Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

hari 1 iz lihoz edo beste gai izpitsuren batez osatutako izpia edo izpi multzo bihurritua, luzea, mehea eta malgua.

Soniak abilezia izugarria zuen orratzaz eta hariaz mota guztietako oihalak egiteko.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 65. orr.

Klotok goruari eusten zion, Lakesisek haria iruten zuen eta Atroposek haria ebakitzen.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 215. orr.

Eta korapiloak metalezko kableen artekoa izateari uzten dio une batez, artilezko harien artekoa izateko, korapilo arina, hodeitsua, esponja baten antzekoa.  Lander Garro   «Orain galdera berriak ditut», 2004 - 32. orr.

Artilezko edo zetazko hariekin ehunduak.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 64. orr.

Eten egin zituen besoetako sokak, haria balira bezala.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 40. orr.

Holandako hariz eginiko alkandora finak.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 338. orr.

Nihaur arduratuko naiz ehuntzeko haria eskura dezazun.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 142. orr.

Penelope berria, hari bat eta beste bat, urruti dagoenaren mesedetan eta itxaropenetan trikota ehuntzen.  Hasier Etxeberria   «Arrainak ura baino», 1999 - 49. orr.

Lore brodatu bati haria libratzen ari zitzaiola oharturik.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 191. orr.

Fardeltxoaren haria askatzen saiatu nintzen.  Edorta Jimenez   «Kilkerren hotsak», 2003 - 15. orr.

Sortak lotzeko haria.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 94. orr.

Kometa baten haria mutiko txiki baten eskuetan.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 33. orr.

Iruditu zitzaidan aurkitua nuela azkenean behar zen hitza, nire lekuko, munduko, asteroideko elementu guztiak batzen zituena, hariak lepokoaren aleak batzen dituen bezala.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 24. orr.

2 (izenondoekin)

Hari hauskor bat, hari mehe bat bezala, azkenik eteten dena.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 292. orr.

Dorrean eraildako bi printzeen irudi bat, izeba Juliak neskatilatan egina, artilezko hari gorri, urdin eta marroiez.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 277. orr.

Hari urdin ilunez eta puntu gurutzatuz brodatu zuen dafaila handi bat.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 173. orr.

Jostun profesionalek hari zuria etengabe mastekatzen zutela azaltzen zidan.  Joxan Elosegi   «Nola hustu nuen gurasoen etxea» - Lyidia Flem, 2005 - 69. orr.

Galtza lisoak eta belusezkoak, belaunburuetaraino luze eta han hari finez itxiak.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 134. orr.

Soka baten espartzuzko hari askatu bat harturik.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 135. orr.

Ariadnaren hari gidariari buruzko pasarteren bat azpimarratu dut.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 11. orr.

Nahikoa zaiola hari arrunt bat bere etxean moztea Txina urrutian bizi den Mandarin baten heriotza gertarazteko.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 72. orr.

Ihi zurtoin bat bitan tolesten zuen, hosto bat gehitu, dena hari busti batez lotu.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 246. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Hari-albainu zuria.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 36. orr.

Andre biek jostun lanabesak zituzten eskuartean, artaziak, hari-jostorratzak eta titareak erpuruetan.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 120. orr.

Puntu koskatuak liburu-jostearen hari-guneekin guztiz bat zetozela ikusi nuen.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 11. orr.

Hogeita hamar kolore desberdinez osatutako hari sorta bat.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 36. orr.

Zetazko hari zama baten truk.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 255. orr.

Hiru kolore nazionaletako hari-zerrendaz apaindu mairuen gisako durbante bat.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 272. orr.

Sare zerratu horien hari tarte hutsetatik begiratzen.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 310. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Liho-, kotoi- eta artile-haria atzerritik inportatzen hasi behar izan zuten.  Iban Zaldua   «Etorkizuna», 2005 - 20. orr.

Sansonek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa-haria sutara inguratzean eteten den bezala.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 40. orr.

Emakumeak adabaki-hari pixka bat enkargatu die eta azukre zerbait.  Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo, 2001 - 118. orr.

5 (bestelako gaiez egina)

Kobrezko hari bat jarrita edukitzeko gure etxearen gainaldean zegoen argindar postera.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 187. orr.

Eskumutur bakoitzean urrezko hariz brodatutako lili lore bana.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 109. orr.

