SOS ARRAZAKERIA erakusketaren bisita gidatuak Zuzenbide, Psikologia eta Kriminologiako ikasleen eskutik (2016/2017)
Boluntarioek berek kudeatutako jarduera honetan 300 ikasle baino gehiagok parte hartu dute.
SOS ARRAZAKERIA erakusketaren bisita gidatuak Zuzenbide, Psikologia eta Kriminologiako ikasleen eskutik.
Psikologia, Zuzenbide, Kriminologia eta Politeknikoko 18 ikasle gida gisa aritu dira, heziketa jaso ostean SOS Arrazakeria Gipuzkoako langileen eskutik. Erakusketak eskola-orduetan egiten dira, gaiari loturiko irakasgaietako irakasle ezberdinen parte-hartzearekin.
Gaia
Egungo errefuxiatu krisiari heltzen dio.
Zehazki, ondokoak ikusarazten dituzte: egungo krisiaren zioak; giza lekualdatzeen historia eta egungo lekualdatzeak, bai eta jatorrizko herrialdeak eta egungo kokapena; errefuxiatuen eta etorkinen arteko dikotomia; historiari begiratu bat, Euskal Herrikoari, Estatu espainiarrekoari eta Europakoari eta bere joera nazioarteko legedian; Europako egungo politika ofizialak dituen dilemak; beste politika batzuen garapena aldarrikatu duten ahots kritikoak; bai eta aurreiritzien errefusa eta konpromiso pertsonalaren aldarria ere.
Helburua
Errefuxiatuen errealitateari buruz unibertsitateko kideek duten ezagutza zabaltzea: beren egoera, beharrak eta Europako, Estatu eta eskualde mailako administrazioen erantzuna krisi humanitarioaren kudeaketari eta errefuxiatuen harrerari dagokienean.
Balio prosozialak sustatu eta errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen aurkako talde arteko etsaitasuna murriztuko duen kontzientzia bat sustatzea.
Bai eta elkartasun eta justizia balioak sendotzea ere, errefuxiatuen etorrerak ekarriko dituen aurreiritzi saihestezinei eta arrazakeria eta xenofobia hazten dituen humusari aurre egin ahal izateko.
Parte-hartzea
Urriaren 24a eta azaroaren 6a bitartean, erakusketa Gipuzkoako Campuseko Ignacio Barriola Zentroan egon zen ikusgai, eta ehunka lagunen bisita jaso zuen (ikasle, AZP eta IRI).
Erakusketaz gain, ikusle guztiei eskainitako bisita irekia egin zen azaroan 4ean, bai eta unibertsitateko ikasle eta irakasleei zuzenduriko 17 bisita itxi ere.
Psikologia, Zuzenbide, Kriminologia eta Politeknikoko 18 ikasle gida gisa aritu dira bisitetan, heziketa jaso ostean SOS Arrazakeria Gipuzkoako langileen eskutik. Erakusketak kolektiboki egin ziren, eskola-orduetan, gaiari loturiko irakasgaietako irakasle ezberdinen parte-hartzearekin.
Guztira, Psikologia (% 53,2), Kriminologia (% 36,6) eta Zuzenbideko (% 10,2) 316 ikaslek ikusi zuten erakusketa, ikusle guztiei eskainitako azaroaren 4ko bisita irekian zein unibertsitateko ikasle eta irakasleei zuzenduriko 17 bisita itxi horietan.
Ebaluazioa
Psikologia (% 53,2), Kriminologia (% 36,6) eta Zuzenbideko (% 10,2) 316 ikasle horietatik lortutako informazioaren arabera, % 74,4a emakumezkoak ziren eta % 25,6a gizonezkoak, 17 eta 48 urte bitartekoak guztiak ere, eta ondokoak dira beraien iritzi aipagarrienak:
- Beren ustez, Europak bizi duen errefuxiatu krisiaren erantzule nagusiak gerrak eta gatazkak dira; ondoren datoz txirotasuna, estatu islamiarra, mendebaldeko potentziak eta arma merkatua.
- Beren ustez, txirotasunetik ihes egitea gerra bezain lazgarria den zioa da eta ekonomia arrazoien ondoriozko etorkinek eta errefuxiatuek tratu berdina jaso beharko lukete nazioarteko legediaren aldetik, bai eta eskubide berberak izan ere.
- Europara etortzen ari diren errefuxiatu taldeen artean, musulmanen eta emakumezko eta haurren portzentajea nabarmentzen dute.
- Errefuxiatuen etorrerak Europako gizarteen barruko arrazakeria eta xenofobia handituko duelaren beldur dira.
- Erakusketak sortarazi dizkien emozioei dagokienean, bihozmina eta gupida nabarmentzen dira, bai eta begikotasuna eta miresmena ere.
- Etorri berri diren errefuxiatuekin harremanak izatean seguru eta fidakor sentitu direla aitortu dute.
- Hartu beharko liratekeen neurriei dagokienean, ondokoak azpimarratu dituzte, garrantzi maila handienetik behera: haur errefuxiatuen eskolaratzea; gerra egoeran dauden herrialdetako arma merkatua eta salmentak kontrolatzea; gizarteratze politikak sustatzea errefuxiatuei harrera egiteko; eta osasun arreta unibertsala ematea errefuxiatuei.
- Unibertsitateko kideen nortasun europarra ertaina-baxua da. Batezbesteko puntuazioak ebakipuntutik zertxobait gorago badaude ere norberaren burua europartzat hartzeari dagokionean, nortasun europarra ez da hain nabaria eta ez daude europarra izateaz harro.
Emaitzen aurkezpen publikoa, Zientzia Jardunaldian
Abenduaren 2an Psikologia Fakultateko (UPV/EHU) Areto Nagusian egingo den Ongi etorri errefuxiatuak.
Harretarako hezten zientzia jardunaldian zehar, erakusketako bisitak gidatu zituzten ikasleen lau ordezkarik (Cristina Martinez, Leire Ciriquiar, Martin Torres eta Leire Izagirre) beren esperientzia eta taldeak egin duen ebaluazioa azalduko dute.
Era berean, Psikologiako ikasle den eta Ikasiker lankidetza beka bat duen Janire Arroyok eta Gizarte-Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasle eta SOS Arrazakeria Gipuzkoako kide Ainara Arnosok jardueraren ebaluazioak eman dituen lehen emaitzak azalduko dituzte.
Erakusketa gidatuetan ikasleek zein heinean parte hartu duten, errefuxiatuekiko agertzen dituzten jarrera positiboak eta enpatiak gora egin duten ala ez eta giza eskubideen aldeko konpromisoaren eta elkartasunaren balioak zenbateraino sendotu diren eztabaidatuko da.