Kimika Fakultateak Bikain ziurtagiria lortu du
Lehenengo argitaratze data: 2020/12/18
Kimika Fakultateak Bikain ziurtagiria lortu du Oinarrizko mailan. Bikain Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da. Eremu sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. Ziurtagiria dagokion ebaluazioa egin ondoren lor daiteke. Ebaluazioa lau ardatz nagusitan egituratzen da: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; kanpo harremanak; barne harremanak; eta hizkuntza kudeaketa. Abenduan BIKAIN ziurtagiriak emateko ekitaldia egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian.
UPV/EHUko Kimika Fakultatetako dekano Marian Iriartek dio: “Kimika Fakultateak Bikain ziurtagiria lortzeko deialdira aurkeztutakoan ikastegiak euskararen kudeaketan gauzak ongi ala ez hain ongi egiten dituen jakin nahi genuen. Eta hori izan da ebaluazio prozesuan garrantzitsuena, zer egiten dugun ongi eta zertan hobetu behar dugun garbi ikustea. Fakultatea bat dator UPV/EHUren eleaniztasun-plangintzarekin, eta hemendik aurrera ere zertan hobetu behar dugun badakigunez, horretan saiatuko gara”.
2016an Informatika Fakultateak hasitako ibilbideari 2017, 2018, 2019 eta 2020ko deialdietan beste bost fakultatek jarraitu diote: Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Farmazia Fakultatea eta, berriki, Kimika Fakultatea.