Sarrera
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) erakunde publiko bat da, helburuen artean duena “kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea”.
Europako Unibertsitate Eremuaren (EUE) baitan ikasketa planak martxan jarri zirenean, unibertsitateko kideek curriculum garapenerako egitasmo berriak abiarazi behar izan zituzten, tituluen gaitasun espezifikoen eta enplegagarritasunari loturiko zeharkako gaitasunen garapena bermatzeko.
Unibertsitate ikasketa ofizialen antolaketari buruzko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak honako hau dio:“Ikasketen antolakuntza berriak tituludunen enplegagarritasuna areagotuko du…”; graduen oinarrizko gaitasunei buruz, I. eranskinean irakur daiteke: “ikasleek gai izan behar dute ikasi dutena aplikatzeko beren lanean edo bokazioan modu profesional batean…”; 9. artikuluaren arabera: “gradu ikasketen helburua da ikasleak prestakuntza orokor bat jasotzea, diziplina batean edo gehiagotan, jarduera profesionalerako trebatuko duena”; aldiz, 10. artikuluaren arabera: “master ikasketen helburua da ikasleak prestakuntza aurreratua, espezializatua edo diziplina anitzekoa eskuratzea, espezializazio akademikora edo profesionalera bideratua, edota ikerketa lanetan has dadin bultzatzera”.
Gainera, doktorego ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak doktoregaien enplegagarritasuna sartzen du doktorego programak egiaztatzeko ebaluazio irizpideen artean.
Beraz, unibertsitate prestakuntzak ikuspegi argia du lan munduan sartzeko behar diren gaitasun profesionalak garatzeko.
Hori horrela, UPV/EHUk, titulazioak diseinatzean, kontuan hartu zituen titulu bakoitzaren zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak eta gaitasun espezifikoak, eta eskoletan eta fakultateetan gogoeta egin eta egitasmo ugari abiarazi dira metodologia berriak bultzatzeko.Zeharkako gaitasunen alorrean, UPV/EHUk argitaratu du Ikasle guztientzako zeharkako gaitasunen katalogoa (2019), eta ikastegiek akordioak egin dituzte titulazioetan gaitasunak formulatzeari, irakasgaietan banatzeari eta gaitasun horiek garatzeari eta ebaluatzeari dagokienez.
Unibertsitateak apustu egin du tituluen gaitasunak alor profesional errealetan garatzearen alde, eta indartu egin ditu horretarako Prestakuntza Duala, kanpoko praktika akademikoak (curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak) eta erakundeei nahiz enpresei lotutako Gradu Amaierako Lanen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego Tesien garapena, UPV/EHUk 2018-2021 urteetarako egin duen plan estrategikoko ekintzek aurreikusi moduan.Gainera, plan horrek planteatutako beste ekintza batzuk ere egin dira: hala nola enplegu foroak antolatzea elkarlanean administrazio publikoarekin, enpresa eta gizarte erakundeekin (elkarteak, fundazioak, GKEak, etab.), tituludunen laneratzea errazteko.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat jo da UPV/EHUko ikasle eta tituludunentzako I. Enplegagarritasun Plana (2020-2023) egitea, lankidetza prozesu baten emaitza gisa, gogoetan eta proposamen partekatuetan oinarritua, eragile ugariren ekarpenekin: Praktiken eta Enplegagarritasunaren Zuzendaritzako langileak —esperientzia handia dutenak unibertsitateko ikasleen eta tituludunen lan orientazioan eta kanpoko praktiken kudeaketan—, hiru campusetako errektoreordetzetako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzakoak, ikastegietako gradu eta graduondoko tituluen praktika programen arduradunak, eta eskoletan eta fakultateetan ikasleen enplegagarritasuna sustatzeko egiten diren jardueren arduradunak.
Enplegagarritasun Plan hau egin da aintzat harturik EHUagenda 2030 Garapen Iraunkorrari Ekin (2019-2025) egitasmoa, zeina oinarritzen baita NBEren Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan eta ekonomia, gizarte eta ingurumen alorrak barne hartzen dituzten haren 17 helburuetan. Zehazki, Agendaren 8. helburua (“Lan duina eta hazkunde ekonomikoa”) honako hau da: “guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta iraunkorra, enplegu betea eta produktiboa nahiz lan duina sustatzea”. Kalitatezko enpleguak desafio handi izaten jarraitzen du ziurgabetasun ekonomikoa nagusi den testuinguru batean, gazteen artean langabezia tasa murriztearekin batera.
UPV/EHU konprometituta dago ere garapen iraunkorrarekin lotuta dagoen 17. helburuarekin (“Helburuak lortzeko aliantzak”), eta elkarlanean dihardu estatuko eta nazioarteko erakundeekin, publikoak (udalak, aldundiak, Lanbide) nahiz pribatuak (enpresak, korporazioak, irabazi asmorik gabeko elkarteak edo klusterrak, besteak beste).
Horrenbestez, Enplegagarritasun Plana lerrokatuta dago Europako Kohesio Politikarekin eta 2020 Europa Estrategiarekin, hazkunde adimendun, iraunkor eta integratzailera bideratuak, helburu dutenak enplegu beteko ekonomiak sustatzea gizarte eta lurralde kohesioaren bitartez.
