inf_texto_IV inklusio plana

IV. INKLUSIO PLANA

AURKEZPENA

Euskal Herriko Unibertsitatearen IV. Inklusio Plana (2024-2027) onartzea eta abian jartzea euskal unibertsitate publikoak gizarteratzearekin, ekitatearekin eta iraunkortasunarekin duen konpromisoaren isla da. Hezkuntza funtsezko elementua da herritarren garapen eta errealizazio pertsonal eta sozialerako. Egoera zaurgarrian dauden eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonek goi-mailako ikasketak egin ahal izatea eta unibertsitateko ikasketak gainerako pertsonen baldintza berberetan egin ahal izatea, hezkuntza eta gizarte inklusibo baterako bidean agindu etikoa izateaz gain, unibertsitateok bete behar dugun lege-agindua da.

Legearen aurreko berdintasunak berdintasuna eskatzen du errealitatean. Ez litzateke bidezkoa izango goi-mailako ikasketak egiteko merezimendu intelektualak dituzten pertsona guztiek goi-mailako ikasketak egiteko aukera ez izatea, beste edozein mailatako mugak direla medio (ekonomikoak, fisikoak edo sozialak). Horrek, batez ere, ingurune akademiko inklusiboa sorraraztea eskatzen du. Eta, era berean, ingurune lagungarri hori zaurgarritasun-egoerak jasan ditzaketen kolektibo guztietara irits dadin saiatzea.

Lehenengo bi planak, funtsean, desgaitasun-egoeren ondorioak pairatzen zituzten ikasleei zuzendutakoak baziren, hirugarrenak arrisku-egoeren eta zaurgarritasun-egoeren eraginpean dauden beste kolektibo batzuentzat zabaldu zuen inklusioaren kontzeptua: baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat, haurrak eta nerabeak babesteko sistemetan hartutako pertsonentzat, asilo- eta babes-eskatzaileentzat, identitatearekin eta generoarekin lotutako arazoek eragindako pertsonentzat, askatasun-gabetze-egoeran dauden pertsonentzat, etab.

IV. Plan honen helburua da inklusio-eremu zabalago hori finkatzea eta, gainera, V. ardatzean ezarritako koordenatu berrien arabera egitea. Koordenatu berri horiek babes eta arreta sistema bera integral eta jasangarritzat jotzen dute: integrala, kasuistika zabalena barne hartzen duelako eta zaurgarritasun-egoeran dauden ikasle guztiek unibertsitate-ikasketak arrakastaz eskuratu eta burutu ahal izatea bermatzen duelako; eta iraunkorra, eskura dauden baliabideak, mugagabeak ez direnak, kolektibo kaltebera guztiei arreta egokia bermatzeko bideratzen dituelako.

Beraz, esan daiteke IV. Plan honen helburua ez dela soilik aurreko planetan hartutako neurriak indartzea, baita aplika daitezkeen egoerak zabaltzea eta sistema osoaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatzea ere.

Baina badira berritasun gehiago plan honetan; besteak beste, adierazle-sistema zabalagoa egitea, aurrez ezarritakoak berrikusita, kolektibo zaurgarrien babes-sistematik ateratzen dugun argazkia zehatzagoa izan dadin.

Zalantzarik gabe, inklusioa etengabeko erronka izango da, baina gakoa tresna multzo bat izatea da, egoera horiek detektatzen diren bakoitzean modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, ikuspegi ekitatibo eta inklusibo batetik.

Horrela, Nazio Batuen Erakundeak ezarri dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat eginez lan egiten dugu, gure hausnarketa estrategikoan gure jardueraren ardatz nagusi gisa barneratuz, batik bat, 4. helburua (Kalitatezko Hezkuntza) eta 10. helburua (Desberdintasunen Murrizketa).

Eskerrak eman nahi dizkiet Inklusio IV. Plan hau egiteko lanetan parte hartu duten pertsona eta unibertsitate-zerbitzuei, egindako ahaleginagatik. Ziur nago zuen ahalegina ez dela alferrikakoa izan, datozen urteetan pertsona guztiek beren lekua aurkituko duten unibertsitate-proiektu batean aurrera egiteko balioko digulako.

Eva Ferreira García

UPV/EHUko errektorea

SARRERA

UPV/EHU, unibertsitate publikoa den neurrian, konprometituta dago inklusioarekin, aniztasunaren errespetuarekin eta berdintasunarekin. Hala, haren Estatutuen 4.3 artikuluan adierazten denez, UPV/EHUk, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeaz gainera, beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Goi mailako hezkuntza erakunde publiko gisa, UPV/EHUk kontuan izan beharko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetua, genero ikuspegia, ekintza positiboa, sexuaren araberako rolen eta estereotipoen ezabaketa, eta ordezkaritza orekatua.

