Micaela Josefa Portilla Vitoria (Gasteiz, 1922ko uztailak 30 – 2005eko urriak 8) XX. mendeko euskal historialari, antropologo eta pedagogo gailenetakoa dugu. Azterlan eta argitalpen ugarien egile, nabarmentzekoa da pedagogiaren arloan egin zuen lana, ikerketan eta dibulgazioan egin zuen lanarekin txandakatu zuena.
Biografia laburtua
Historialari gailena izateaz gain, Micaela Portilla dibulgatzaile handia izan zen, bere jakintzak partekatzeko beti prest. Aspaldiko bideak interesatzen zitzaizkion bereziki (bere obran garrantzi handikoak), oraindik zutik dauden baselizak eta desagertutakoak, harginak eta zizelkariak, eta leinuak. Jakituria handiko emakumea zen, ezagutzak transmititzeko ere dohain berezia erakutsi zuena. Henrike Knörr (1947-2008) UPV/EHUko euskal filologiako katedradunaren hitzetan, "harentzat, zientzia, doitasuna eta zehaztasuna, ikerlanaren eskakizunak, azken batean, ez zeuden mundu guztiarengana heltzeko nahiarekin kontraesanean. Justu kontrakoa. Agerikoa zen ezagutza haiek zabaltzeko hark erakutsitako ardura".
Gasteizko Niño Jesús ikastetxean hasi zituen ikasketak, 1933an Gasteizko bigarren hezkuntzako institutuan jarraitu zituenak. Maisutza (1941) eta Filosofia eta Letrak karrera ikasi zituen. Complutense Unibertsitatean zabaldu zituen bere ikasketak, Geografia eta Historia espezialitatean. Lizentziaturako memorian, 1954an, Torres de Mendozas, Guevaras y Ayalas en Álava izenburua zuen lana aurkeztu zuen, bere doktorego tesiaren atarikoa izango zena, eta funtsezko bere obrarena: Torres y casas fuertes en Álava (1977). Bere ekoizpenaren beste lan nabari batzuk izan ziren Quejana, solar de los Ayala (1983), Las torres de Mendoza y Martioda (1985), Vitoria gótica (1986) eta Una ruta europea. Por Álava a Compostela. Del paso de San Adrián al Ebro (1991).
Lehen Hezkuntzako irakasle izan zen Arabako probintziako herri hauetan: Untzillako eskolan (Aramaio) 1945ean, gero Zallan, Agurainen eta Gasteizen –bertako Ramiro de Maeztu institutuan Odón Apraizen laguntzaile izan zen–. Apraizek, maitekor, Zabalate deitzen zion, Portilla herriko euskal izena, eta denbora batez Leocadia Zabalate goitizena erabili zuen Micaelak arteari eta historiari buruzko egunkarietako kolaborazioak sinatzeko. Irakasleen Unibertsitate Eskoletako katedradun zela (1956), irakaskuntzan jardun zuen Cádizeko Eskola Arruntean (Maisutza Eskola), Gasteizkoan, eta azkenik, Madrilgoan, non 1987an erretiratu zen 43 urtez bertan lanean aritu ondoren.
Gasteizko Eskola Arrunteko zuzendari izan zen (1958-1964), Eskola Arrunten Ikuskatzailetza Nagusiaren aholkulari (1967-1971), Arte Ederretako Errege Akademiako kide urgazle izan zen (1982) baita Historiako Errege Akademiakoa ere (1988) Araban. Gainera, erakunde hauetako kide izan zen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (1971), Eusko Ikaskuntza, Arabako Ondare Artistikoaren Kontserbazio Batzordea, Foru Aldundiaren Museoetako Aholkularitza Batzordea, Euskadiko Ondare Monumentalaren Aholkularitza Batzordea eta Euskal Kulturaren Kontseilu Nagusia.
UPV/EHUk honoris causa doktore izendatutako aurreneko emakumea izan zen, 1993an.