Gainera, UPV/EHUk bultzada eman nahi dio ere Euskal Unibertsitate Sistemaren Unibertsitatea-Enpresa Euskal Estrategia 2022 egitasmoari, xedetzat duena jakintza sortu eta transferitzea, eta giza kapitala sortzea lankidetza esparru batean.
UPV/EHUk, Enplegagarritasun Plana diseinatu aurretik ere, lan handia egin du ikasleen eta tituludunen enplegagarritasunaren alorrean, aukera handiagoak izan ditzaten beren etorkizun profesionalari ekiteko.Lan hori koordinazioan egiten da UPV/EHUko eragile eta zerbitzuekin (1. Irudia).
Alde horretatik, nabarmentzekoa da tituluen praktika programen arduradunen lana. Praktiken zerbitzuaren laguntzaz, 12.000 praktika eta prestakuntza dualaren alorreko egonaldi baino gehiago kudeatzen dituzte ikasturte bakoitzean, eta aukera ematen die horrek ikasleei gaitasunak garatzeko eremu profesional errealetan.
Gainera, azpimarratzekoa da ere UPV/EHUren 3 campusetako 4 enplegu guneen lana, erreferentea ikasleentzat eta tituludunentzat, tresnak ematen baitizkiete beren enplegagarritasuna indartzeko eta enplegu bilaketa bideratzeko, hainbat kanal eta aplikatibo erabiliz enplegu eskaintzak kudeatzeko, zubiak eraikita enpresen eta unibertsitateko kideen artean.
Modu berean, aipatzekoak dira ikastegi bakoitzeko ikasleei irteera profesionalei buruzko informazioa eta orientazioa helarazteko jarduerak enplegu guneekin lankidetzan antolatzeaz arduratzen diren pertsonak.
Hori guztia egiten da koordinazioan, Praktiken eta Enplegagarrita-sunaren arloko Zuzendaritzaren (Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetza) eta beste errektoreordetzetako zuzendaritzen artekoa. Zehazki, honako hauekin koordinatuta:
-
Hiru campusetako errektoreordetzetako Kanpo Harremane-tarako Zuzendaritzekin, Ekintzailetza Programez arduratzen direnak.
-
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektore-ordetzako Nazioarteko Mugikortasun Zuzendaritzarekin, ikasleen eta tituludunen praktikak indartzeko atzerrian, mugikortasun programen baitan (Erasmus+…).
-
Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzako Gradu Ikasketen eta Graduondoko Ikasketen Zuzendaritzekin, tituluen zeharkako gaitasunak eta gaitasun espezifikoak definitzen dituzten Ikasketa Planez arduratzen direnak.
-
Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuarekin, prestakuntza antolatu eta emateko erakunde laguntzaileetan praktikak edo egonaldiak egiten dituzten ikasleen tutoretzaz arduratzen diren pertsonei.
-
Campus Birtualaren Zuzendaritzarekin, zeharkako gaitasunei buruzko online prestakuntza osagarria emateko graduko eta graduondoko ikasleei.
Egoera on bat dugu abiapuntu, Lanbideren inkesta egin duen UPV/EHUren azken promozioak (2016ko promozioa – 2019ko inkesta) datu onak eman baititu laneratzeari dagokionez:% 90eko okupazio tasa, % 80ko enplegu tasa eta % 10eko langabezia tasa.Nolanahi ere, ezin dugu pentsatu datu hauek mantenduko direnik COVID-19aren pandemia globalak 2020an sortu duen ziurgabetasun egoeran,eta are beharrezkoagoa da Enplegagarritasun Plan bat artikulatzea, unibertsi-tateko ikasleen enplegagarritasunarekin lotutako erronka berriei aurre egin eta azken helburua betetzen lagunduko digun tresna bat edukitzeko:kalitatezko laneratze erabatekoa lan merkatuan. Dena den, azpimarratu behar da Plan honetan proposatu diren ekintzak aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa izango dela normaltasun egoeran aritzea. Hortaz, 2020an izandako itxialdia berriro gertatuko balitz, ekintza horietako batzuk ezin izango lirateke aurrera eraman eta beste batzuk, berriz, derrigorrez egokitu beharko lirateke.
UPV/EHUko ikasle eta tituludunentzako I Enplegagarritasun Planak hiru ardatz nagusi ditu, eta bat datoz ikasleen ibilbidearen hiru unerekin: ikasketetan zehar, ikasketak amaitzear eta titulua eskuratu ondorengo unea.
- I ARDATZA:ZEHARKAKO GAITASUNETAN OINARRITUTAKO PRESTAKUNTZA.
- II ARDATZA:ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO ORIENTAZIOA.
- III ARDATZA:LANERATZEA ERRAZTEKO BITARTEKARITZA.
ARDATZ bakoitzak helburu batzuk ditu, eta helburu horiek betetzeko ekintzak proposatzen dira.1. eranskinak zehazten ditu ardatz bakoitzaren ekintzetan parte hartzen duten edo parte hartuko duten eragileak, baita programak ere, gaur egun egiten diren jarduera ugarien berri ere eman nahi baita.