatearen hiru misioei modu integralean erantzuten dien prozesu bat da, eta, ildo horretatik, akademiko bakoitzak jarduera alor horien garapena zaindu beharko du, modu orekatuan; eta, bestetik, lan bizitza guztian luzatzen den prozesu bat da, eta, horren ondorioz, hainbat heltze fase igarotzen ditu, zeinetan orientabideak eta laguntza espezifikoak behar baitira.

Etorkizunean karrera akademiko bat egin nahi duten pertsonak testuinguru oso desberdinetan hasten dira lan munduan eta mundu profesionalean. Pertsona batzuk hasiera‑hasieratik hasten dira lanean talde antolatuen babesean, proiektu aktiboekin eta finantzaketa propioarekin, eta beste batzuek, berriz, bakarrik ekiten diote prozesu horri, akademiarekin apenas loturarik izanda. Bigarren kasu honetan, diru laguntza behar-beharrezkoa da hobetzeko eta akreditatzeko bide emango dieten ekintzak gauzatzeko. Politika horren bidez, askotariko proiektuetan (irakaskuntzakoetan, hezkuntza berrikuntzakoetan, ikerketakoetan, transferentziakoetan) modu koordinatuan eta elkarlanean jarduten duten eta barneko prestakuntza eta garapen prozesuetarako finantzaketa modu autonomoan lortzen duten irakasleen taldeak sortu nahi dira. Hasierako ziklo hau itxitzat ematen da lan figura iraunkor batera igarotzeko beharrezkoa den egiaztagiriarekin batera.

Hala, behin irakasleek unibertsitateko agregatu edo titular maila eskuratzen dutenean, karrera akademikoak heltze faseari ekiten dio; fase horretan, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta transferentziaren alorrean sakontzen da, eta lidergo ardurak hartzea ezinbestekoa da hala pertsonentzat nola unibertsitateari berari begiraturik ere. Irakasle iraunkorrek aitor daitezkeen talde akademikoen barruan lan egin ohi dute, baina, egoera bakan batzuetan (eta gero eta ezohikoagoetan), etengabeko diru laguntza oraindik ere beharrezkoa da bikaintasunezko irakaskuntza garatu ahal izateko.

1. oinarria. DEIALDIAREN HELBURUA

Garapen akademikorako GAITUZ programaren helburua da kanpo akreditazioko mugarrien bitartez ibilbide profesional mailakatuak, eskalagarriak eta aitorgarriak osatzen dituzten jardueren finantzaketan laguntzea. Finantzaketa hori bereziki egokitzen zaio irakasleen ibilbideari berori edozein delarik ere. Horrela, laneratzeko eta hasierako zikloan dauden pertsonei modu zuzenagoan eta sakonkiago lagundu nahi zaie, azkenik irakasle iraunkorraren akreditazioa lortu ahal izan dezaten. Horrez gain, barneko edo kanpoko beste deialdi batzuen bidez jorratzen ez diren alderdietan ere lagundu nahi zaie irakasle iraunkorrei.

Horretarako, guztira 110.000 euro jarriko dira, betiere UPV/EHUko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren aurrekontuan behar adina aurrekontu kreditu badago.

Kreditu hori honela banatuko da: 90.000 euro, UPV/EHUri lotuta asko jota 15 urte daramaten eta gaur egun unibertsitateko kolaboratzaile ez iraunkorraren, unibertsitate eskolako kolaboratzaile iraunkorraren, unibertsitateko laguntzailearen, unibertsitateko bitartekoaren edo irakasle atxikiaren kontratua duten irakasleentzat; eta 20.000 euro, 2024ko abenduaren 1ean unibertsitateko katedradunaren, unibertsitate eskolako katedradunaren, irakasle osoaren, unibertsitateko titularraren, unibertsitate eskolako titularraren, irakasle agregatuaren, lankide iraunkorraren edo lankide mugagabe ez finkoaren kontratua dutenentzat.  Irakasle elkartuak ez dira sartzen, 3.1.1.b) atalean adierazitakoak salbu.

2. oinarria. LAGUNTZA JASOTZEKO BALDINTZAK

Ezin izango dituzte GAITUZ deialdiko laguntzak eskatu egoera hauetako batean daudenek:

  • a) Epai irmoz diru laguntza edo laguntza publikoak ez jasotzera kondenatuak izan badira.

  • b) Zorrak badituzte UPV/EHUk ematen dituen diru laguntzak itzultzeko dauden betebeharrak direla eta.

  • c) Ebazpen irmo bidez diru laguntzak ez jasotzera zigortuak izan badira hori xedatzen duten legeen arabera. 

  • d) Eskatutako laguntzak partzialki edo osorik berariazko deialdiez diruz lagundu badaiteke edo jarduerarengatik diru saria jaso bada. Eskatzaileak beste deialdi batzuetan laguntza eskatu badu eta erantzunaren zain badago, eskaeran zein deialditan parte hartu duen eta zenbateko laguntza eskatu duen adierazi beharko du. Eskatzaileak behin betiko ebazpena komunikatu beharko du eta baiezkoa balitz Gaituz deialdian eginiko laguntza bertan behera utziko da.

  • e) UPV/EHUk ezin badu bermatu kontratazioa deialdi honen urte natural osorako (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra), edo, gutxienez, finantzaketaren xede diren jarduerak garatuko diren eperako.  Ordezko langileen kasuan, egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, dagokion sailak sinatuta.