Bien artean hari herdoilduzko rolloak gabarrera bota zituzten.  Pablo Sastre   «Elurretan hotsak», 2004 - 48. orr.

Kromosoma hedatzean ikusten da ADNaren egitura, bi hari elkarren inguruan bilduak bezalako zerbaiten antza duena.  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 92. orr.

Urre koloreko hari moduko batzuez ikusten ez zen zerbait sustengatuko bailuten.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 241. orr.

Adats bat, ile hori, ia gorrizko adats bat, ilea inondik ere hondo-hondotik moztu eta urrezko hari batez loturik egina.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 197. orr.

Zuhaitz honen hostoak eta altzifrearenak antzekoak dira; egurrak haria zuzena izaten du.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1350. orr.

Eta diot: hari ikustezin batzuk ote ditugu buru barrenean, eta spiritu bat [...] zeinak hariak astintzen dituen, arrabitajole batek bezala arrabitaren hariak?  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 648. orr.

Kontinenteen arteko hari telegrafikoa.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 205. orr.

Hari elektriko eta telegrafo-zutoinen antzekoak.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 107. orr.

Kamioi batek 20.000 tentsioko hari bat ukitu bide zuen.  Berria - Ekonomia   2004-04-02

Komunikazio elektrikoak baizik ez ditu lotzen Siberiako bi mugak, mendebaldekoa eta ekialdekoa, 8.000 versta luze baino gehiago den hari baten bidez.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 40. orr.

Telefona hariak ere ezartzen ditugu, hari optikoak.  Herria   2003-09-25

Hariaren beste puntan negar-zotin bat entzun nuen, bihotza erdiratu zidana.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 12. orr.

"Zer moduz daude euskal artzainak? jarri al dituzte artaldeak babesean?" Mary Annen ahotsak garbi-garbi gurutzatu zuen haria.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 44. orr.

Espainiako polizia politikoak FBIrekin hari zuzena bazeukala.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 206. orr.

Ordenagailuetatik Internetera haririk gabe heltzeko.  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 155. orr.

Telefonoak jo zuen orduantxe eta laster aita logelan sartu zen hari gabeko aparatua eskuan zekarrela.  Aitor Arana   «Onan», 2000 - 95. orr.

Gela guztietan wifi teknologia bidezko haririk gabeko sarea instalatu dute.  Berria - Ekonomia   2004-03-23

6 (hitz elkartuetan)

Nerbio-sistemaren hari-antolamendua aztertzea.  Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob, 2004 - 77. orr.

· Gomaz estaliriko bi kobre-hari. ik beherago 16.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 46. orr.

Urre-hariz jositako zerrendekin.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 205. orr.

Baina malko bat begietatik irristatu eta zilar-hari batez marratu zuen gurutzearen egur beltza.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 313. orr.

Sofik bizia emanen luke zure zilar-harien pareko ileengatik.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 64. orr.

Bi soldadu txirrika batean bildutako txarrantxa-haria askatzen ari dira, auskalo zer hesitzeko asmotan.  Harkaitz Cano   «Belarraren ahoa», 2004 - 46. orr.

Ural mendietatik Siberiaren ekialdeko mugaraino telegrafo haririk ez zen garaian.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 63. orr.

Eta etxean bi telefono hari.  Berria - Euskal Herria   2004-01-29

Argi indar hariak lurperatzea.  Herria   2005-02-27

Hondoan eta alboetan 1.000 watteko lau erresistentzia zeuzkala, elektrika-harietara kontagailua baino goraxeagotik konektatuak.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 227. orr.

Bada oraindik txirrin hari bat ministroa eta atezaina lotzen dituena.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 103. orr.

Nylon-hari xixtrin bat bizar-makinaren barruan.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 93. orr.

Gure atzetik gurea bezalako armiarma-hari mordo bat herrestan dakargula.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 65. orr.

Ile horizko txinparta hari bat jaurti zidan, bere bulegoaren alderik alde, urrezko txori baten gisa hegan.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 202. orr.

Burmuinetako neurona-harien artean zirkuitulabur bat sortu zitzaidanean.  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 149. orr.

7 (arrantzan egiteko)

Ez dituzu haria tiratzen hasten zarenean arrainaren begiak zeuri begira ikusten?  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 69. orr.

Baina goian eutsi nion kanaberari, haria tenkatuta.  Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver, 2003 - 111. orr.

Kitok aitortu zuen txalupa barrura egiten zutela salto perkek eta katu-arrainek: haria bota beharrik ere ez zeukan.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 191. orr.