Era berean, UPV/EHUk bereziki zaintzen du premia bereziak dauzkaten pertsonen kolektiboa, eta Estatutuen II. tituluko V. kapitulua kolektibo horri buruzkoa da. Kapitulu horretako 67. artikuluaren arabera, UPV/EHUk ekintzak bultzatuko ditu premia bereziak dauzkaten unibertsitateko kideek eta gainerako kideek aukera berdintasun berberak dauzkatela ziurtatzeko. Beraz, beharrezko baliabideak, informazioa, laguntza eta bitartekoak jarriko ditu premia bereziak dauzkaten pertsonen eskura.

Eta 68. artikuluan honako atal hauek aipatzen dira:

1. UPV/EHUk bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta unibertsitateko gainerako kideei Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean.

2. Ezintasunak dauzkaten ikasleak eta unibertsitateko gainerako kideak ezin izango dira izan diskriminatuak beren ezintasunagatik, ez zuzenean ez zeharka, unibertsitatera sartzeko prozesuan, bertan ari direnean, eta titulu akademikoak edo onartuta dauzkaten bestelakoak baliatzean.

3. Ezintasunak dauzkaten ikasleek horrelakorik behar balute, unibertsitateko ikastegiek eta sailek esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak egingo lituzkete eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza espezifikoak ezarriko.

4. UPV/EHUk egokitu egin beharko du bere ingurunea, legeriak xedatutakoari jarraiki, ezintasunak dauzkaten pertsonak oztoporik gabe ibili ahal izan daitezen bertan.

5. UPV/EHUk kontuan hartuko du ezintasunak dauzkaten pertsonei lana emateko arautegietan xedatutakoa, eta aplikatu egingo du langileak hautatu eta kontratatzean.

Euskal unibertsitate publikoan inklusio erreala lortzeko egindako bidean, hainbat egitura eta plan sortu dira. Hala, 2001ean, Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak egindako “Ezgaitasunak dituzten Unibertsitateko Kideak UPV/EHUn Integratzeko I. Plana” onartu zuen Gobernu Kontseiluak.2003ko abenduan Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zen. Zerbitzua garai hartako Ikasleen Errektoreordetzaren mende zegoen (egun, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetza da), eta ezgaitasunen bat eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten hiru campusetako ikasleak artatzen ditu. 2008. urtean, Psikologia Aplikatuko Zerbitzua sortu zen (egun, Arreta Psikologikorako Zerbitzua da), Errektoreorde beraren menpe, ahultasun psikologikoaren arazoak dituzten ikasleak artatzeko. 2012. urtean, konpromiso hori berretsita, UPV/EHUren II. Inklusio Plana onartu zen 2012-2017 aldirako, eta 2019ko apirilaren 11an Gobernu Kontseiluak UPV/EHUren III. Inklusio Plana onartu zuen 2029-2022 aldirako, aurreko planetako ibilbidea osatze aldera. III. Inklusio Plana garapen jasangarrirako 2030 EHUagendaren esparruan eratu zen, eta aurrekoak baino hedadura handiagoko Plana izan zen, aplikazio eremua lehen aurreikusten ez ziren kolektibo eta ahultasun egoeretara zabaldu baitzen.

Ildo horretan, aurreko inklusio planak desgaitasunaren ondoriozko egoeran dauden eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzenduta zeuden. Hirugarren planean, inklusioaren kontzeptua beste kolektibo batzuetara zabaldu zen, bazterketa eta ahultasuneko arrisku handiagoa ere izan zezaketelakoan: baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak, Foru Aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemetan harreran dauden gazteak, asilo eta babes eskatzaileak, laguntza psikologikoa behar duten pertsonak, sexu eta genero identitateari lotutako egoera pertsonalak eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonak. Bestalde, hirugarren plan horrek unibertsitateko etapa guztietan eskaintzen zion arreta ikasleari, helburuak eta ekintzak lau etapatan modu sekuentzialean ezarrita, hau da, unibertsitate aurreko etapa eta unibertsitateko etapak: lehen etapan unibertsitate aurreko fasea sartzen zen, eta, unibertsitatera sartuz gero, laguntzaren bat beharko luketen pertsonei orientazioa eman eta jarraipena egin zitzaien fase horretan. Bigarren etapan sarbide fasea sartzen zen, eta, hirugarrenean, unibertsitateko ikasketak egiten aritu diren aldia. Laugarren eta azken etapan, irtenbide profesional bat bilatzeko orduan erabakiak hartzen laguntzen zen. 