3. oinarria. UPV/EHUko GARAPEN AKADEMIKOAREN IBILBIDEAK

Karrera akademikoaren garapena progresiboa eta mailaz mailakoa denez, deialdi honetako laguntzak bi ibilbideren arabera kudeatuko dira.

3.1.  1. ibilbidea

Ibilbide honen helburua da diru laguntzak ematea, karrera hasi berri duten, hasierako prestakuntza faserako (doktorego tesia egiteko eta defendatzeko) babes berezia behar duten eta dagokion kanpo akreditazioa behar duten irakasleen gaitasun akademikoa hobetzeko eta akreditatzeko jarduerak finantzatzeko, zeini dagokion kanpoko egiaztagiria eta iraunkortasuna lortuko badute.

Laguntza eskatzen duten irakasleek eskaera bakar bat aurkeztuko dute, deialdiaren aldirako prestatu duten garapen akademikoko plana jasota. Plan horrek saileko zuzendariaren oniritzia izan beharko du (eta, hala balegokio, doktorego tesiko zuzendariarena).

Laguntzaren helburu liratekeen jarduera moten barruan sartuko dira irakaskuntza berrikuntzari edo atzerriko hizkuntza bati dagozkienekin hasi eta eskatzailearen arlo zientifikoaren jarduera espezifikoekin amaituta, baldin eta interesatuak jarduera horretarako bestelako laguntzarik, banakako zein taldekakorik, jasotzen ez badu.

3.1.1. Onuradunen lotura mota eta baldintza bereziak

  • a) Unibertsitatearekin lotura izatea unibertsitateko kolaboratzaile ez iraunkor, unibertsitate eskolako kolaboratzaile ez iraunkor, unibertsitateko laguntzaile, irakasle atxiki edo unibertsitateko bitarteko kontratupeko gisa.

  • b) Irakasle elkartu klinikoa, ez doktorea. Kasu honetan irakasle eskatzaileak finantzatutako ikerketa proiektu lehiakor batean aritzea eta UPV/EHUko doktorego programa batean matrikulatuta izatea izango dira bete beharreko berariazko baldintzak.

  • c) Ikertzaile gisa kontratutakoak ezin izango dira deialdi honen onuradun izan.

3.1.2. Baldintza bereziak:

  • a) Deialdi honen indarraldirako esleitutako irakaslana.

  • b) Unibertsitatearekin guztira hiru urte baino gehiagoko lotura duten irakasleek, baina hiru urte horietara heltzen ez den irakats jarduera, egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, non zehaztuko den zeintzuk urtetan eman dituzten eskolak kontratatuta egon diren urte guztietan eta zeintzuk urtetan ez duten izan esleituta irakats jarduerarik. Egiaztagiri horiek lortu ahal izango dira irakasleen webgunean: ziurtagiriak, irakasle eta ikertzaileen eskariak, irakaslana (emandako eskolak).

  • c) Hiru urte baino gutxiagoko irakaskuntza esperientzia duten irakasleek irakats jardueraz ikasleek duten iritziari buruzko inkestak eginda edukitzea. Hiru urtetik gorako esperientzia duten irakasleen kasuan, Docentiaz programan ebaluatua izana azken bost deialdietako bateren batean, edo, bestela, 2025eko Docentiaz deialdian parte hartzeko konpromisoa hartzea (2. eranskina). Laguntza automatikoki kenduko da baldin eta, programa honetan urtean parte hartu duten parte hartzaileen artean, eskatzailea agertzen ez bada.

  • d) Docentiaz programan parte hartzeko konpromisoa betetzeko ezintasuna UPV/EHUko Ebaluazio Zerbitzuak emandako txostenaren bidez egiaztatuko da nahitaez. Behin Docentiaz programaren deialdia irekita, eskatzailea Ebaluazio Zerbitzuarekin jarriko da harremanetan  (serv.evaluacion@ehu.eus), Docentiaz programaren deialdian adierazitako eskaera aldiaren lehen 15 egunetan, deialdian benetan parte hartzeko ezintasuna dagoela egiaztatzeko. Hori egiaztatu ondoren, Ebaluazio Zerbitzuak txosten bat bidaliko dio eskatzaileari, GAITUZ deialdian justifikazio gisa aurkezteko.

  • e) Atzerriko hizkuntzak jarduerarako finantziazioa eskatzeko, baldintza hau bete behar da: indarreko ikasturtean, UPV/EHUko gradu edo graduondokoetan irakasgaiak atzerriko hizkuntzan ematea.

3.1.3. Jarduera finantzatuak

2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 30era bitartean egiten diren jarduerak finantzatuko dira. Salbuespen izango da atzerriko hizkuntzan laguntzeko tutoretza eta monitoretzak, eta laguntzaren atzeraeragina ikasturtearen hasieran kontuan har liteke.

  • a) Espezializaziorako prestakuntza ikastaroak / mintegiak

    Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako prestakuntza ematen duten ikastaroak edo mintegiak, doktorego tesiaren gaiarekin, norbere diziplina arloko hezkuntza berrikuntzarekin eta eguneratzearekin eta/edo norbere akreditazio prozesuarekin zerikusia dutenak. Gehieneko eskaera kopurua: bat deialdi bakoitzeko. Kontzeptu honen barruan ez da onartuko kongresu, sinposia eta abarrekin loturiko jarduerarik.

