Doktoregoa

Doktoregoa

Analisi Forentsea Doktoregoa

Analisi forentsearen esparruko ikerketa ebidentzia forentseak karakterizatzeko metodologia berriak garatu, balioztatu eta aplikatzera bideratuta dago. Entitate juridiko-legalek peritutza forentseko ebidentzia kimiko, fisiko, biologiko edo antropogenetikoak argi eta garbi karakterizatzeko metodo analitiko fidagarriak ziurtatu behar dituzte.

Analisi Forentseko doktorego programaren bidez, esparru forentsean dagoen doktore eskaera bete nahi da, eta, zehatzago, inplikazio forentseak dituzten laborategi aurreratuen esparruan dagoena.

Elikadura-Kalitatea eta Segurtasuna Doktoregoa

Elikagaien Segurtasuna eta Kalitatea doktorego programak elikagaien segurtasunaren –horren bi alderdietan, hau da, alderdi mikrobiologikoan eta kimikoan– eta elikagaien kalitatearen arloko –horren zabaltasun osoan, alderdi nutritibo, sentsorial, osasungarri eta teknologikoak barne hartuta– ikerketarako prestakuntzarekin lotutako diziplina anitzeko alderdiak biltzen ditu. Programak kalitatearekin eta segurtasunarekin zerikusia duten alderdiak jasotzen ditu, lehengaiekin hasita eta amaierako produktuekin bukatuta, betiere kontsumorako elikagaiak fabrikatu, eraldatu, kontserbatu eta prestatzeko prozesu teknologikoak kontuan hartuta. Doktorego programa hau bermatzen duten ikertaldeek elikagaien kalitate eta segurtasunerako oso garrantzitsu eta osagarriak diren arloetan duten espezializazioa baliatu ahal da.

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Doktoregoa

Milaka produktu kimiko garatu dira gure mesederako, baina zoritxarrez, horiek erabiltzean kutsatzaile kimikoak askatzen dira biosferara, eta eragin kaltegarriak sor ditzakete sistema bizien artean. Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia/Environmental Contamination and Toxicology (CTA/ECT) doktoregoa kutsatzaile kimikoen azterketan zentratzen da, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, bioerabilgarritasunetik, biometaketatik eta kate trofikoaren bidezko biomagnifikaziotik hasi eta antolamendu biologikoaren maila desberdinetan dituen ondorio biologikoetaraino, eta gizakiarentzako eta ingurumenarentzako arriskuen ebaluazioa. Kutsatzaile kimikoek organismo bizietan izan ditzaketen ondorio kaltegarriak (toxikotasun-mekanismoak) nola sor daitezkeen eta nola ebalua daitezkeen eta efektu horiek nola saihets edo murritz daitezkeen jakitea da kontua.

Diziplina anitzeko programa (kimikariak, biologoak, Ingurugiroaren Zientziak). Kalitatezko produkzio zientifiko handia du eta jardueren nazioartekotzea eta doktoregaien mugikortasuna, eta nazioarteko doktorego tesien tasa handia.

Irakasleen artean honakoak daude:

  • UPV/EHUko irakasleak, Eusko Jaurlaritzako "Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian (BCTA)", "Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa (IBeA)" eta "Ekotoxikotasuna" ikertalde finkatuen zati direnak.
  • Nazioarteko erakundeetako ikertzaileak (EFSA) eta lankidetza estuan ari diren irakasle atzerritarrak (Universidade do Porto, Portugal eta L'Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA), Frantzia).
  • AZTI-Tecnalia Zentro Teknologikoko Itsas Ikerketa Ataleko eta NEIKER Ikerketa Erakundeko ikertzaileak.

Diziplinarteko Estrategia Zientifikoak Ondarean eta Paisaian Doktoregoa

Doktorego programa hau "Global Change and Heritage" formazio eta ikerkuntza unitateak (UFI) sustatu du. Hiru ikerkuntza talde bikainek osatzen dute talde hau: IBeA (Ikerkuntza eta berrikuntza analitikoa), HGI (Hidrogeologia-geoteknia-ingurumena), eta GPAC (Eraikitako ondarea). Gainera, beste ikertzaile batzuek ere hartzen dute parte: UPV/EHUkoak (Zaharberritze, Arkitektura eta Landare-biologia), eta Incipit Ondarearen Zientzien Institutu (CSIC) eta Lurraldea, paisaia eta ondarea UNESCO Katedrakoak.

Doktorego programa honek EAEko gobernuak Europako Paisaiaren Hitzarmena sinatutakoan hartutako konpromisoei emandako erantzuna da (Europako Kontseilua 2000ko uztailaren 19an eta Europar Batasuneko Estatuek Florentzian sinatu zuten 2000ko urriaren 20an). Horretarako, ikerkuntza ildo ezberdinak modu diziplinartekoan uztartu egiten dira gizartean goi mailako eragina duten proiektuetan oinarrituta (Punta Begoñako Galeriak, Añanako Gatz Harana, mehatz aldea, eta abar) non hartzen duten parte gure doktorego ikasleek.

Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa Doktoregoa

Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa doktorego programa (MER) sortu zen bere garaian ikerketa ozeanografikoaren eta arrantzaren sektoreak proposatuta, sektore horrek doktoreak behar zituelako. Programaren ezaugarriak dira kalitate handiko ekoizpen zientifikoa, jardueren nazioartekotzea eta doktoregaien mugikortasuna, altua izanik Europako (edo nazioarteko) doktorego tesien tasa. Programaren helburua da doktoreak prestatzea, ikerketa integratua eta diziplina anitzekoa egingo dutenak esparru hauetan: itsas ingurunea, itsas baliabideak eta horien interakzioa (ozeanoaren osasuna, biodibertsitatea, baliabideen ustiapena, kutsaduraren kontrola eta kostaldeko eremuen kudeaketa).

MER doktorego programari lotutako jardueretan sartuta daude Plentziako Itsas Estazioan (PiE‑UPV/EHU) egiten diren ikerketak eta itsas zientzien arloko Erasmus Mundus graduondoko programak (MER+ EMJMD; IMBRsea) Programan hartzen dute, besteak beste, IEO, Azti eta bc3 erakundeek, bai eta Bordeleko eta Paueko unibertsitateek ere, eta tesiak tutorekidetzan egin ahal dira azken horiekin.