Fakultatearen Aurkezpena eta Historia
Kimika Fakultatea 1975. urtean sortu zen arren, Euskal Herrian Kimikaren aitzindariak topatzeko 1776. urtera egin behar dugu atzera. Izan ere, Bergarako Seminarioak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babespean, Laboratorium Quimicum abiatu zuen urte hartan. Lorpen ezagunen artean, Elhuyar anaiek wolframa (W) elementu kimikoa isolatzea lortu zuten adibidez. Gorabehera batzuen ondoren, Laboratoriuma itxi egin zen XIX. mendean. Ostera XX. mendean, 60. hamarkadaren bukaeran hain zuzen ere, Kimika Fakultatearen sorrerak bultzada nabarmena jaso zuen. Alde batetik, “Patronato Pro Estudios Superiores de Guipúzcoa” sortu zen, eta bestetik, garaiko Industria Ganbarak, petrokimika arloa, interes industrialeko lerro izendatu zuen. Bi talde hauek indarrak batu zituzten 1973. urtean, eta honi esker, 1975. urtean, Fakultatea sortu zen, garai hartan Juan XXIII Lanbide Eskolaren eraikinean, Altza auzoko alde zaharrean, eta Valladolideko Unibertsitateari atxikita. Gonzalo Martín Guzmán, polimeroen zientziaren eta teknologiaren arloan ospe handiko kimikaria, arduratu zen Petrokimikan espezializatua zen Ikastegia abian jartzeaz. Aurrerago, 1979ko irailean, Bilboko Unibertsitatearen barrutia sortu zen (gaur egun Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea), Gipuzkoan kokatutako unibertsitate ikastegi publikoak barruti horretakoak izatera igaro zirelarik.
1987an, Fakultatea Altza auzotik gaur egungo eraikinera mugitu zen, Ibaetara hain zuzen ere, gaur egungo Gipuzkoako Campusera. Gaur egun, Kimika Fakultateak 12.000 m2 baino gehiagoko azalera dauka eta hiru sail desberdin biltzen ditu. Ongi hornitutako ikastegia izanik eta ekoizpen zientifiko ugariaren sortzaile, Donostiako Kimika Fakultatea itzal handiko irakaskuntza eta ikerketa gune bihurtu da eskualde, estatu eta nazioarte mailan. Jakintza eremu zabala hartzen du bere baitan, oinarrizko zientziatik hasita materialen teknologiaraino. Irakasle, ikertzaile, teknikari eta kudeaketarako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean 200 profesional inguru dihardugu lanean Fakultatean. Bisitari, kolaboratzaile, eta Gradu, Master eta Doktoradutza ikasleak kontutan hartuta, egunero mila pertsona inguruko aktibitatea biltzen duen Fakultatea da gurea. Guztion ekarpenari esker, Fakultateak erronka desberdinei aurre egitea lortu du, eta hori dela eta 2025. urtean Kimika Fakultatearen 50. urteurrena ospatuko dugu.
Donostiako eta Gipuzkoako gizartean eragin handia izan du Fakultateak, bere inpaktu ekonomikotik hasita , Formakuntza, Ikerkuntza eta Transferentzia alorretan. Formakuntza aldetik, Fakultatetik ateratako 2.000 lizenziatuk eta 650 graduatuk esparru profesional askotan egiten dute lan. Ur, lur eta janari kalitateen analisian, industria farmazeutiko zein kimikotan batzuk aipatzearren. Honetaz gain, generazio berrien irakasle ere bihurtu dira asko, bigarren hezkuntzan zein lanbide heziketako hainbat ikastetxetan lan eginez. Formazio aldetik, inguruko enpresekin zein atzerriko Unibertsitateekin hitzarmen ugari sinatuta ditu Fakultateak. Hau horrela, urtero Kimikako Graduan batzen zaizkigun 88 ikaslek, nazioarteko formakuntza eta enpresekin lotura handia duen formakuntza jasotzeko aukera dute. Horrela, enplegu tasa eta okupazio tasak altuak dira. Honen adibide ditugu 2020 urteari dagozkion datuak, non enplegu eta okupazio tasak %88 eta %97a izan zirelarik, hurrenez hurren.
Ikerkuntza eta transferentziari dagokionez, Fakultateak gizarteari egindako ekarpena nabarmena izan dela goraipatu behar da. Doktore berrien formazioa ere oso garrantzitsua da Fakultatearentzat. Azken 25 urteetan 600 Doktore berri inguruk defendatu du bere Tesia Fakultatean, 2023-2024 kurtsoan 60 inguru izanik. Bestetik, transferentziari dagokionez, Fakultateko irakasle/ikertzailek 65 patente garatu dituzte. Hauek izandako inpaktu ekonomikoari finantziatutako ikerketa proiektuen inpaktua batu behar zaie. Izan ere, milioika euro ekarri dira Gipuzkoara, ikertzaile gazte asko formatzeko balio izan dutenak. Gaur egun, Fakultatean errekonozituta dauden maila altuko 14 ikerketa taldetan 186 ikertzailek dihardute lanean. 100 ikerketa proiektu aktibo daude abian , eta 20 inguru nazioartekoak dira. Hauetatik nabarmentzekoak dira Europar Batzordeak emandako prestigio handiko 2 ERCak (denera 4.000.000 euro). Argitalpen zientifikoei erreparatuz, XXI. mendean zehar 10.000 argitalpen baino gehiago atera dira Fakultatetik, horietatik 8.500 baino gehiago prestigio handiko nazioarteko aldizkari zientifikoetan izan direlarik. Komunitate zientifikoan lan hauek izandako eragina oso handia izan da. Horren adierazle dugu Standford zerrenda prestigiotsuan, eragin handiko ikertzaileak izendatzen dituen zerrenda, gure Fakultateko kide ugari egotea.
Esfortzu handiz egindako ikerketa lan honi esker, Fakultateko irakasle eta ikertzailek asko sari desberdinak jaso dituzte. Nabarmenenak Pedro Miguel Echeniquek jasotako Principe de Viana, Principe de Asturias eta Max Plank sariak dira. Horretaz gain, zazpi irakasle/ikertzailek jaso dute prestigio handiko Euskadi Ikerkuntza Saria. Lan guzti honen adierazle ere Fakultateko irakasleen esfortzuarekin sortutako lau Ikerketa Zentroak dira, hala nola CIDETEC (1997), Materialen Fisikako Zentroa, CFM/MPZ (1999), POLYMAT (1999) eta Donostia International Physics Center (2000). Ikerketa Zentro hauek gizarte transformazioan izandako eragina ukaezina da. Ikerkuntza ekosistema honek, Herrialdean dauden beste eragileekin batera (ez dugu ahaztu behar Ikerbasqueko zuzendaria gure Fakultateko irakasle dela) Kimika Fakultatea oso leku erakargarria izatera bihurtu duela arlo zientifikoan. Horrela, bi Nobel saridun gure Fakultatera adskribatuta daude.
Formakuntza, Transferentzia eta Ikerkuntzan egindako esfortzu kolektibo honi esker, gaur egun, Kimika Fakultatea irakaskuntzan eta ikerkuntzan garapen handia duen Zentroa da eta honen adierazle gure Fakultateak Shanghai ranking-ean duen posizioa da. Munduko 10.000 unibertsitateen artean, UPV/EHU, Kimikako jakintza arloan, munduko 151-200 onenen artean egotea hain zuzen ere.