    Ez dira onartutako ikerketa prozeduretan erabiliko diren teknikak (Bibliometria, Estatistika…) ikasteko prestakuntza ikastaroak, horiek eskatzailearen ikerketa eta irakaskuntza esparruko gaiak izan ezik.

    Ez da onartuko egiaztagiri profesionalen bat lortzea helburua duten azterketak prestatzeko ikastarorik.

    Ez da onartuko berezko tituluetan, masterretan edo irakaskuntza ofizialetako ikastaro arautuetan matrikulatzeko eskaerarik.

  • b) Prestakuntza egonaldiak

    Estatu mailan zein nazioartean ezaguna den erakunde akademikoren batean prestakuntza egonaldi bat egitea, UPV/EHUren aberastasun akademikoan lagun dezakeen eskatzailearen prestakuntza espezifikoa barne hartuko duena.

  • c) Kongresuak

    Tesiarekin, irakaskuntza berrikuntzarekin eta norbere akreditazio prozesuarekin zerikusia duten biltzarretan parte hartzea. Poster, komunikazio eta/edo ponentzia bat aurkeztu behar da nahitaez, joan besterik egiten ez denean laguntzarik ez delarik emango. Poster, komunikazio edo ponentzia bakoitzerako, komunikazioaren edo txostenaren egile batek bakarrik eska dezake laguntza. Gehieneko eskaera kopurua: poster bat edo komunikazio/ponentzia bat edo bi komunikazio/ponentzia, deialdi bakoitzeko.

  • d) Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntza

    Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzarako laguntza espezifiko gisa, tutoretza espezifiko edo monitoretza gisa emandako saioak diruz lagunduko dira.

    Era berean, atzerriko hizkuntzan erredaktatutako irakats materialaren zuzenketak finantzatuko dira.

    Deialdi honetan ez dira sartuko hizkuntza bat ikasteko eskola arruntetara joatearekin lotutako eskabideak.

    Tutoretzak/monitoretzak eta zuzenketak kasuan kasuko alta fiskala emanda duten erakundeek edo profesionalek egingo dituzte eta, ondorioz, gaituta egon behar dira ofizialki kontratatuak izan diren jarduera egiteko nola jarduera hori egiaztatzeko. Eskatzaileak arrazoitu egin beharko du zergatik aukeratu duen kasuan kasuko erakundea edo profesionala.

    Gehieneko eskaera kopurua: 1 deialdi bakoitzeko.

3.2.   2. ibilbidea

Ibilbide honen helburua da irakasle iraunkorrek irakaskuntzako bikaintasuna garatzeko jarduerak berariaz finantzatzeko diru laguntzak ematea.

Laguntza eskatzen duten irakasleek eskaera bakar bat aurkeztuko dute, deialdiaren aldirako prestatu duten garapen akademikoko plana jasota. Plan horrek saileko zuzendariaren oniritzia izan beharko du.

3.2.1 Onuradunen lotura mota.

Unibertsitatearekin lotura izatea unibertsitateko katedradun, unibertsitate eskolako katedradun, irakasle oso, unibertsitateko irakasle titular eta irakasle agregatu, lankide iraunkor, lankide mugagabe ez finko gisa.

3.2.2. Baldintza bereziak. Eskatzaileak baldintza hauek guztiak bete beharko ditu:

  • a) Deialdiaren indarraldirako irakaslana esleitua izatea.

  • b) Docentiaz programaren azken bost deialdietako batean parte hartu izana 70 puntutik gorako puntuazioarekin, edo, bestela, 2025eko Docentiaz deialdian parte hartzeko konpromisoa hartzea (2. eranskina). Laguntza automatikoki kenduko da baldin eta, programa honetan urtean parte hartu duten parte hartzaileen artean, eskatzailea agertzen ez bada.

  • c) Irakaskuntza berrikuntzako proiektu aitortuetan parte hartzen aritzea: PIE-iKD3/Laborategia, Campus Bizia Lab, erakundearen berrikuntza proiektuak, Erasmus+ eta abar; edo 2022ko abenduaren 31 baino geroago amaitua izatea.

    Ez dira onartuko indarreko ikasturtean berrikuntza proiektu aitortuetan parte hartzeko eskaerak, ez bada jakina onartuak izan direla GAITUZ deialdiko eskaerak ebaluatu eta ebazteko unean.

  • d) Atzerriko hizkuntzak jarduerarako finantziazioa eskatzen denean bakarrik bete behar da baldintza hau: indarreko ikasturtean, UPV/EHUko gradu edo graduondokoetan irakasgaiak atzerriko hizkuntzan ematea.

3.2.3. Jarduera finantzatuak.

2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 30era bitartean egiten diren jarduerak finantzatuko dira. Salbuespen izango da atzerriko hizkuntzan laguntzeko tutoretza eta monitoretzak, eta laguntzaren atzeraeragina ikasturtearen hasieran kontuan har liteke.

  • a) Prestakuntza egonaldiak

    Estatu mailan zein nazioartean ezaguna den erakunde akademikoren batean prestakuntza egonaldi bat egitea, hezkuntza berrikuntzarekin lotua, UPV/EHUren aberastasun akademikoan lagun dezakeen eskatzailearen prestakuntza espezifikoa barne hartuko duena.

  • b) Irakaskuntza kongresuak.

    Kongresu batean parte hartzea eta irakaskuntza berrikuntzari buruzko komunikazio edo/eta ponentzia bat bertan aurkeztea. Komunikazio edo ponentzia bakoitzerako, komunikazioaren edo txostenaren egile ikertzaile batek bakarrik eska dezake laguntza. Deialdi honetatik at geratzen dira bai kongresuetara joatea komunikazio edo ponentziarik aurkeztu gabe, nola aurkeztutako komunikazio edo ponentzia irakaskuntza berrikuntzari buruzkoa ez bada esplizituki. Gehieneko eskaera kopurua: bat deialdi bakoitzeko.

  • c) Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntza

    Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzarako laguntza espezifiko gisa, tutoretza espezifiko edo monitoretza gisa emandako saioak diruz lagunduko dira.

    Era berean, atzerriko hizkuntzan erredaktatutako irakats materialaren zuzenketak finantzatuko dira.

    Deialdi honetan ez dira sartuko hizkuntza bat ikasteko eskola arruntetara joatearekin lotutako eskabideak.

    Tutoretzak/monitoretzak eta zuzenketak kasuan kasuko alta fiskala emanda duten erakundeek edo profesionalek egingo dituzte eta, ondorioz, gaituta egon behar dira hala ofizialki kontratatuak izan diren jarduera egiteko nola jarduera egiaztatzeko. Eskatzaileak arrazoitu egin beharko du zergatik aukeratu duen kasuan kasuko erakundea edo profesionala.

    Gehieneko eskaera kopurua: 1 deialdi bakoitzeko.

4. oinarria. LAGUNTZEN ZENBATEKOA ETA EZAUGARRIAK

4.1. Prestakuntza ikastaroen kasuan izan ezik, laguntzen bidez ordainduko dira diruz lagun daitezkeen jardueretan parte hartzeari lotutako izen emate, bidaia, ostatu eta/edo mantenu gastuak. Kongresu edo ikastaroa beste nonbait baldin bada, diru laguntzaren zenbatekoa biltzarra egingo den herriaren arabera zehaztuko da.

Izena ematean eta matrikula egitean, bai eta bidaiak eta ostatua kontratatzean ere, ezerezte asegurua kontratatu beharko da ordainketarako, jarduera ezin bada egin ordaindutakoa itzultzea estaliko duena. Kontzeptu hori argi eta garbi islatu behar da fakturan. Jarduera egiten ez bada, eta arrazoia justifikatuta badago, osagarri horri dagokion zatia baino ez du estaliko laguntzak.

4.2. Jarduera jakin baterako eta kontzeptu zehatz baterako, eskarian planteatutako hasierako banaketa oinarri harturik emandako laguntza (izena ematea, bidaia, ostatua eta mantenua) ezin izango da beste jarduera bateko edo jarduera bereko beste kontzeptuetara iragan.

4.3. Ikastaroen kasuan, matrikularen % 100 finantzatuko da, gehienez ere 1.000 eurotara arte eskari bakoitzeko. Ez da ordainduko bidaia gasturik eta ostatu eta mantenu gasturik.

4.4. Egonaldien kasuan finantzatuko dira izena emateko gastuak, joan‑etorriak, eta ostatu eta mantenu gastuak. Hau da gehienez emango den finantziazioa:

  • Espainiako Estatuko herriak: 600 € eskaera bakoitzeko.
  • Europako herriak: 1.200 € eskaera bakoitzeko.
  • Europatik kanpoko herriak: 1.200 € eskaera bakoitzeko.

4.5. Atzerriko hizkuntzan laguntzeko ekintzetan izena emanez gero, gehienez ere 800 euro ordaindu ahal izango da.

Ezin dira ordaindu material gastuak, ez eta bidaia, ostatu eta mantenuak eragindako gastuak ere.

4.6. Biltzarretara joateagatik, honako zenbateko hauek emango dira gehienez ere:

  • Espainiako Estatuko herriak: 600 € eskaera bakoitzeko.
  • Europako herriak: 1.200 € eskaera bakoitzeko.
  • Europatik kanpoko herriak: 1.200 € eskaera bakoitzeko.

Gehienez ere biltzarreko egunak finantzatuko dira, gehi biltzarraren aurretiko bat (mantenu erdia eta ostatua) eta biltzarra amaitu ondorengo beste bat (mantenu erdia besterik ez), betiere egin beharreko bidaiak hala justifikatzen badu.

Jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egingo badira, ostatu gastuak behar bezala justifikatu beharko dira jarduerak egun batean baino gehiagotan egingo badira, arau orokorra izango baita halakoetan eguneroko joan‑etorriak ordaintzea.

4.7. Aurreko ataletan adierazitako gehieneko zenbatekoak gorabehera, laguntzen zenbatekoak eta horiek justifikatzeko moduak bat etorriko dira joan-etorria hastean indarrean dagoen UPV/EHUren barne arautegiak zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruz dioenarekin.

Araudi horretan ezarritako mugak gainditzen dituzten fakturak onartuko dira soilik ostatua edo garraioa UPV/EHUrekin lan egin ohi duten bidaia-agentzien bitartez kontratatzen denean, eta aurkezten den fakturaren zenbatekoa gainditzen duten agentzia horien beste aurrekontu batzuk eransten direnean.

4.8. Kongresurako izena ematearen barruan mantenu erdia sartuko balitz, kasuan kasu, bazkari edo afariari dagokion eguneko dietaren ordainketa besterik ez da emango.

