Aurkezpena
Ikasleen Ordezkarien Gida 1992an sortu zen, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren ekimenez, eta, ordutik, berriro argitaratu eta eguneratu gabe zegoen. Urte horretatik, Unibertsitatearen Estatutuak askotan aldatu dira, baita ikasleei eta beren ordezkaritza organoei dagozkien arautegiak ere.
Ordutik egin diren arau aldaketa nagusiak Unibertsitateko Ikasleen Estatutua eta 2010ean onartutako eta 2011n argitaratutako UPV/EHUren Estatutuak izango dira seguruenik; izan ere, ikasleei zuzenean eragiten dieten arauak bateratzeko eta eskubide eta betebehar guztiak arautegi bakar batean (Ikasleen Arautegia) biltzeko beharra agerian uzten dute.
Aurkezpen hau aprobetxatu nahi dugu 2011ko uztailaren 18an, 19an eta 20an Eibarren egindako UPV/EHUko Ikasleen Ordezkarien I. Jardunaldietan parte hartu zuten pertsona guztiei beren lanagatik eta erabilitako denboragatik eskerrak emateko. Jardunaldi horiek Ikasleen Ordezkarien Gida hau egiteko oinarri gisa erabili dugun lehen zirriborroa egitea ahalbidetu ziguten. Gida hau testu erabilgarria eta, aldi berean, Unibertsitatea hobetzeko eta gure kideak ordezkatzeko lan egin nahi duzuenek erraz ulertzeko modukoa izatea nahi dugu.
Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu UPV/EHUko Ikasleen Errektoreordetzari, gida hau egiteko emandako laguntzagatik; ez alderdi ekonomikoan bakarrik (gidaren argitalpena finantzatu du), baita alderdi teknikoari dagokionez ere, gida argitaratzeko beharrezko baliabideak eta langileak ahalbidetu baitizkigu.
Gida honetan jasotako edukiak zuzenean edo zeharka gure Unibertsitateko ikasleei laguntzen eta horiek ordezkatzen arituko garen edo dagoeneko aritzen garen pertsona guztiontzat interesgarriak izatea espero dugu.