Aipatutako hiru plan horiek ikasleentzako arretan zentratzen dira, uste baita hori dela unibertsitateko kolektiboen artean babes espezifiko gehien behar duena. Beste bi kolektiboentzat (TEKAZEL eta irakasle-ikertzaileak), maila handiagoko legeria existitzen da desgaitasunak dituzten pertsonei lana emateko, langileak hautatu eta kontratatzean aplikatu beharrekoa. Horrez gain, UPV/EHUk inbertsio garrantzitsuak egin ditu azken urteotan langileen lan inguruneak erraztu eta egokitzeko, eta horrela jarraituko du. Hori guztia kontuan hartuz, IV. Planaren proposamen hau ere ikasleen kolektiboan zentratzen da, hezkuntza inklusiboa eta goi mailako hezkuntzarako sarbidean aukera berdintasunaren printzipioa gauzatzea helburu.

Urte hauetan, UPV/EHUk hezkuntza sistema ez-unibertsitariorekin batera egin du lan, bide honetan urrats garrantzitsuak egin dituen sistema; hala nola “Euskal Herriko Hezkuntza Berezirako Egitamua” (1982) eta “Eskola Inklusiboaren Esparruan Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa (2012-2016). Azken horren ordez Eskola inklusiboa garatzeko esparru-plana 2019-2022 onartu zen. Aipatzekoak dira, halaber, IV. Gizarteratzeko Euskal Plana 2017-2021 eta horren ondoren etorritako Inklusiorako V. Euskal Plana 2022-2026, baita EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana (2018-2021) ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarena.

 Hezkuntza inklusiboak ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bidezkoa eta justua eraikitzen laguntzeko konpromisoa eta jarrera eskatzen du, eta, horretarako, kultura inklusiboak sortu, politika inklusiboak egin eta jarduera inklusiboak garatu behar dira.

Nazioarteko erakundeek, era berean, hezkuntza inklusiboaren kontzeptua etengabe eraikitzearen alde egin dute. UNESCO en su Guidelines for inclusión: Ensuring Access to Education for All (2006) dokumentuan adierazten duenez, hezkuntza inklusiboa ikuspegi bat da, hezkuntza sistemak eta bestelako ikaskuntza inguruak eraldatzeko balio behar duena ikasleen aniztasunari erantzuteko. Horrekin batera, Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenak (NBE, 2006), zeina juridikoki loteslea den lehen tresna baita, eskubide gisa jasotzen du hezkuntza inklusiboaren eta kalitatezkoaren kontzeptua, eta agintariak derrigortzen ditu eskubide horretaz baliatzeko gutxieneko baldintzak ezartzera.

Dena dela, ingurune batzuetan hezkuntza inklusiboa eskola testuingurutan ezgaitasunak dituzten ikasleei lotuta ageri bada ere oraindik, azken hamarkada honetan bereziki indartu da inklusioaren kontzeptu zabalago bat. Horrela, arraza, gizarte klase, etnia, erlijio eta gaitasun aniztasunarekiko jarrera eta erantzun jakin batzuen ondorioz sortutako gizarte bazterkeriaren amaierari lotuta ageri zaigu, hezkuntza oinarrizko giza eskubide bat eta gizarte justizia goreneko oinarri bat dela ulertuta (IBE-UNESCO, 2016). Ondorioz, hezkuntza inklusiboa prozesutzat hartzen duten politikak egitea iradokitzen da; prozesu bat, oztopoak identifikatu eta ezabatuko dituena, ikasle guztien parte hartzea bultzatuko duena eta arreta berezia jarriko duena bazterkeria eta esklusioa jasateko edo errendimendu apala izateko arriskupean dauden ikasleengan (IBE-UNESCO, 2016).

Ideia horren garrantzia jasota dago, halaber, Nazio Batuen 2030 Agendan. Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) artetik laugarrenak honela dio: Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea. Hezkuntzarako Incheongo 2030 Adierazpenak, 2015eko maiatzaren 21ean UNESCOk bultzatu eta antolatutako Hezkuntzaren Munduko Foruan onartu zenak, konpromiso zehatzak adostu zituen hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa eta pertsona guztientzako bizitza osoko prestakuntza lortzeari begira. Inor atzean ez geratzearen ideia da GJH honen kontsigna.

Ezbairik gabe, eraldaketa horien guztien eraginez, garai batean egoera edo baldintza pertsonalen ondorioz hezkuntza sistematik kanpo geratuko liratekeen pertsona askok beren prestakuntzan aurrera egiteko aukera izan dute, eta horietako askok unibertsitate ikasketak ere egin dituzte. Pertsona horiek unibertsitatera iritsi dira, eta unean uneko erantzunak eta, zenbait kasutan, programa egituratuagoak antolatu dira, unibertsitatearen konpromiso publikoa betetzeko.