4.9. Ibilgailu propioa salbuespen gisa erabiliko da, eta 1.000 kilometro, gehienez, joan-etorriko ibilbidean. Kilometrajeagatiko tarifa aplikatuko da, barne araudiaren arabera. Norberaren ibilgailuaren erabilera hertsiki mugatuko da IRIren arloko errektoreordetzak eta gerentziak zerbitzuengatiko kalte ordainei buruz hartutako erabakiak ezarritako arautegian finkatutakora: bidaia sariak eta kilometroak ordainduko dira, baina ez da ordainduko erregaia.

Edozelan ere, aldez aurretik baimena eskatu beharko da, laguntza eskatzeko eskaera egiten denean, arrazoiak azalduta eta kalkulatutako aurrekontua zehaztuta. Ez dira finantzatuko eskatu eta deialdia ebazteko unean baimendu ez diren ibilgailua propioaren erabilerak eragindako gastuak.

Eskatzaileari jakinaraziko zaio, posta elektronikoz, ibilgailua erabiltzeko eskaera onartzen den ala ez.

4.10. Deialdi honen estalduratik kanpo geratuko dira:

  • Bisatuak lortzeko gastuak.
  • Transakzioek eragindako banku komisioak, eta beste finantza-gastu batzuk.
  • Aseguru pribatuak
  • Materiala erosteko edo inprimatzeko gastuak
  • Deialdiaren helburuarekin lotuta ez dauden beste gastu batzuk.

4.11. Jarduera jakin baterako laguntza esleitu ondoren, ezingo da beste batekin ordeztu.

4.12.  Laguntza hauek ez dira bateragarriak administrazioak eman dezakeen beste edozein diru laguntzarekin, baldin eta helburu bera badute.

4.13. Irakasle eta ikertzaileek gehienez ere 2.500 euro eskuratu ahal izango dituzte urte bakoitzean 1. ibilbidean eta 1.500 euro 2. ibilbidean. Nolanahi ere, jasoko duten azken zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira proposamenaren ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako eskaeren kopurua, eskaeren zenbatekoa eta GAITUZ deialdi honetarako jarri den aurrekontu zuzkidura.

4.14. Eskatutako proposamenak aldeko ebaluazioa jasotzen badu, eskatutako aurrekontuaren % 50 aurreratuko da deialdia ebazten denean. Jarduerak burutu ondoren, azken likidazioa gauzatuko da.

5. oinarria. ESKAERAK AURKEZTEA

5.1. Aurkeztu beharreko agiriak.

  • a) Eskaera bakar bat, inprimaki arautuan eta saileko zuzendariak oniritzita edo sinadura jatorrizko edo elektronikoaz. Eskaeran jasoko dira:

    • i) jarduera planaren justifikazioa, dagokion ibilbidearen helburuak lortzeko zer-nolako garrantzia izango duten eta zer emaitza espero diren adierazita. Eskatzaileak zehatz‑mehatz eta maila pertsonalean zehaztu beharko du finantzatutako jardueren bidez lortutako prestakuntzak irakaslanean izango duen eragin positiboa. Ez dira kontuan hartuko, epaimahaiak hala egiaztatzen badu, finantzatutako jarduerek irakaskuntzaren hobekuntzan eragin zuzena duten eskaerak

    • ii) jarduera plan hori egiteko gutxi gorabeherako aurrekontua, deialdi honetako 4. oinarriko irizpideei jarraituz.

    • iii) eskatzaileak sinatutako zinpeko adierazpena, 2. oinarrian jasotako egoeretan ez daudela, eta inongo administrazioren diru laguntzarik jaso ez duela deialdi honetan eskatutako jarduerak finantzatzeko, adierazten duena (1. eranskina).

    • iv) Ezinbestekoa izango da harremanetarako telefono mugikor bateko zenbakia adieraztea.

  • b) Lizentzia edo Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzari lizentzia eskatu izanaren frogagiria edo, halakorik ezean, legokiokeen eranskina, non eta eskatzaileak gain hartzen baitu, unea iritsiz gero, lizentzia hori eskatzeko ardura, bai eta betebehar hau ez betetzeak lekarzkiokeen ondorio orokorrak ere, ezinbestean bete beharreko baldintza baita unibertsitateko pertsonalaren edozein joan-etorritarako (3. eranskina).

  • c) Atzerriko hizkuntzan laguntzeko tutoretza edo monitoretzetarako, aski izango da saileko zuzendariaren baimena izatea edo, honen ezean, ikastegiarena edo IRIen errektoreordetzarena. Edozein ezezkok arrazoitua behar du izan.

  • d) Eskatzaileak, nolanahi ere, eskarian zehaztu beharko du modu argiaz, finantzatu gura duen jarduera klase eta tutoretzako ordutegitik kanpo egingo dela.

  • e) Egindako irakaskuntza zerbitzuen zerrenda.

  • f) 3.1.1 (1. ibilaldia) eta 3.2.1 (2. ibilaldia) puntuak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiria.

    Irakaskuntza zerbitzuak eta indarrean dagoen irakaskuntza jarduera justifikatzen dituzten agiriak, eta erabilitako hizkuntza, UPV/EHUk bere langileen eskura jartzen dituen bitarteko elektronikoen bidez lortu ahal izango ditu eskatzaileak berak identifikazio pertsonalaren bidez: langileen ataria, zerbitzuen historialerako, eta GAUR, indarrean dagoen ikasturteko irakaskuntza enkargurako

  • g) Eskatzailearen curriculum laburtua. Gehienez, 7 orri.

