izaskun_heras

IZASKUN HERAS PRADO

"Nire bizitzako garairik zoriontsuena unibertsitatean ibili naizenekoa izan da"
Izaskun Heras Prado, 1983/02/06 – 2014/02/14 (31 urte)
  • Biologiako Lizentziatura (2001-2008)
  • Ingurumen Zientzietako Lizentziatura (2008-2010)
  • Ingurugiroaren Agrobiologia Unibertsitate Masterra (2010-2011)

Izaskun Heras Prado emakume aparta izan zen, aitzindaria eta eredugarria desgaitasuna duten pertsonak unibertsitate ikasketetan integratzeko borrokan. Izaskunek, bere ahaleginari eta ikasteko gogoari esker, eta desgaitasun larria izan arren, bi lizentziatura lortu zituen (Biologiakoa eta Ingurumen Zientzietakoa), eta, ondoren, graduondoko ikasketekin jarraitu eta arrakasta handiz atera zuen Ingurugiroaren Agrobiologia Masterra, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

Unibertsitatean izandako esperientzia hain izan zitzaion funtsezkoa, ezen bere bizitza markatu eta aldatu baitzuen. Haren beraren esanetan, "bizitzako urterik onenak" izan ziren beretzat; gainera, inork ez bezala gozatu eta integratu zuen Unibertsitatea bere bizitzan. EHUn ezagutu genuen guztioi ere aldarazi egin zigun ikaskuntzaren eta gure erakundearen inguruan genuen ikuspegi akademiko eta humanoa.

Unibertsitatea irakaskuntza eta ikaskuntza eredu berrietan buru-belarri dabilen honetan, Izaskunen ereduak erakusten digu zenbaterainoko garrantzia duen motibazioak, sekula amore ez emateak, balioetan hezteak, elkarlaneko ikaskuntzak eta konpromiso sozial eta etikoak, hori dena behar-beharrezkoa baita unibertsitate ikasleak trebatzeko. Izaskunek, mugitzeko gaitasun urria izanagatik ere, adeitasunean eta laguntasunean oinarrituta egin zuen bidea, eta, horri esker, etengabe sentitzen eta asetzen zuen ikasteko eta irakasteko grina. UPV/EHUko ikasle desgaituen ikaskuntza eta ongizatea hobetzeko konpromisoari helduz, ikerketa bat ondu zuen "Mejora de Aspectos de Accesibilidad, de Adaptación Curricular y de Aspectos Socio ambientales de Alumnos Universitarios con Discapacidad Motriz" izeneko master amaierako lanerako. Lan gaitza izan zen emozionalki zein fisikoki, baina hark ikasia zuen ikasteko prozesuak atsegina behar duela. Gogoan dut hauxe esan zidala bidalitako azken mezuetako batean: "Gogotik lan egin dugu, bai, baina baita malkoak isuri arte barre egin ere".

EHUk, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bitartez, pertsona desgaituen inklusioaren eta aukera berdintasunaren aldeko konpromisoa du aspaldidanik, eta Izaskunen eredua konpromiso horrexen emaitza da. Master amaierako lanen Izaskun Heras Prado Sariak balioa ematen dio haren lan aitzindariari, eta eredugarri da unibertsitate komunitate osoarentzat. 2014ko otsailaren 14an joan zitzaigun bizitzaren zale amorratu hura. Hori bai, ezagutu genuen guztioi betiko utzi zigun bere irribarrea eta mugarik ez dagoelako uste osoa.

Jose Maria Becerril

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakaslea.