PSICOFARGEN proiektua

Nerabeen psikofarmako kontsumoaren analisia: genero-ikuspegi intersekzional batetik (PSICOFARGEN)

Ikerketa ugarik gizarte-mailako osasun mentalaren narriadura nabarmena deskribatzen dute. Azken hamarkadan depresio- eta antsietate-kasuen eta psikofarmako kontsumoaren gorakada eman da, bereziki emakume eta nerabeen artean. Gainera, ebidentziak erakusten du kontsumo honek patroi sozial argia adierazten duela; izan ere, neskek kontsumo handiagoa azaltzen dute sistematikoki, estatus sozioekonomiko baxuenetan areagotzen dena. Hori dela eta, beharrezkoa da kontsumoa eta haren desberdintasunak baldintzatzen dituzten faktore sozialen multzoa sakonki aztertzea, desberdintasun-ardatz orok kontsumoan duen papera modu bateratuan ikertzea ahalbidetzen duen analisi intersekzionala ezarriz.

Testuinguru honetan, PSICOFARGEN proiektuak (Nerabeen psikofarmako kontsumoaren analisia: genero-ikuspegi intersekzional batetik) nerabeen eta gazteen psikofarmako kontsumoak adierazten duen genero-desberdintasuna aztertzea du helburu, faktore nagusiek eta desberdintasun-ardatz ezberdinek duten harremanari bereziki erreparatuz, erakusten duten aldaketa tenporalaren analisiaz gain.

Metodologia mistoko -kuantitatibo zein kualitatiboko- proiektu honetan lurralde maila ezberdinetako (Euskadi, Espainia eta Europa) erregistro kliniko eta populazio-inkestetatik ateratako datuak aztertuko dira. Bestalde, osasun mentaleko tratamendua duten gazteekin, haren senideekin eta profesional tekniko/ez-teknikoekin landa-lana burutuko da, nerabeek pairatzen duten medikalizazio prozesuan eragiten duten mekanismo eta agenteak sakontasunez identifikatzeko.