Utzi joaten, utzi joaten! utzi mugitzen! emaiok hari gehiago! jaso orain! jaso!  Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver, 2003 - 110. orr.

· Aitak arrantza-hari bat prestatu zuen.  Juan Kruz Igerabide   «Nire aitaren fusila» - Hiner Saleem, 2004 - 26. orr.

Lokarri biribil zuriak ziren, arrantza-hariaren antzekoak.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 134. orr.

8 (musika-tresnetan) ik korda 5; soka 8.

Eta diot: hari ikustezin batzuk ote ditugu buru barrenean, eta spiritu bat [...] zeinak hariak astintzen dituen, arrabitajole batek bezala arrabitaren hariak?  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 648. orr.

Parnasoa zalditzat eta lagun lira, / haren hari gaiztoei goxo nien tira.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 186. orr.

Hamabi hariko gitarra akustiko batekin.  Berria - Kultura   2004-05-08

Tresna baten hariak jotzen direnean edo ahotsaren kantua erabiltzen denean [...].  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 2310. orr.

Batzuek dutara jotzen zuten, masustondozko gider luzeko mandolina, zeta bihurrituzko bi hari besterik ez duena eta tonu laurdenetan gozatua dagoena.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 315. orr.

Zeren notak eta soinuak harien luze-lodien araberakoak baitziren, eta jotzailearen hatzen hariekiko posizio erlatiboen araberakoak.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 268. orr.

Neure papera harparen hari artean ezarri nuen.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 79. orr.

Artean ez zuten abere tripaz egindako lau hari haiek -lau golde-mutur mastaren gainetik tenkatuak baliraxe-,[...] musika hazia ereiten.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 75. orr.

Harizko tresnen ikastaroetako ikasleek kontzertua egingo dute, 20:00etan.  Berria - Kultura   2004-07-25

9 (hitz elkartuetan)

Hari instrumentuak lehenik, haize instrumentuak ondoren, eta butzeko, perkusioa eta arpa.  Berria - Kultura   2004-02-13

Lau emakumeek, gizonezkoak bezain musikari bikainak izateagatik, hari-laukotea osatzea erabaki zuten.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 134. orr.

Et Incarnatus hari orkestrak lagunduta.  Berria - Kultura   2004-05-26

Copland-ek klarinete eta hari orkestrarako sortutako kontzertuan.  Berria - Kultura   2004-05-15

Musikaria zen bera, San Marco basilikako hari eta haize orkestran.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 75. orr.

Beethoven jotzen zuten, Beethovenen hari-laukoteren bat.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 221. orr.

Johannes Brahmsen Piano eta hari tresnentzako boskotea.  Berria - Kultura   2004-06-04

Gitarra baten hari-zarratatze neketsuan.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 187. orr.

· Biolin hari batez itoa.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 85. orr.

10 hed

Segur nengoen mihiaren haria eteteko eman zigula brandy botila kapitainak.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 39. orr.

Zenbat eta zakil-haria gehiago tenkatu, orduan eta erekzio harroagoa eragingo didazu.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 87. orr.

Zura, berriz, gogorra da tentsioarekiko, baina ahula konpresioarekiko, batez ere hariaren norabidean aplikatzen bada indarra.  Berria - Kultura   2006-05-09

11 irud

Malko irudiko hari loditan irristatzen ziren tantak.  Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo, 2001 - 34. orr.

Den-dena beltza zen, argizko bi hari izan ezik.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 74. orr.

Barraskilo bat zebilkion marmol zuriaren gainean, denboraren hari mehea astiro albainduz.  Berria - Kultura   2004-08-20

Eta denboraren hariaz oihal eder bat egin nahi zuen.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 13. orr.

Hitzen haria ez ebakitzeko.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 137. orr.

Baina bere helburuen artean dago irakurlea ukitzea eta hunkitzea, haren arimaren hari bat jotzen asmatzea.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Errekarteko koadernoa», 2001 - 26. orr.

Hari horri helduz, Damaskon jaiotako filosofoak Jainkoaren erruduntasunean oinarrituriko elezahar bitxia sortu zuen.  Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori», 2002 - 14. orr.

Gure oroimenaren haria berriro aurkitu beharko dugu; bizitzeko, berriro gizaki bihurtu beharko dugu.  Berria - Kultura   2004-06-12

Misterioaren hariari tiraka ibili gabe.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Arbelaren gainean», 2004 - 121. orr.

Eta, hari hartatik tiratzen nuela eta hari batek bertzerat ninderamala, osabarekin nuen auziaren berri eman nizun...  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 401. orr.

Zoratzeko puntuan egon zen, mataza haren hariari jarraitu ezinik. ik beherago 20.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 532. orr.

Anai Paulok berehala soluzionatu zuen afera, hari batetik eta bestetik tiraka ibili ondoren.  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 29. orr.

Hari horietatik guztietatik tiraka aise aterako duk etekin itxurosorik.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 184. orr.

Katoliko zorrotz eta hari bakarrekoa.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 81. orr.

Uste nuen hari bereko korapiloen gisa ulertuko genuela elkar.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 109. orr.

Iraganera begiratu orduko, hor ikusten dugu hari batek beste hari asko behar dituela soka txirikordatu eta trinkotzeko.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 37. orr.

Oroitzapenek elkar lotzen dituen hari kronologikoa.  Berria - Kultura   2004-12-02

Hari batetik zintzilik duela bizia.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 24. orr.

12 (hitz elkartuetan)

Marmolezko iturri oso garai eta oso landu batetik ur hari bat isurtzen zen etengabe konketa batean.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 157. orr.

Intsentsuarena bezalako ke-hari baten modura.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 1107. orr.

Ezpain artetik odol-hari bat irten zitzaion, masailean behera, leporaino.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 81. orr.

Lerde-hari bat gelditu zitzaion borreroari kokotsean.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 33. orr.

Otto Rahn hil egin da -erran zidan ahots hari batez.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 234. orr.

Ahots hari mehe batek Otxandio faxisten eskuetara joan dela dio.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 60. orr.

13 lotura.

Haizea bera baitzen Irisarriren ustez jaiotzetik heriotzarainoko hari arin eta hauskorra.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 110. orr.

Zehaztea oso zaila den hari-sorta dago musikaren eta bizitzaren artean.  Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea», 2001 - 46. orr.

Agian hori besterik ez zara: desagertutako pertsona baten keinua katalizatzen duen hari eroalea.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 32. orr.

Sentitzen baitzuen berehala hari ikustezin batzuk teinkatzen zirela eta martxan jartzen zituztela hainbat korronte afektibo, adiskidetasun edo maitasunezko.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 236. orr.

Hari atxikiezin bat bezala sentitzen dugu harekin, bizitzan zehar misteriozko era batez [...] garamatzana.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 214. orr.

Ezingo da ondo neurtu ekintza hori giza harremanen hari nahasi eta aldakorrak ikertu gabe.  Juan Martin Elexpuru   «Delituez eta zigorrez» - Cesare Beccaria, 1999 - 25. orr.

Lau kasuak ezberdinak izan arren, bata eta bestearen arteko hariak ez dira falta.  Berria - Euskal Herria   2004-10-24

14 (kontaketa batean, arrazoibide batean)

Aztoraturik, kontaeraren haria galdu nuen.  Edorta Jimenez   «Kilkerren hotsak», 2003 - 85. orr.

Orain beharrezkoa da aurretiko azterketetan sakabanatutako oharpen batzuk atzera harira ekartzea. ik beherago 23.  Xabier Arregi   «Jakitearen arkeologia» - Michel Foucault, 2003 - 83. orr.

Baina noan harira.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 64. orr.

Botanika gutxiago eta harira, mesedez.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 67. orr.

Manilovek behintzat erabat galdu baitzuen bere gogoeten haria.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 64. orr.

Pentsamenduen haria eten.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 136. orr.

Mintzagaia edozein zela ere, ondo asko heltzen zion beti elkarrizketaren hariari. Ederrenak iruditzen zaizkigun loreak bilduko ditugu, historiaren hariari lotu gabe.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 35. orr.

Hementxe hasten da eleberriaren haria, edo kontakizunaren bilbea, nolabait esateko.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 298. orr.

Liburuaren hari nagusia kontatzeko eskatu diot.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 100. orr.

Osabak begiralditxo bat eman du San Bizente elizaurreko zabalunetxora, eta lehengo hariari heldu dio: [...].  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 95. orr.

Liburu honek hari asko dauzka, batzuk besteak baino lodi eta korapilatsuagoak, denak garrantzizkoak, denak kontuan hartu beharrekoak.  Berria - Kultura   2004-01-02

Irakurleari gogor samarra gerta dakiokeen hari narratiboa leuntzen du aipatutako bukaerak.  Berria - Kultura   2004-06-10

Hori da hari nagusia, irakurketa gidatzeko.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 910. orr.

Idatzitako gertakizunen hari nagusia (KNa) eta hari nagusiaren leihopean sortutako eranskinak (AKak).  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 15. orr.

Song-il Gonek kolpe bakar batean biribildu nahi izan ditu intrigako hari guztiak.  Berria - Kultura   2004-09-23

Burutazioen hariari atzera heltzeko.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 207. orr.

Eszena eta sentsazio zehatz batzuk, hari fin bakar batez loturik.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 51. orr.

Zehar estiloz kontatuta, haren jardunak baluke hari logikoa.     «Kuskue tanden», 2004 - 124. orr.

Ordura arteko mintzatzeko hari logikoa galdurik, automata bat bezala hasi zen.  Jon Alonso   «Euskal karma», 2001 - 85. orr.

Historiaren gida-hariaren bitartez, edo ondorioen eta beren kausen katearen bitartez.  Ibon Uribarri   «Arrazoimen hutsaren kritika» - Immanuel Kant, 1999 - 197. orr.

Lehendabiziko aholkua (Jaunaren Gorputzari buruzkoa) eta bilduma amaitzen duena (Poz benetako eta osoa) kenduta, hari bat bera dute beste guztiek.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 119. orr.

Nahiz eta komedia haren harietarik tragedia bat zegoen dilindan.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 475. orr.

Hari beretik, aztertuko da oraino prozedura berri bat.  Herria   2001-07-26

Pieza horiek badaukate aspaldiko aire bat, gaur entzuten ez diren hari melodiko harrigarriek osatutakoa.  Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea», 2001 - 83. orr.

Pelikula hau zuri-beltzean duk, badakik, eta ezin sinetsizko gezur zuri hartatik ezin irentsizko egia beltz honetara igaro haiz gerta-harian.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 98. orr.

Xehetasunak eman nahi zituenean, "harira, harira" esaten baitzion notarioak.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 10. orr.

15 torlojuetan eta kidekoetan, helize-antzean kiribilkaturiko irtenunea.

Komunak jarioa du, eta kanilak haria hondatuta dauka.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 276. orr.

Aurrenekoan sartu zen kaskiloa harian, adur oneko eguna gau hau.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 238. orr.

16 -en harian -en ildotik, -en bidetik.

Oraingoan, mendekua hartu du gai nagusi eta horren harian josi ditu liburuko zazpi ipuinak.  Berria - Kultura   2004-09-11

Hamaika izen eta pasadizo atera dira solasaren harian.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Errekarteko koadernoa», 2001 - 57. orr.

Honen harian, EAEko Legebiltzarraren erabakitzeko burujabetasuna aldarrikatu zuen.  Berria - Euskal Herria   2004-07-31

Jarraipenik gabeko ipuin eta poema hauen harian jarraipen eternoa duen bizitza ulertzea eta ulertaraztea.  Pako Aristi   «Gauza txikien liburua», 2004 - 8. orr.

Eta bide hartatik ibili zen hilabetetan eta urtetan, iraultzaren, yogaren eta budismoaren harian.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 206. orr.

Urteen harian zintzilikatu irri eta eleak haizeak ekarriko zizkiolakoan.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 32. orr.

· Ni jaun eta jabeen aldekoa banintz, haien harikoa eta baldernakoa, edo, agian hobeki, haien zerbitzuko intelektuala banintz.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 189. orr.

17 -en harira -a dela-eta, -en ildotik

Arestian entzundako kontuen harira, nire lehen soldata datorkit gogora.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 65. orr.

18/98 sumarioaren harira eginiko zigor eskaerak.  Berria - Euskal Herria   2004-12-05

EHEren 25. urtemugaren harira eginiko kantuaren letran.  Berria - Euskal Herria   2004-12-11

Bake Konferentziaren harira sortutako txostenen inguruko hausnarketa.  Berria - Euskal Herria   2004-06-20

Hauteskundeen harira sortu eta sinatu dute hamalau eragilek adierazpena.  Berria - Euskal Herria   2004-01-16

Frantziako Gobernuak prestatutako planaren harira, beroaldiari aurre egiteko neurriak prest dira, halaber, Ipar Euskal Herrian.  Berria - Harian   2005-06-18

Salaketa horren harira, gaitzetsi egin ziren muntra, butxet, entzerrona, rehen, sorteo tankerako hitz ugariak.  Koldo Zuazo   «Euskara batua», 2005 - 182. orr.

Honen harira Txingis Abdullajewek behin esan zuena datorkit gogora.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 87. orr.

Borgesek dioenez, "gaitzestea eta laudatzea operazio sentimentalak dira, kritikarekin batere zerikusirik ez dutenak", eta horren harira nik beldurrik gabe esan dezaket ezin liburu sentimentalagoa duzula esku artean.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 9. orr.

Eta horren harira, non sentitzen gara gu etxeko?  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 81. orr.

18 burdin hari (orobat burdin-hari) ik alanbre.

Burdin hari bihurritu bana.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 298. orr.

Burdin-hari fin-finez egindako sare-kota bat.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 216. orr.

Burdin hari mehea erabiltzen zuten txanpon zulodun bati lotuta telefono kabinetan ordaindu gabe hitz egiteko.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 170. orr.

Banan-banan erretzen zituen, burdin hari baten muturrean.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 185. orr.

Indaba, burdin-hari enpresakoa.  Pablo Sastre   «Elurretan hotsak», 2004 - 40. orr.

Burdin hari batekin egindako bihurkina baliatuz.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 49. orr.

Burdin hari bakoitza burdin haga bati erantsi zion.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 115. orr.

19 hari-harian

Erortzeko hari-harian egon zen.  Fernando Morillo   «Ortzadarra sutan», 2003 - 188. orr.

· Eta zera gehitzen zuen, hari-harian hor ere: "Lehengo taldeak ahulduko dituzu eta zerori ere bakar-bakarrik kausituko zara apenas ezagutzen duzun mundu batean".  Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob, 2004 - 85. orr.

20 hari-haritik

Hari-haritik heldu zion proposamenari.  Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida, 2003 - 136. orr.

Hari-haritik eutsi zion, hortaz, ideiari.  Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida, 2003 - 60. orr.

21 hari izpi ik harizpi.
22 hari mataza

Kolorezko hari mataza batean bezala nahasturik.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 306. orr.

Bizitza hari-matazarekin nahasturik itzulipurdika ibiltzen den katu bihurria da batzuetan.  Pako Aristi   «Gauza txikien liburua», 2004 - 121. orr.

Ez zekien zer pentsatu benetan, katramilatua zuen hari mataza.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 186. orr.

Gaur, bazkalondoan, hari-mataza askatu egin da eta telefonoaren txirrinak etxeko isiltasuna hautsi du, bazkalondoko bakearen kristal finezko ahuleria pitzatuz.  Pako Aristi   «Gauza txikien liburua», 2004 - 121. orr.

Egunak hariltzen eman duelako, Teseorentzako hari-mataza atontzen jardun duelako, oi Ariadna maitea.  Javi Cillero   «Hollywood eta biok», 1998 - 26. orr.

Burdin hari mataza bat, konponketaren bat ber-bertan egin beharra suertatzen zenerako.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 69. orr.

23 hari mutur

Haren eskuak barazkien artean; haren ahoa hari-mutur bat miazkatzen zuenean albainutzeko.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 164. orr.

Hari muturretik mataza, bai!  Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea», 2004 - 327. orr.

Hari-mutur pare bat neure buru barruan elkarri lotzeko behar izan nuen denbora.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 45. orr.

Hala, bada, misione hartan erdietsi nian lehen hari-muturra, eta hari hartarik tiraka laxatu nian lehen korapiloa...  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 616. orr.

Esaldi hori bururatzean, artean ez dakigu poema bat izango den, ala ipuin baten hari-muturra.  Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak», 2000 - 197. orr.

Azken hari-mutur honi helduz, bertso-amaieraren errepikapenarena aipatu nahi nuke.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 119. orr.

Korapiloa askatuko zuen hari-muturrak bertze nonbait matazaturik behar zuen.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 121. orr.

Nabarmen ezinezkoa zen jadanik historia bihurrikatu haren hari-muturra aurkitzea. · Hitzari beti harrapatuko diot hari-mutturren bat.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 262. orr.

24 harira etorri1 hizketa-gaia berriro hartu.

Baina natorren harira.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 270. orr.

Beraz, gatozen harira...  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 88. orr.

Baina, harirat etorririk, erranen dizut, ondoren, ezen hatsarretik gauzak garbi jarri nahi izan zizkidala Rosa de Osoriok.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 588. orr.

-Gatozen gertakizunen harira- esan zuen notarioak urduri samar.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 37. orr.

25 harira etorri2 hizketa-gaira egoki etorri.

Bai, izan ditut esperientzia gutxi batzuk alor fisiko horretan, gero aipatuko ditut, harira etorriz gero.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 90. orr.

Jendek barre egiten zuenez, Julenek ez zuen aukerarik galtzen, "bere" txistea kontatzeko, harira etorri zein ez.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 181. orr.

Ez dator harira, ordea, nire barrukotasunaren zoko ilunak airatzea.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 448. orr.

Aurrena, harira ez datozen arrazoiengatik Euskal Telebista utzi-edo eta berehala, meritu-lehiaketa batean parte hartu behar izan nuen.  Joxerra Garzia   «Itsasoan euri», 2003 - 159. orr.

· Harira egoki etorriko litzateke galdetzea ea zein den nire erlijio bitxi hau.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 183. orr.

26 orratzetik hari(ra) ipar burutik burura.

Denen buru, zer erranen ote du Sirven-ek? zernahi gauza badakiela, denak salatuko ote ditu orratzetik hari? ala gauza batzu ba eta beste batzu ez? Frantxua Maitia eta Jean Mixel Galant, Garazi eta Baigorriko kontseilariek elkarrekin prentsa bildu dute, orratzetik harira beren ikuspuntuaren emaiteko 2X2 proiektuaz.  Herria   2001-02-15

Xehetasun horiek oro, orratzetik hari, Mathiasek zekizkien.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 168. orr.

Badago hor gaindi halako segeretu eta misterio kutsu bat nabaria, hainbestetaraino non kontseilu hori biltzen den aldi oroz behar baitute hedabidek orratzetik harira esplikatu zer den eta zertarako den.  Herria   2001-04-26

Abokatak alabaina, orratzetik harira irakurri duenean "Natura 2000" araudia, ez du nihun giza eskubideen aipamenik aurkitu.  Herria   2003-02-20

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 5 aldiz agertzen direnak)

ahots hari (23); ahots hari batez (7); ahots hari mehe (6); burdin hari (16); eta liho hari (15); hari batetik (20); hari batetik zintzilik (13); hari bihurrituz apain (6); hari elektrikoa (5); hari gorri (9); hari gorria (6); hari laukote (6); hari laukotea (6); hari laukoteak (8); hari mataza (10); hari mehe (15); hari mutur (23); hari mutur bat (5); hari muturra (7); liho hari (21); liho hari bihurrituz (13)

arrazaren haria (6); burdin haria (8); denboraren harian (7); haria berreskuratu (5); haria eten (9); haria galdu (10); haria galdua (5); haria galtzen (5); hariak mugitzen (5); hariari eutsi (8); hariari heldu (10); hariari jarraitu (5); hariari jarraituz (5); hariari tiraka (10); jostorratza eta haria (5); lehengo hariari (5); telefono hariaren (5)

adierazpenen harira (16); atentatuen harira (9); auziaren harira (8); bileraren harira (10); egoeraren harira (5); egunaren harira (39); elkarrizketaren harira (5); erabakiaren harira (12); erakusketaren harira (5); erasoaren harira (5); erasoen harira (7); etenaren harira (7); gatozen harira (7); gertaeren harira (7); gertakarien harira (5); goazen harira (7)

harira dator (6); harira etorri (6); harira itzuliz (6); harira joan (5); hauteskundeen harira (8); helegitearen harira (6); heriotzaren harira (8); heriotzen harira (7); honen harira (21); horien harira (17); horren harira (328); ikerketaren harira (7); kanpainaren harira (6); mendeurrenaren harira (5); neurrien harira (5); operazioaren harira (8); planaren harira (6); proposamenaren harira (18); salaketaren harira (7); urtemugaren harira (14); urteurrenaren harira (10)

adierazpen horien harira (5); dio horren harira (16); egindako adierazpenen harira (9); erabaki horren harira (5); greba egunaren harira (5); horren harira dio (8); horren harira esan (7); mobilizazio egunaren harira (5); nazioarteko egunaren harira (10); su etenaren harira (7)

proposamenaren haritik (7)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus