ARAUBIDEA ETA NORTASUN JURIDIKOA

Araubidea eta nortasun juridikoa

Pentsamendu Garaikiderako Joxe Azurmendi Katedra Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk sortutako nortasun juridikorik gabeko erakundea da, eta, UPV/EHUren Estatutuen 148.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatutu horietan ezarritakoari, bere barneko arauei eta gainerako indarreko xedapenei jarraituko die. Halaber, nortasun juridikorik gabeko erakundea izanik, Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an onartutako UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegian ezarritakoa jarraituko da (2012ko ekainaren 18ko EHAA, 118. zk.).

Hitzarmen hau administratiboa da, eta administrazio zuzenbidearen arabera interpretatu eta garatuko da. Hitzarmena interpretatu edo aldatzerakoan, bere ondorioetan edo suntsitzean sor litezkeen auziak administrazioarekiko auzibideko epaitegi eta auzitegiei legozkie aztertu eta ebaztea.

Hitzarmenaren premia eta egokitasunari dagokionez, hitzarmena sinatzeak unibertsitate publikoaren kudeaketa hobetuko du, erraztuko du unibertsitatearen baliabide eta zerbitzu publikoen erabilera bateratua, eta lagunduko du unibertsitatearentzat erabilgarriak diren jarduerak aurrera eramaten. Hitzarmenak, gainera, aurrekontu- egonkortasunerako eta finantza jasangarritasunerako legeria bete behar du. Hitzarmena sinatzeak eta, bide batez, katedra sortzeak, euskal unibertsitatearen eta gizartearen benetako behar bati erantzun diezaiokete, euskal kulturaren inguruko hausnarketa kritikoa bereziki sustatuz. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren interesak bat egiten dute, eta horrek justifikatzen du hitzarmena sinatzean gauzatu nahi den jarduera kontratu-izaera ez izatea. UPV/EHUren eginkizun ukaezina da, halaber, “Euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasteko lanetan parte hartzea”.