UPV/EHUko ikasleen V. biltzarra
Gure Gradu Amaierako Lanek (GrAL) mundua aldatzeko balio dute. Zure proposamena aurkeztu irailaren 22a baino lehen.
Denok amets egin dugu mundua aldatzearekin, eta zu ez zara salbuespena. Gradu bat ikasi duzu, orduak eman dituzu irakurtzen, eztabaidan, pentsatzen… eta pertsonek eta gure planetak dituzten arazo larriez jabetu zara. Kezkaz ikusten dituzu politikan, ekonomian eta gizartean, pandemiak eragindako egoeran ikusgaiagoak, gertatzen ari diren atzerapausoak –aurrerapausoak ere badiren arren–, eta zuk zeuk ere zure ekarpena egin nahi duzu, ondorioz.
Zure Gradu Amaierako Lanean (GrAL) egin duzun ikerketa lanak ekarpen txiki bat egin diezaioke zure inguruko gizarte, ingurumen eta ekonomia eraldaketari. Ahalegindu zara zeuretik zerbait ematen, gauzak behingoz alda daitezen. Lehen saioa izan da zuk zeuk zerbait emateko, bizi zaren gizarteak eman dizunaren zati bat itzultzeko.
Ezaugarri hauetako GrAL bat defendatu duen edo defendatzekotan den ikasle horietako bat bazara, zientzietatik mundu hobeago baten erakuntzari egin dakiokeen ekarpena interesatzen bazaizu, leku bat duzu UPV/EHUko ikasleen V. biltzarrean. Aurkeztu zure proposamena irailaren 22a baino lehen, eta aukeratua baldin bada, V. Biltzarrean aurkeztu ahal izango duzu, eta sari bat jasotzeko aukera ere izango duzu.
2015eko irailaren 25ean, munduko buruzagiek 17 helburu global zehaztu zituzten nazioarteko agenda berri baten barnean: garapen iraunkorraren 2030 Agenda. Garapen Iraunkorrerako 17 Helburu (GIH) eta 169 xede datozen 10 urteotan bete beharko dira. Xede horiek betetzeko, guztiok jarri behar dugu geure alea: gobernuek, enpresa eta erakunde pribatuek, gizarte zibilak eta herritarrek oro har. Zuotako asko jada engaiatu zarete, eta zuen ekarpena egin duzue, zuen GrALean eginiko ikerketaren eta garatutako jakintzaren bidez.
Beharrezkoa iruditzen zaigu ikertzeko eta eztabaidatzeko geure gunea sortzea, eta zuok izatea protagonistak, jakintza adar guztietako gradudun berriak, 2030 Agendaren GIH helburuen inguruan. Datozen ikasturteotan erreferente bihurtu nahi duen ekimen honen bitartez, ikusarazi egin nahi ditugu eta merezi duten aitortza eman helburu horien eta XXI. mendeko beste erronka batzuen inguruan eginiko ikerketa lanei, eta bultzada eman nahi diogu ere unibertsitateko ikasleek gai hauen inguruan egiten duten ikerketari.