katedraren helburuak

Helburu nagusiak

Joxe Azurmendi Katedraren zereginen artean lehentasuna du Joxe Azurmendiren obra eta pentsamendua –eta baita 1956ko Belaunaldiko beste batzuena ere– ikertzea, ustiatzea eta transmititzea ahalbidetuko duten ekimenak sustatzea, pentsamendu garaikidearen garapena helburu izanik. Horrekin batera, bere ibilbide intelektualean tokiko eta kanpoko solaskideen pentsamendua aztertu, ulertu eta erabili nahi da. Baina, zalantzarik gabe, pentsamendu garaikidea jorratzen duen erakundea izanik, bere helburu garrantzitsuena da, hain zuzen ere, gure ingurunetik eta euskaraz egindako jatorrizko ekoizpen filosofikoaren garapena sustatzea.

 Horregatik, katedraren helburua ez da Joxe Azurmendi “jainkotzea” –ez pertsona gisa, ez intelektual gisa–, baizik eta etorkizunera begiratzea,  bere lana abiapuntu hartuta eta aztertuz. Azken finean, euskal pentsamendua garatzen joatea da kontua, eta horretarako beharrezkoa da euskaraz gehiago argitaratzea, eta euskal gizarteak behar duen masa kritikoa sortzen eta garatzen joatea.

Lan esparruak

Aipatutako helburu nagusiak gauzatzeko, alabaina, giza eta gizarte-zientzietan  egin daitekeen guztiari erreparatu behar zaio, eta, ildo horretan, Joxe Azurmendi Katedrak hainbat lan-esparru zehatz biltzen ditu. Hona hemen:

Esparru filosofikoa: Euskal pentsamendua garatzeko ezinbestekoa da hausnarketa eta kritika sustatzea, eta, filosofia baita, zalantzarik gabe, hausnarketa eta kritika horren eremurik naturalena. Kontuan izan behar da, gainera, Joxe Azurmendi filosofo dela ezer baino lehen.
Giza eta gizarte zientzien eremua: Euskal pentsamenduaren lanketa honetan, bestela, historia, hizkuntza, kultura, gizartea eta politika ere oso kontuan hartu behar dira. Joxe Azurmendik ere arreta handia eskaini die horiei guztiei.
Zabalkundea: Euskal pentsamendua ez da izan eta ez da izango aparteko zerbait. Alde horretatik, nazioarteak gurean duen eragina aztertzea bezain garrantzitsua da gure ikerketak eta, bereziki, edukiak nazioartean ezagutaraztea.