  • h) Prestakuntza egonaldien kasuan, arrazoitu egin beharko da eskatzaileak zergatik nahi duen joan kasuan kasuko erakundera, edo erakundeko pertsona jakin batekin jardun. Erakundeko pertsonaren izena adierazi beharko da nahitaez. Egonaldiaren ostean, egindako jardueren memoria aurkeztu beharko da.

  • i) Ikastaroen kasuan, argiro adierazi beharko da eskarian ikastaroaren izen ofiziala eta berori irakatsiko duen entitatea. Era berean, irakatsi beharreko edukiaren banakatzea ere jasoko da.

  • j) Kongresuen kasuan:

    • Biltzarraren izaeraren justifikazioa, eskaerari Batzorde Zientifikoaren osaera eta komunikazioak hautatzeko prozedura erantsita.

    • Komunikazioa onartua izan dela adierazten duen idatzia Baldin eta eskatzaileak eskaera aurkeztean aipatutako onespena ez badu, laguntza jasotzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du geroago, baina bidaia hasi aurretik betiere.

    • Komunikazio onartua eta kongresuan aurkeztuko dena. Publikatzekotan UPV/EHUko afiliazio instituzionala eta nortasun korporatiboa adieraziko da beti ere unibertsitateak jarritakoari jarraituz.

  • k) Atzerriko hizkuntzarako laguntzen kasuan.

    • Eskatzailearekiko laguntza linguistikoa burutzen duen entitatearen izena edo, honen ezean, profesionalaren jarduera ekonomikoaren errolda aitorpena, ogasun sailak emandako agiria aurkeztuz.

    • 2024/2025 ikasturteko irakats betebeharren zerrenda, zer hizkuntzatan eman den jasota.

    • Eginkizunen planaren justifikazioan —kasuan kasuko ibilbideko helburuak lortzeko garrantzia adierazita, baita nolako emaitzak espero diren ere—, hauek zehaztu beharko dira: zer irakasgaitarako eskatzen den laguntza, zer gradu edo masterretakoak diren eta zer ikastegitan ematen diren.

5.2. Aurkezteko epeak eta baldintzak.

  • a) Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, gehienez, hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

  • b) Eskaera aurkezteko, 5.2.c puntuan ezarritako prozedura erabiliko da, eta 2 PDF dokumentu erantsiko dira: bata eskabidearekin eta bestea deialdian jasotako dokumentazio guztiarekin.

  • c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.e) artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakian adierazitakoarekin (erabaki horrek onartu egiten ditu interesatuak UPV/EHUrekiko harreman elektronikoetan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa erabiltzeko jarraibideak, bai eta erakunde horretan lanean ari diren pertsonak identifikatu eta sinadura elektronikoa erabiltzekoak ere), eskaera aurkeztu behar da UPV/EHUko erregistro elektronikoaren bitartez: https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico. Bertan sartuta, “Jasotzailea” atalean Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea/ Hezkuntza Berrikuntzaren Arloa aukeratu behar da. Horretarako, identifikazio elektronikorako sistema hauetakoren bat erabili behar da: Izenperen ziurtagiri digitala, UPV/EHUren txartela (Izenpe), NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES).

    Era berean, eskaera aurkeztu ahal izango da sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikoan eta, ohiz kanpoko kasuetan, erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan, aurrez aurre. Erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan aurkezten diren eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko adostasun espresua adierazi ondoren, bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakian adierazitakoarekin. Erabaki horrek onartu egiten ditu gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea UPV/EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.

  • d) Eskatzaileak UPV/EHUko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez ditzake agiriak.

6. oinarria. GASTUAREN GESTIOA

6.1 Laguntza bi epetan ordainduko da. % 50 aurrerago ordainduko da, deialdia ebazten denean, eta gainerako % 50a, berriz, dagokion egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

6.2. Diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, jardueron justifikazioari ekingo zaio egindako gastuen frogagiri, faktura eta tiket originalak aurkeztuz.

6.3. Kongresuen kasuan, bertaratze ziurtagiria, egunak barne, aurkeztutako komunikazioaren ziurtagiria, eta zinpeko aitormena, adieraziz ez dela jaso ordainsaririk, aurkeztuko da.

6.4 Bertaratze ziurtagiria, ikastaroaren antolatzaileak emana, iraupen egunak adierazita

6.5. Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan laguntzeko tutoretza/monitoretzen kasuan, erakundearen edo profesionalaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, non jarduera onuragarria izan dela eta orduetan izandako iraupena zehaztuko den.

6.6. Irakats materialaren zuzenketei dagokienez, itzulitako materialaren lehen orrialdea eta azkena sartu beharko dira. Orrialde horiekin batera erakundearen edo profesionalaren ziurtagiria joango da, bertan jasoz zein den testu osoaren luzapena (orrialde edo karaktere kopurua) eta adieraziz horixe dela itzulitako testuari dagozkion hasiera eta amaiera.

6.7. Egiaztagiri guztiak agertuko dira 4. eranskinarekin batera, bertan delarik gastuen xehakapena.

6.8. Laguntza eskatu dutenek, jatorrizko fakturez gain, egindako ordainketen bankuko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, beren izenean, egindako gastuen justifikazio gisa. Fakturak zerbitzua eskaini duen enpresak edo profesionalak egin behar ditu. Ez dira hartuko kontuan aipatutako dokumentazioa aurkezten ez duten gastuak.

6.9. Mantenuari, ostatuari eta bidaiari dagozkien tiket eta faktura guztiak banakakoak izan behar dira, eskatzailearen izenean egon behar dira eta eskatzailearen gastuak bakarrik agertu behar dira zehaztuta. Ez dira faktura edo tiket partekatuak onartuko, pertsona bati baino gehiagori dagozkien gastuak barne hartzen dituztenak.

6.10. Ostatuari dagozkion fakturek argi eta garbi adierazi beharko dute ostatu hartutako pertsonen kopurua, baita egonaldiaren egun kopurua ere, sarrera- eta irteera-datekin.

6.11. Garraiobideak erabiltzeagatik sortutako fakturek argi eta garbi adierazi beharko dituzte bidaiaren datak eta ibilbidea, jatorria eta helmuga adierazita.

6.12. Justifikatutako gastua jasotako aurrerapena baino handiagoa bada, emandako zenbatekoa kontuan harturik, jasotzeko falta dena ordainduko da. Bestela, interesdunak neurriz gain jaso duen zenbatekoa itzuli beharko du azalpenean bere izen-deiturak eta “GAITUZ” ipiniz. Tramite honetarako deialdiaren arduradun teknikoarekin jarriko da harremanetan itzulkinak sartu behar dituen kontuaren zenbakia hartu eta sarrera egingo delarik.

6.13. Diru sarrerak, erabiltzaileak esandako kontu korrontean egingo dira. Kontu honetako titulartasun agiria gehitu behar da.

6.14. Bi epe egongo egindako jarduerei buruzko dokumentazioa bidaltzeko: 2025eko uztaileko lehenengo hamabostaldian eta abenduko lehenengo hamabostaldian. Hortaz, jarduera planen bat lehenengo seihilekoan egin bada, eskatzaileak lehenago jaso dezake finantzaketa, betiere dagokion fakturak eta frogagiriak aurkezten baditu.

6.15. 2025eko abenduaren 15ean amaituko da fakturak bidaltzeko eta aurreratutako zenbatekoa justifikatzeko epea, salbu eta abenduaren 10 eta 31 bitartean egindako jardueretarako. Hauen kasuan, epea urtarrilaren 2ra arte luzatuko da.

Epe horretatik kanpo aurreratutako dirua itzuli beharko da 6.12. atalean adierazitakoari jarraituz.

6.16. Egindako diru sarrera egiaztatzen duen agiria entregatu beharko da.

6.17. Ez da gasturik ordainduko dagokion egiaztagiria aurkeztu ezean.

6.18. Bidaiei dagokienez, bidaia gastuak egiaztatzeko, jatorrizko billete, ontziratze txartel eta tiketak aurkezteko eskatuko da, ordainketaren faktura edo frogagiriez gainera.

6.19. Ez da onartuko ibilgailuak alokatzeko egindako gasturik.

6.20. Ibilgailu partikularra erabiliz gero, egiaztagiri gisa aurkeztu beharko dira autobideko agiriak, baldin badaude, edo joan-etorri horiek justifikatzen dituzten erregai kargak.

6.21. Egindako ostatu eta mantenu gastuen frogagiriak, betiere, UPV/EHUko gerentziaren erabakiak estatu mailan eta helmugako herrialde bakoitzean zehaztutako gehieneko balioak kontuan izanik.

6.22. Inola ere ez da fotokopiarik onartuko jatorrizko agiriak galtzeagatik.

7. oinarria. LAGUNTZA ESKAEREN EBALUAZIOA

7.1. Irizpide hauen arabera ebaluatuko dira eskaerak:

  • a) Jarduera planak ibilbideetako bakoitzaren helburuak lortzeko egiten duen ekarpenaren justifikazio arrazoitua.

  • b) Proposaturiko jardueren garrantzi eta kalitate akademikoa.

  • c) Eskaera egin duen pertsonaren curriculuma, kolektibo bakoitzaren kategoria profesionalaren arabera.

  • d) Belaunaldi aldaketarako zailtasunak dituzten diziplina eremuan lehentasuna.

7.2 Eskaerak Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak honetarako propio izendatutako batzorde tekniko batek balioztatuko ditu. Batzorde honek eskumen nahikoa izanen du oinarrizko zientzia bermerik eta eskatzailearen jakintza arloarekiko erlaziorik edo itxuraz finantzatutako prestakuntzaren irakaskuntza esparrurako translazio zuzenik ez badute, eta eskatzaileari ezespen hori egiteko arrazoiak emango dizkio bazterrean uzteko, eskatzaileari adierazita ezestearen zioak zeintzuk diren.

Salbuespenez, batzordeak balioztatuko ahal ditu, deialdi honetan ezarritakoarekin bat etorri ez, baina garapen profesionalerako zein irakaskuntza berrikuntzarako aparteko garrantzia luketen jarduerak eta aldeko gisa tramitatuko dira, onarpenaren arrazoiak emanik.

8. oinarria. BI IBILBIDEETARAKO LAGUNTZAK KUDEATZEKO ETA EBAZTEKO ORGANOAK

8.1. Kudeaketa organoak

UPV/EHUko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak kudeatuko du deialdi hau.

8.2. Ebazpena

  • a) Ebazpen batzordeak, ebaluazio prozesu osoa amaitu ondoren, laguntzak emateko proposamena helaraziko dio dagokion errektoreordetzari.

  • b) Behin-behineko ebazpen baten bitartez, argitaratuko da https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/ webgunean eskaera ukatuen, onartuen eta dokumentazioa zuzendu behar duten eskarien zerrenda. Erabaki behin-behineko hau eskariak aurkezteko epea amaitua eta 30 egun balioduneko epean emango da.

  • c) Interesatuak 10 eguneko epea izango du eskatu zaion dokumentazioa zuzentzeko. Epe horren amaierarako dokumentaziorik aurkeztu ez badu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, errektoreordetza eskudunak ebazpena eman ondoren.

  • d) Bakar‑bakarrik aurkeztu ahal izango dira aurretik aurkeztu ez diren egiaztagiriak. Deialdian aipatutako daturen bat falta bada, beharrezkoa dena eskaera ebaluatzeko, ezingo da zuzendu. Datuak falta badira, datu horiei lotutako jarduera ezetsi egingo da besterik gabe, bai eta eskaera osoa ere, hala badagokio.

    Beraz, eskaerak, ebaluatu ahal izateko, argi eta garbi jaso beharko ditu gertaerak, arrazoiak eta eskatzen dena, eta hori ezingo izango da gerora zuzendu.

  • e) Laguntzarik jasoko duten eskatzaileen zerrenda behin betikoa dei egin duen errektoreordetzaren erabaki batez argitaratuko da bere webgunea, dokumentazioa zuzentzeko epea amaitu eta 10 lagunetara.

  • f) Behin‑behineko eta behin betiko erabaki horien aurka berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman duen organoari, hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 legeak 123. artikuluan zehaztutakoarekin.

  • g) Era berean, aipatutako erabakiek kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

9. oinarria. LAGUNTZAREN BALDINTZAK ALDATZEA

9.1. Irakasleei diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere diru laguntzaren helburua bete dela ulerturik, eta irakasleek diru laguntzarik jasotzen badute beste erakunde publiko edo pribaturen batetik, horrek bere garaian diru laguntza emateko onartutako ebazpena aldatuko duen ebazpena ekar dezake. Bertan, honako hau ezar daiteke:

  • Jarduerari esleitutako aurrekontua murriztea.

  • Eskatzaileak jasotako laguntza osoa edo zati bat itzultzea.

  • Ebazpena egin beharreko administrazio prozedura egin ondoren diktatuko da, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak proposatuta eta txostena eginik, eta pertsonalki jakinaraziko zaio diru laguntzaren onuradunari.

9.2 Honako kasu hauetan ulertuko da diru laguntza jasotzeko baldintzak aldatu direla:

  • Laguntzaren titularrak bertaratzeari uko egiten dionean, hots, laguntzaren xedea betetzeari.

  • Ekintza berberera egiteko beste iturri batetik heldutako diru laguntza pilatzen denean, edo behar adina justifikatu gabe ekintza beraren aldakiak aurkezten zaizkienean beste erakunde edo zentro publiko nahiz pribatu batzuei diru laguntza jasotzeko, aldez aurretik Ikerketaren arloko Errektoreordetzari horren berri eman gabe.

  • Deialdi honetako oinarriak, guztiak edo batzuk, modu larrian urratzea.

  • Eskaeran datuak ezkutatu, aldatu edo moduren batera edo bestera manipulatzea.

  • Gastu bera aurrekontuko atal organiko bati baino gehiagori egoztea.

9.3. Gerora sortutako arrazoiengatik, eskatzaileak ezin izango balu azkenean laguntzaren helburuko jarduera egin, ahalik eta arinen justifikatu beharko du, gertatutakoa egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztuz. Arauz kanpoko jardunik antzemanez gero, zehapenak jaso ahal izango dira hurrengo deialdiei begira, eta beste erantzukizun batzuk.

10. oinarria. LAGUNTZA ESKURATZEN DUTENEN LEGEZKO ERANTZUKIZUNA

Deialdi honetan jasota ez dagoen guztirako, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege orokorrean ezarritakoari jarraituko zaio, besteak beste, diru laguntzak itzultzeari buruzko xedapenei eta arau hauste eta zigorrei buruzko arauei.

Aurreko ondorioetarako, ulertuko da Diru Laguntzei buruzko lege orokorrean aipatzen diren beste administrazio batzuetako organo zehatzen inguruko aurreikuspenak eskumen baliokideak dituen unibertsitateko organoaz  (edo honen ahalik eta antzekoenak dituen organoaz) ari direla.

11. oinarria. AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honek administrazio bidea amaitzen du, eta beronen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Bilboko administrazio auzietako epaitegietan, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Aurrekoa gorabehera, nahi izanez gero, berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeari, deialdia argitaratu eta hilabeteko epean, 39/2015 Legearen 123. artikuluari jarraituta.

12. oinarria. AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Honako deialdi hau https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/ webgunean argitaratzerakoan sartuko da indarrean.

Ezarritako arautegia indarrean egongo da harik eta egungoa ordeztuko duen hurrengo deialdia argitaratu arte.

 

Leioan, 2024ko azaroaren 26an

Laura Vozmediano
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea