Grado-Enfermeria-Leioa-Practicum-Normativa

Arau zehatzak, Erizaintzako (Leioa) Kanpoko Praktiketarako. 2024/2025 Ikasturtea

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, Universidad del PaísVasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

Arautegi honek gobernatzen ditu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintzako (Leioa) eta Fisioterapiako Kanpoko Praktikak, eta kokatzen da UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiaren baitan (2019ko uztailaren 19ko Gobernu Kontseiluan onartua).

ERIZAINTZAKO GRADUA (LEIOA)

  1. Ikasleek Erizaintzako Practicumaren Irakaskuntza Gida ezagutu behar dute, bertan zehazten baitira praktiken ezaugarri espezifikoak eta haien bidez eskuratu beharreko gaitasunak.
  2. Praktikak ikasturtean zehar egiten dira, praktiken egutegian zehaztutako epeetan.
  3. Zentroak telematikoki hautatu beharko dira. Plazak espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera esleituko dira.
  4. Ebaluazio sistema irakaskuntza gidetan zehazten da.
  5. Kontuan hartu beharrekoak praktikak hasi aurretik, egin bitartean eta amaitu ostean:
    • Ezin da epe bera hautatu  practicum baterako baino gehiagorako.
    • Praktikaldi bakoitzak hasteko eta amaitzeko data jakin bat dauka. Practicumak ezin dira ezarritako epeetatik kanpo egin, salbuespenetan izan ezik, eta halakoak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Praktiken Batzordeak aztertu eta baimendu eta baimendu beharko ditu.
    • Praktiketako ikasleek erantzukizun zibileko aseguru bat daukate, praktikaldian zehar hirugarrenei sor liezaieketen kalteari aurre egiteko.
    • Praktikei buruzko informazio eguneratua Erizaintzako Graduaren (Leioa) web orrian dago.
    • Irakaskuntza gidak Leioako Erizaintzako Graduaren web orrian daude.
    • Ebaluazio gidak Leioako Erizaintzako Graduaren web orrian daude.
  6.   Ikasleen betebeharrak praktika zentroan:
    • Ikasleek jakin behar dute zentro asistentzialak non dauden. Fakultatea edo erakunde lankidea jarriko da harremanetan ikaslearekin praktikaldia hasi aurretik; ikasleak ez dira harremanetan jarri behar erakundeekin praktikaldia hasi ostera arte.
    • Ikasleek goizeko ordutegia (08:00-15:00), arratsaldekoa (15:00-22:00) edo ordutegi aldakorra hauta dezakete, salbuespenetan izan ezik (salbuespenak praktiken eskaintzan adieraziko dira, matrikulan). Behar-beharrezkoa da praktiken ordutegia zorrotz betetzea. Ordutegi aldakorra hautatuz gero, zentroak zehaztuko du zer-noiz praktiken hasieran. Goizeko eta arratsaldeko txandak tartekatu ahal izango ditu, eta laugarren mailan gauekoak ere suertatu ahal izango dira. Zentroak ezarritako ordutegia eta egutegia bete beharko dira.
    • Ikasleek ezin izango dute aukeratu eurak erabiltzaile diren osasun zentroa praktikak egiteko. Eurena aukeratuz gero, beste ikasle guztiek aukeratu ondoren libre geratu den beste zentroren bat esleituko zaie.
    • UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiari jarraituz (Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an onartua), ikasleek ez dute inongo kontratu harremanik izango praktikaldia egingo duten enpresa edo erakunde publiko edo pribatuarekin, ezta unibertsitatearekin ere.
    • Praktikaldian ikasleek bete beharko dituzte prestakuntza jasotzen ari diren osasun erakundeko funtzionamendu arauak.
    • NAHITAEZKOA da sekretu profesionala zorrotz gordetzea.
    • Elkarrenganako begiruneak gobernatuko ditu ikaslearen eta erabiltzaileen arteko eta ikaslearen eta osasun erakundeko langileen arteko harremanak.
    • Irakasguneetan dauden bitartean ikasleek betetzen dituzten zeregin asistentzialak bertako instruktoreen ardurapean egongo dira.
    • Praktiketako zereginetan dihardutela ikasleei arazoren bat sortzen bazaie, 24 orduko epean esan beharko diete, beranduenik, praktika zentroko arduradunei, Praktiken Batzordeari eta fakultateko tutoreari. Hala egin ezean, suspentsoa jasoko dute Practicumean.
    • Ikasleek praktiketara huts eginez gero, arrazoi justifikatuengatik izan arren, ERREKUPERATU EGIN BEHARKO DITUZTE hutsegiteok.
    • Ikasleek Practicumeko gidak ezagutu beharko dituzte, eta bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, bai eta praktikaldian eskuratu beharreko gaitasunak ere.
    • Unitate asistentzialetan DEBEKATUTA DAGO eskuko telefonoa erabiltzea.
  7.  Praktiketan hasi aurretik kontuan hartu beharreko gauza garrantzitsuak:
    • Praktiken lehen egunean ikasleek aurpegiko argazki txiki bat eraman behar dute, zentroak emango dien identifikazio txartelerako. Ikusteko moduan eraman beharko dute txartel hori beti praktikaldian.
    • Ikasleek uniformea eraman beharko dute praktiken lehen egunean (kasaka zuria, praka zuriak eta oinetako zuri itxiak, irrista ez egitekoak), Leioako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak ezarritako ereduari jarraituz.
    • Lehen egunean ikasleek bulegoko materiala (boligrafoak, errotuladoreak etab.) eta punta motzeko artaziak eraman beharko dituzte.
    • Gerta liteke praktika zentroan ikasleei zenbait dokumentu eskatzea (datuen konfidentzialtasunari buruzkoak): ikasleek NAHITAEZ bete eta aurkeztu beharko dituzte praktika klinikoak egin ahal izateko.