KIFADOSSIOA
Sekulako lorpena egin da EHUko Kimika Fakultatean! Urte eta pertsona askoren lanari esker elementu kimiko berri bat sintetizatzea lortu dugu! Guztion ekarpena izan denez, bere izena Fakultatearen omenez jartzea erabaki dugu. Horrela, elementu kimiko berri honen izena KIFADOSSIOA da. Nondik dator izena? Kimika Fakultatea Donostia San Sebastian, eta io atzizkia elkartzetik dator. Lehenengo bi hitzekin jarraituz, sinbolo atomikoa ere definitu dugu: Kf (Kimika Fakultatea). Kontutan izan behar dugu lorpen garrantzitsu hau auzolanean eta elkarkidetzan gauzatu dela, Fakultateko kide guztien ekarpenari esker, ikertzaile, irakasle, ikasle, teknikari eta administrazio langileei esker, hain zuzen ere. Modu berezi honetan aurkitutako elementu honek propietate bereziak ditu, noskiondorengo puntuetan deskribatzen direnak:
- Zenbaki atomikoa: 50. Zenbaki atomikoak elementu kimikoak nukleoan dituen protoi kopurua adierazten du. Gure Kifadossio berezian, aldiz, Fakultatearen adina adierazten du.
- Masa atomikoa: 1000. Masa atomikoak atomoaren masa adierazten du. Gure Kifadossioan, Fakultateko langile eta ikasleen kopurua adierazten du.
- Erradioak: 650, 2000, 800. Erradioak elementuaren tamainarekin lotuta daude, eta hiru motakoak bereizi ditzakegu. Kationikoa (elementuak karga positiboa duenean), anionikoa (karga negatiboa duenean) eta atomikoa (neutroa denean). Kifadossioaren kasuan, elementu hauek hurrengoa adierazten dute:
- 650: Kimika Fakultatetik ateratako graduatu kopurua
- 2000: Kimika Fakultatetik ateratako lizentziatu kopurua
- 800: Kimika Fakultatetik ateratako doktore kopurua
- Balentziak: 1, 2, 4, 7, 65. Orohar, balentziek beste elementuekin eman ditzaketen lotura kopurua adierazten dute. Kifadossioa berezia dela badakigu, dagoeneko. Kasu honetan balentziek hau adierazten digute.
1: Fakultateko Principe de Viana, Principe de Asturias eta Max Planck sari kopurua.
2: Fakultatean atxikitutako Nobel saridunak
4: Fakultatetik jaiotako ikerketa zentroak
7: Fakultateko Euskadi Ikerkuntza Sariak
65: Fakultateko patente kopurua
- Ionizazio energia: 500. Ionizazio energia elementuari elektroi bat kentzeko beharrezkoa den energia adierazten du. Gure Kifadossioan balio hori 500 da, urtero Fakultatean argitaratzen diren artikulu zientifiko kopurua.
- Afinitate elektronikoa: 10000. Afinitate elektronikoak elementu batek elektroi bat harrapatzean askatzen duen energia adierazten du. Kifadossioaren kasuan bere balioa 10000 da, Fakultatean denera argitaratu diren artikulu zientifiko kopurua izanik.
- Elektronegatibitatea: 150-200. Elektronegatibitateak gure elementuak ondoko elementuen elektroiak erakartzeko ahalmena adierazten du. Kasu honetan, Shangaiko Rankingean EHUk “Kimika” jakintza arloan duen posizioa adierazten du.
Propietate hauek Kifaddosioa elementu berezi eta maitatua egiten dute. Hori dela eta, Fakultateko 50. Urteurreneko ospakizunen sinboloa izango da, eta sare sozialetan erabiliko dugun traola #Kifadossioa izango da. Ospatu gure urtebetetzea gurekin sare sozialetan ere traola erabiliz!