UPV/EHUko ikertzaile Elizabete Manterola Aguirrezabalagak esan duen bezala, "Euskal literatura oso gaztea izan arren, azken 40 urteetan literatur lan horiek erdaratara itzultzea gero eta ohikoago da." Euskal literatura itzuliaren osoko argazkia eskaintzen du autoreak UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako Euskal literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanak erderatan liburuan.
Manterolak ELI Euskara Literaturaren Itzulia katalogoan bildutako lan itzuliei buruzko datuak ikertu ditu. Izendegi horretan agertzen den gisa, 2012aren erdialdera arte 161 idazleren obrak 38 hizkuntzatara itzuliak izan dira. Datu horiek aztertu ondoren, Manterolak ikerketa Bernardo Atxagaren lanetan ardazten du, zeren argitalpen itzuli gehien dituen autorea den (100 baino gehiago), baita hizkuntza gehienetara ere (35 hizkuntza).
Argitaratuko Euskal Literatura Saila bildumako liburu horretan, Elizabete Manterolak ondorioztatzen du euskaratiko itzulpenek euskal literaturaren produkzioa indartzen, aberasten eta normaltzen lagundu dutela. Baina produkzio hori kanporatzea jarduera berria dela nabarmentzen du. Izan ere, 2000. urtetik aurrera erdaratze prozesua haziz joan da, eta beharrezkotzat jotzen da itzultzea euskal literatura ezagutzera emateko. Bilakaera hori haur eta gazte literaturan oso nabaria izan da. Lan horiek izan dira estatutako hizkuntzetara gehien itzuli direnak, batik bat, gaztelerara. Hala ere, beste hainbat hizkuntza batzuetara iristea (frantsesa, alemana edota ingelesa) idazle gutxiagok lortu dute.
"Kontuan hartu behar da euskara hizkuntza gutxitua dela eta hizkuntza nagusiez (espainola eta frantsesa) inguraturik bizi dela. Beraz, ¬—Manterolaren esanetan— sistema diglosiko horrek itzulpen prozeduran eragin nabarmengarria du. Zentzu horretan, eginiko azterketak itzulpen bide ezberdinak azaleratu ditu: autoitzulpena, autore eta itzultzailearen arteko lankidetza estua, eta zuzeneko zein zeharkako itzulpenak." Autoitzulpena gaztelaniara zein frantsesera itzultzean agertzen den fenomenoa da; eta zeharkako itzulpena, berriz, beste hainbat hizkuntzarako bidean. Horrek esan nahi du gaztelaniara egindako itzulpena iturri bihurtzen dela beste hizkuntza batetara itzultzeko.
Atxagaren erdaratzeak
Itzulpen estrategietan sakontzeko, Elizabete Manterolak Bernardo Atxagaren produkzioa hartu du aztergai, "zeren eta euskal literatur itzuliaren konplexutasuna bere osotasunean islatzen duen egilea baita". Izan ere, 2010. urtera arte Atxagak 35 hizkuntzatara ditu 100 liburu baino gehiago. "Horrela, bere obren itzulpenek abagune egokia eskaini dute euskal literaturaren konplexutasuna aztertzeko eta urtez urte eraldatzen doan itzulpen errealitatea hobeto ezagutzeko", ikertzaileak azpimarratu du. Atxagaren lana aztertu ondoren, ikertzaileak halako ondorioak atera ditu, besteak beste:
• Gaztelaniazko testua agertzea lehenengo baldintza da ondorengo itzulpenak argitaratzeko, eta bitarteko bertsio hori testu iturri gisa erabili ohi da beste hizkuntza batzuetara eramateko.
• Ale itzulian bertan agertzen den informazioa ez da beti osatua. Hau da, zenbaitetan euskarazko izenburuaren ordez gaztelaniazkoa agertzen da, itzulpenerako erabili den hizkuntza zein izan den ez da zehatzen eta gaztelaniarako itzulpen kasutan itzultzaile izenik ere ez da argitaratzen. Fenomeno horiek estatu-esparruko itzulpenetan dira ohikoen.
• Autorea beti egon da gaztelaniazko itzulpenaren atzean. Beste hizkuntzetarako itzulpenei dagokienez, itzultzaileek gertutik jarraitu diote erabili duten iturri-testuari.
• Ikerlanak beste itzulpen mota bat ageri du, jatorrizko konpilatua. Euskarazko zein gaztelaniakotik itzultzeko gai direnek bi testu dituzte eskura: jatorrizko euskarazkoa eta autorearen eskuetatik igaro den gaztelaniazko bertsioa, hori katalanaren kasuan gertatu den moduan.
• Bernardo Atxagak azken 20 urtean bi irakurlego eta bi hizkuntza ditu gogoan bere liburuak idazterakoan. Hasierako lanetan, Atxagak euskal irakurlegoa zuen xede (Obabakoak Espainiako Sari Nazionala jaso arte, batik bat), eta Gizona bere bakardadea-El hombre solotik aurrera euskal zein gaztelaniazko irakurlegoak ditu helburu nagusi. Bi sorkuntza mota dira eta itzultzaileak gogoan izango du sorkuntza prozesua zein den.
Elizabete Manterolaren ustez, "XX. mendera arte euskal literatur sorkuntza oso murritza izan da eta, hortaz, literaturak berak indarra hartu ahala itzulpena ere joan da sendotasuna hartzen. Noski, lehenik eta behin, euskararako itzulpenak izan dira, baina behin jada euskal literatur sistema egituratzen hasita, XX. mendearen hondarrean hasi zen erdaretarako bidea zabaltzen. Eta XXI. mendean sartuta topa daiteke kanporako itzulpen gehien."
Euskal literatura saila bilduma
Jon Kortazar Euskal Literaturako katedradunak zuzendutako Euskal Literatura Saila bildumaren 14. alea da liburua. Bilduma horrek aztertzen du XX. mendearen azken hamarkadetatik orain arte euskal literaturak izan duen ibilbidea. Literatur genero bakoitzari liburu monografiko bat eskaini dio, eleberriari, poesiari, ipuingintzari, antzerkiari eta saiakerari, beste generoak beste. Azken liburu horrek itzulpengintza jorratzen du.
Bestalde, liburu hau TRALIMA-ITZULIK Euskal Herriko Unibertsitatearen baitako Ikerketa Talde Finkatuaren barruan kokatzen da. Talde horrek itzulpena eta kultura-aldaketak ikertzen ditu ikuspegi historiko batetik literaturan eta ikus-entzuneko hedabideetan. Horretarako teknologia berrien berezko tresnak erabiltzen ditu. Halaber, Espainiako Gobernuaren Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak babesten duen "Traducción y censura en España (1939-1985): corpus textuales y contexto cultural" ikerketa proiektuaren barnean ere dago liburua.
Egilearen gainean
Elizabete Manterola Agirrezabalaga (Orio, 1982) UPV/EHUko Itzulpengintzan doktorea eta Letren Fakultateko irakaslea da. Euskal Literatura Itzuliaren katalogoa (ELI) sortu zuen. Ikerketa lerro nagusietakoak hauexek dira: literatur gutxituen itzulpena, harremanetako hizkuntzen arteko itzulpena, euskal literatura, autoitzulpena, zeharkako itzulpena eta corpus-hizkuntzalaritzetan oinarritutako itzulpen ikasketak.