UPV/EHUk 2021ean eta 2022an burutu duen gogoeta estrategikoak eta III. Inklusio Planaren (2019-2022) ebaluazioak orain aurkezten dugun IV. Inklusio Plan hau egiteko baldintzak sortu dituzte. Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 24ko bilkuran onartutako UPV/EHUren 2022-2025 aldiko Plan Estrategikoaren “Kultura eta Gizartea” ardatzaren helburuetako bat da unibertsitatea erreferentzia eredu gisa indartzea, genero berdintasunean, inklusioan eta garapen jasangarrian, eta, besteak beste, premia bereziak dituzten kolektiboei (desgaitasuna duten pertsonak, errefuxiatuak, gizarte, ekonomia eta kultura egoera ahulean dauden kolektiboak, etab.) laguntzeko programak indartzea proposatzen da ekintza moduan.

Bestalde, III. Inklusio Plana amaitu zelarik, plana osatzen zuten programen balantze oso positiboa egin zen, eta baldintza aproposak sortu ditu, alde batetik, epe ertain-luzera analisi lasaiago eta kontrastatuago bat egiteko eta, bestetik, unibertsitate politikak hurrengo urteetan nola bideratu behar diren pentsatzeko. III. Inklusio Plana indarrean egon zen bitartean, 5.000 ikaslek baino gehiagok jaso zuten arreta planeko programen bitartez, eta ikasle kopuruak eta ahultasun egoerek gora egin dutela nabarmendu da; horren ondorioz, besteak beste, sistemaren osotasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ardatz berri bat txertatu da IV. Inklusio Plan honetan, sistema bera epe luzera iraunkor izan dadin eta egoera ahulean dauden ikasleei arreta integrala bermatuta, unibertsitateko etapa guztietan lagunduz.

Era berean, aipatu behar da UPV/EHUk 2022an jarri zuela abian UPV/EHUko ikastegien Entzute eta Erantzute Sarea, ikasleen, irakasleen, AZPkoen eta ikastegien arteko lankidetzarako egitura informala, ikasleek bizi ditzaketen zaurgarritasun egoerak antzeman eta horiei erantzuna emateko. Proiektuaren helburu nagusia ahultasun handieneko egoeretan egon daitezkeen ikasleei arreta integrala ematea da, unibertsitateak dituen baliabideak haien eskura jarriz eta, aldi berean, enpatiaren eta elkartasunaren balioak sustatuz, sarearekin bat egin nahi duen orori sentsibilizazio-prestakuntza eskainita.

IV. Inklusio Plan honek bere egiten du hezkuntza inklusiboa bermatzeko printzipio hori, bai eta unibertsitate sisteman sartzeko eragozpenik inork ez izateko agindua ere, norberaren ezaugarriak, egoera edo inguruabar pertsonalak edozein direla ere; eta kontzeptu konprometituago eta globalago batetik lan egitea planteatzen du, 2030eko Agendaren lehentasunen gidaritzapean. Azken batean, ekitatearen definizioa abiapuntutzat harturik (pertsona guztientzako tratu berdintasuna, aintzat hartuz eta errespetatuz beren desberdintasunak eta gaitasunak), inklusioak zera esan nahi du: unibertsitate ingurune bat sortzea, unibertsitate ikasketak egiteko eta unibertsitateko bizitzan eta ikaskuntzan parte hartzeko aukera emango diena ikasle guztiei, haien ezaugarriak, egoera edo inguruabar pertsonalak edozein direla ere, eta arreta berezia jarrita bazterkeria eta/edo ahultasun egoeran egon daitezkeen horiengan. Edonola ere, lan hori ikasle eta unibertsitateko kide guztientzat da. Ez baita inklusiorik izango pertsona guzti-guztiak inklusioaren aldeko eragile aktibo bihurtzen ez badira

Oztopoak identifikatzeko eta ezabatzeko lana neketsua bada ere, plan honek 10. GJHk zehazten duen bidean egingo du lan: “Desberdintasunak murriztea”. Eta 4.aren esparruaren barruan: Era berean, garrantzi berezia emango zaie jarraian aipatutako egoerei, ulertzen baitugu ahultasun arrisku handiagoan egon daitezkeela

  • Baliabide ekonomikorik gabeko egoerak.
  • Foru Aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemetan harreran dauden gazteen egoerak.
  • Ezgaitasunetik edo antzeko inguruabar pertsonaletatik eratorritako egoerak.
  • Asiloa eta babesa eskatu duten pertsonen egoerak.
  • Laguntza psikologikoaren beharra duten egoera pertsonalak.
  • Sexu eta genero identitateari lotutako egoera pertsonalak.
  • Presoen egoerak.
  • Genero indarkeriaren biktima izateagatik, amaz umezurtz diren ikasleen egoerak.

Erakunde barnean, gakoak izango dira inplikatutako zerbitzuetan diharduten pertsonen arteko lankidetza estua eta elkarlana, IV. Inklusio Plan hau egiteko prozesuaren beraren ildoari jarraituta. Aurrekoa bezalaxe, plan hau ere logika sekuentzial batetik eraiki da, lau etapatan egituratuta, eta bat egiten du, oro har, modu sektorial edo partikularrean egoera bakoitzarekin lan egiteko moduarekin; bestela esanda, kolektibo bakoitzaren berezitasunak gorabehera, UPV/EHUn egindako esku hartzearen etapak berdinak dira guztientzat, eta horrek prozesuak hobeto ulertzea eta kudeatzea ahalbidetzen du. IV. Plan hau osatzeko, egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko sistemaren osotasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako bosgarren ardatz bat txertatu da. Unibertsitatearen esparruan antolatutako programen –gero eta gehiago dira– esparruan artatzen diren ikasleen kopurua etengabe hazten ari denez, gogoeta egin behar dugu eta gure jardunaren bitartez bermatu beharko genuke, alde batetik, inklusioaren kontzeptu konprometituago eta globalago bat eta, bestetik, sistemaren jasangarritasuna bateragarriak izatea. Bestela esateko, inklusioaren kontzeptu geroz eta zabalago batekin jardutea lortu behar dugu eta, aldi berean, sistemaren osotasuna eta jasangarritasuna arriskuan ez direla egongo bermatu.

Azken helburua da ahultasun egoeran egon daitezkeen ikasle guztiei aukeren berdintasuna bermatzea, irisgarritasun unibertsala bezalako alderdiak aintzat hartuz, teknologiaren zein komunikazioaren ikuspuntutik, eta zerikusirik duten arlo guztietan pertsona guztientzako diseinua bultzatuz.

I. ARDATZA

INFORMAZIOA GIZARTE ETA HEZKUNTZA INKLUSIOAREN IKUSPEGITIK EMATEN DELA BERMATZEA, UNIBERTSITATE AURREKO IKASLEEK UNIBERTSITATE IKASKETAK AUKERA ERREAL GISA IKUS DITZATEN ETA BEREN EGOERARA EGOKITUTAKO ERABAKIAK HAR DITZATEN.

 

1.1.- Unibertsitatera sartzeko bideak, ikasketen eskaintza eta UPV/EHUn inklusioa babesteko neurriak eta baliabideak ezagutzera ematea.

 

Ekintzak:

1.1.1. Egiten diren unibertsitate aurreko orientazio jarduerak (orientazio azokak, ateak zabaltzeko egunak, jarduera praktikoak) planteamendu inklusibo batetik gauzatzea.

1.1.2. Ahultasun egoeran dauden ikasleei laguntzeko zerbitzu espezifikoak aurkeztea, UPV/EHUk unibertsitate aurreko hezkuntza eragileekin batera antolatutako jardunaldi eta topaketetan, ikasle guztien inklusioa bermatzearren.

1.1.3. Unibertsitatera sartzeko bideei, ikasketen eskaintzari eta UPV/EHUn inklusioa babesteko neurriei eta baliabideei buruzko jardunaldiak eta topaketak antolatzea, gizarte eragileekin batera.

1.1.4. Plan honen xede diren kolektiboei lotutako gizarte eragileak (erakundeak, elkarteak, GGKEak, etab.) identifikatzea eta haiekin harremanetan jartzea.

1.2.- Erabakiak hartzeko erraztasunak ematea, ikasleak beren aukerez kontzientziatuta.

 

Ekintzak:

1.2.1. Esperientzien trukea bultzatzea, ahultasun egoeran dauden unibertsitate ikasle eta/edo egresatuen eta ahultasun egoera berean dauden unibertsitate aurreko ikasleen artean.

1.2.2. Ikasleei informazioa eta orientazioa ematea, sartzeko baldintzen eta titulazioetan eskatzen diren gaitasunen arabera, egin daitezkeen zentzuzko egokitzapenen berri emanez eta beren aukerez jabe eginaraziz.

II. ARDATZA

AUKERA BERDINTASUNA BERMATZEA, UNIBERTSITATE IKASKETEN SARRERAN.

 

2.1.- Unibertsitatera sartzeko probak egiteko aukera bermatzea ikasle guztiei.

 

Ekintzak:

2.1.1 Unibertsitatera sartzeko eta ikasleak onartzeko prozeduran inplikatutako zerbitzu eta Errektoreordetza guztien arteko koordinazioa estutzea.

2.1.2 UPV/EHUtik kanpoko erakundeekiko koordinazioa indartzea, unibertsitatera sartzeko tramiteak ikasleen egoera espezifikoaren arabera egiteko.

2.1.3 Teknologia berriek sartzeko probak egokitzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertzea, ikasleen behar espezifikoen arabera.

2.1.4. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioan parte hartzen duten irakasleei eta langileei probekiko egokitzapena aplikatzeari buruzko prestakuntza ematea.

2.2.- Unibertsitatera sartzeko administrazio tramiteak erraztea.

 

Ekintzak:

2.2.1. Gidari eta aholkulari lana egitea, unibertsitate ikasketetara sartzeko eta horietan matrikulatzeko eta beharrezko laguntzak eskatzeko tramite administratiboak arrakastaz egin daitezen.

2.3.- Aniztasuna aintzat hartuko duten prozesuak egitea, ikasleei unibertsitatean kokatzeko orduan lagunduko dietenak.

Ekintzak:

2.3.1. Ahultasun egoerei erantzuteko jardunbide egokien gida egitea, UPV/EHUko zerbitzuetan diharduten langileentzat, lau etapetarako (barne direktorioa izango duena), eta langile horiei gidaren ezarpenari buruzko informazioa eta prestakuntza emango zaie.

2.3.2. Ikasleei, harrera egitean, UPV/EHUk dituen laguntza zerbitzuei buruzko informazioa ematea, baita Entzute eta Erantzute Sareari eta ikastegietan duen zehaztapenari buruzkoa ere.

III. ARDATZA

UNIBERTSITATE BIZITZA INKLUSIOAREN IKUSPEGITIK GARATZEA.

 

3.1- Ahultasun egoeran dauden pertsonei unibertsitate ikasketak egiteko erraztasunak ematea.

 

Ekintzak:

3.1.1. Ezgaitasunak dituzten ikasleen arretarako programa indartzea, honako hauek bultzatuta: tutoretza espezifikoa, unibertsitate kolektibo guztientzako inklusioari buruzko prestakuntza eta unibertsitate ikastegiekiko koordinazioa.

3.1.2. Programan dauden ikasleen arreta protokolo batean zehaztea, baita babes neurrien kudeaketa ere.

3.1.3. Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren eta inklusioa lantzen duten gainerako programen arteko lankidetza eraginkorki hobetzea.

3.1.4. Errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen arretarako programa indartzea, hizkuntza prestakuntza eskaintza eta harrera erakundeekiko koordinazioa hobetuta.

3.1.5. Ezustean sortutako arazo ekonomikoak dituzten ikasleentzako laguntza programa mantentzea, ikasten jarrai dezaten.

3.1.6. Presondegietan diren pertsonen arretarako programa mantentzea, eta haren tutoretza sistema hobetzea.

3.1.7. Genero identitate arazoak dituzten ikasleen arretarako aukerak aztertzea, baita genero indarkeriaren biktimen umezurtz direnenak ere.

 

3.2.- Ikasleen parte hartze aktiboa bultzatzea unibertsitate bizitzan, eta UPV/EHUko kide izatearen sentimendua indartzea.

 

Ekintzak:

3.2.1. UPV/EHUren Entzute eta Erantzute Sareari buruzko informazioa eta prestakuntza ematea ikasleei, ahultasun egoeraren batean dauden ikasleei laguntzeko egin ditzakeen jarduerak nabarmenduta.

3.2.2. Ahultasun egoeran dauden ikasleentzako laguntza eta haien parte hartzea bultzatuko duten boluntario sareak sortzea, ‘Gu geu bolondres’ autokudeatutako boluntarioen proiektuak abiaraztea, eta gizarte partaidetzako eta boluntariotzako erakundeekiko lankidetza bultzatzea.

3.2.3. Gizarte partaidetzako eta boluntariotzako jardueretan parte hartzea bultzatzen duten zerbitzuen eta unitateen arteko lankidetza estutzea.

3.2.4. Ikasleen interesei lotuta dauden eta aukera berdintasunez parte hartzeko aukera ematen duten jarduerak bultzatzea.

3.2.5. Ahultasun egoeran dauden ikasleek aktiboki parte har dezaten sustatzea, bai jarduera akademikoetan, bai eskolaz kanpoko jardueretan, eta, bereziki, unibertsitateko ordezkaritza organoetan eta gobernu organoetan parte har dezaten sustatzea.

 

3.3 Ahultasun egoeran dauden ikasleek naziokoak nahiz nazioarteko mugikortasun programetan parte har dezaten sustatzea

 

Ekintzak:

3.3.1. Ahultasun egoeran dauden ikasleen mugikortasuna sustatzea, esperientzia arrakastatsuak ezagutarazteko sentsibilizazio ekintzak eginez.

3.3.2. Ahultasun egoeran dagoen ikasleek mugikortasun programa batean parte hartu ahal izateko dituzten laguntza bereziei buruzko informazioa ematea.

3.3.3 Mugikortasun programetan dauden ikasleen arretan inplikatutako zerbitzu eta unitateen arteko koordinazioa modu eraginkorrean egituratzea.

3.3.4 UPV/EHU nazioko nahiz nazioarteko unibertsitate irisgarriaren erreferente izan dadin bultzatzea, ikasle bisitariak hartzeko.

 

3.4.- Kultura inklusiboa UPV/EHUko unibertsitateko kideen artean zabaltzea, eta gizartearen sentsibilizazioan laguntzea.

 

Ekintzak:

3.3.1. Sentsibilizatzeko eta ikusgarritasuna emateko ekintzak bultzatzea, zeharkako ikuspegi integratzaile batez eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorrita.

3.3.2. Irakasle-ikertzaile, TEKAZEL eta ikasleei inklusioarekin lotutako alderdien gaineko prestakuntza ematea aukera berdintasuna bermatzeko, jardunbide egoki inklusiboak ikusgai eginez.

3.3.3. Unibertsitateari aplikatutako Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren gaineko ezagutza eta eztabaida sustatzea UPV/EHUko irakasleen artean.

3.4.- Ikasleen enplegagarritasunaren alde egitea

Ekintzak:

3.4.1. Ahultasun egoeran dauden ikasleen parte hartzea areagotzea ekintzailetza programetan; hala nola Entreprenari ZITEK-ABIATU programak, EHU-Inizia, Etorkizulan IKD-GAZtE.

3.4.2. Curriculumetik kanpoko praktika espezifikoetan desgaitasunak dituzten ikasleentzat eskaintzen diren plazen kopurua areagotzea.

3.4.3. Ahultasun egoeran dauden kolektiboekin lanean diharduten erakunde eta enpresen presentzia ziurtatzea enplegu foroetan.

IV. ARDATZA

BIZITZA AKTIBORAKO IGAROBIDEA ERRAZTEA

 

4.1.-Unibertsitate ikasketak amaitu ondoren erabakiak hartzeko erraztasunak ematea.

Ekintzak:

4.1.1. Enplegu guneetako eta ekintzailetza zerbitzuetako langileei eta unibertsitate ikastegietan enplegu arloa lantzen duten pertsonei inklusioari buruzko prestakuntza espezifikoa ematea.

4.1.2. Ahultasun egoeran dauden ikasleenganako hurbilketa proaktiboa bultzatzea, enplegagarritasuna sustatzen duten zerbitzuetatik (enplegu guneak, ekintzailetza zerbitzuak, etab.).

4.1.3. Enplegu guneek lanpostu inklusiboen eskaintza eraginkortasunez kudeatzeko bideak aztertzea.

4.1.4. Gidaritza programak sustatzea, EHUalumni sarearen bidez.

4.1.5. EHUalumni sareko kideen eta ikasle egresatu berrien arteko topaketak antolatzea, era askotako bizi esperientziak partekatzeko.

 

4.2.- Hedabideetan presentzia eta sareko lana indartzea, ikasle egresatuen gizarteratzea errazteko.

Ekintzak:

4.2.1. Komunikazio estrategia bat diseinatzea, ikasle garaian ahultasun egoeraren bat bizi behar izan duten ikasle egresatuen erresilientzia eredua eta gizarte balioa ezagutzera emateko.

4.2.2. EHUalumni sarean kolektibo horien inklusioa bultzatzea.

V. ARDATZA

ARRETA SISTEMA INTEGRAL ETA JASANGARRIA FINKATZEA

5.1. Arreta sistemaren osotasuna bermatuko duen inklusio kontzeptu konprometitu eta global batetik lan egitea.

5.1.1. Ahultasun egoeran dauden ikasleek unibertsitate ikasketak etapa guztietan (gradua, graduondokoa, doktoregoa) egin eta egoki amaitu ahal izango dituztela bermatzea, ikuspegi inklusibo batetik.

5.1.2. Esklusio, ahultasun eta bazterkeria arriskupean dauden kolektiboei arreta emateko sistemaren osotasuna kolokan jar dezaketen mota orotako eragozpenak (araugintzakoak, ekonomiarekin eta aurrekontuekin lotutakoak eta abar) azter daitezen sustatzea.

5.1.3. Erabilgarri dauden baliabideak (pertsonalak, ekonomikoak eta materialak) ahultasun egoeran dauden kolektiboei arreta egokia emango zaiela bermatzeko erabiltzea.

5.1.4. Inklusioarekin eta aukera berdintasunarekin lotutako programetan gogobetetze inkestak orokortzea.

5.2. Neurriak hartzea esklusio eta ahultasun arriskupean dauden kolektiboei arreta emateko sistema jasangarria izan dadin.

 5.2.1. Egoera ahulean dauden kolektiboei arreta emateko sistema arautzen duten unibertsitate barneko araudiak aldatzea edo egokitzea, ikuspegi integral eta jasangarri batetik begiratuta.

5.2.2. Erakunde eskudunei proposamenak helaraztea, hezkuntza inklusiboa sustatzeko neurri zehatzak har ditzaten edo araudiak alda ditzaten ikuspegi integral eta jasangarri hau bultzatzearren.

5.2.3. Egoera ahulean dauden kolektiboei arreta emateko programak monitorizatzea, Plan honetan aipatzen diren adierazleen ebaluazioa urtean behin eginez.

IV. INKLUSIO PLANEKO ADIERAZLEAK

 

  1. Urtean artatutako ikasleen kopurua, kolektiboka bereizita (baliabide ekonomikorik gabeko ikasleak; Foru Aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemetan harreran dauden gazteak; ezgaitasunetik eta/edo hezkuntza premia berezietatik eratorritako egoera; asiloa eta babesa eskatu duten pertsonen egoera; laguntza psikologikoa eskatzen duten egoera pertsonalak; sexu eta genero identitateari lotutako egoera pertsonalak; preso dauden ikasleak; genero indarkeriaren biktima izandako emakume baten seme edo alaba izateagatik, amaz umezurtz diren ikasleen egoerak).
  2. Programetan artatutako ikaslearen gogobetetze maila.
  3. 1. adierazlean zerrendatutako kolektiboekin lan egiten duten zerbitzuek irakasle-ikertzaile, TEKAZEL eta ikasleentzako inklusioari buruz kudeatutako prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzen kopurua.
  4. 1. adierazlean zerrendatutako kolektiboekin lan egiten duten zerbitzuek irakasle-ikertzaile, TEKAZEL eta ikasleentzako inklusioari buruz kudeatutako prestakuntza eta sentsibilizazio ikastaroetan izandako parte hartzaileen kopurua.
  5. Ahultasun egoeran dauden kolektiboetako ikasleei laguntzeko irakasle-ikertzaile tutoreen kopurua.
  6. 1. adierazlean zerrendatutako kolektiboetatik artatutako ikasle egresatuen kopurua.
  7. UPV/EHUn inklusioari lotuta dauden boluntarioen programetan parte hartzen duten ikasleen kopurua.
  8. Nazioko eta nazioarteko mugikortasun programetan artatutako ahultasun egoeran dauden ikasleen kopurua.
  9. Ahultasun egoeran dauden ikasleei arreta emateko baliabide ekonomikoen estimazioa (langile gastuak barne), programen edo, hala badagokio, zerbitzuen arabera banakatuta.

IV. INKLUSIO PLANA EGIN DUEN BATZORDEA

  • Fernando Tapia.

Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordea

  • Arantza Martínez.

Ikasleen Zuzendaria

  • Patricia Insúa.

Arreta Psikologikorako Zerbitzuko Zuzendaria

  • Estíbaliz Sáez de Cámara.

Iraunkortasunaren eta Gizarte konpromisoaren arloko zuzendaria

  • Elena Leiñena.

Berdintasunerako Zuzendaria

  •  Ane Amondarain.

Desgaitasun Teknikari Arduraduna (Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Arreta Zerbitzua)

  • Kepa González.

Orientazio Teknikaria (Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Arreta Zerbitzua)

  • Begoña Gutiérrez.

Orientazio Teknikaria (Ikasleentzako Argibide Zerbitzua).

  • Lourdes Gastón.

Orientazio Teknikaria (Presondegietako ikasleen harrerako Zerbitzua)

  • Itsaso Izagirre.

Orientazio Teknikaria (Ikasleentzako jarraitutasun akademikorako bueltatu-beharreko laguntzak).

  • Estíbaliz Martínez.

Kooperazioko teknikaria (Garapenerako Lankidetza Bulegoa).

Additional information