Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

arrail 1 iz arrakala, arraildura. ik artesi.

Kontua da, ama nire hatzak ferekatzen ari bada ere, nik hesi baten moduko zerbait sentitzen dudala bion artean, ertzainen segurtasunezko zerrendak baino gehiago bereizten gaituen arrail halako bat.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 30. orr.

Irudikatze horren kontzientzia dutenek bizitza euren nahietara egokiago hurbiltzen dutela iruditzen zait, murritzagoa zaiela euren borondateak bere zokoan amestu zituen gertaeren eta bizitzak dakartzan lorpenen arteko arraila.  Pako Aristi   «Note book», 2005 - 115. orr.

Slapater zerraldo erori da arrail karstikoetan, gizakiok naturarekin gorde behar dugun komunioaren sinbolotzat zeukan bere Il Carso miretsian.  Anjel Lertxundi   «Italia, bizitza hizpide», 2004 - 49. orr.

Hala zihoazen, sabela lurrerantz, sasiak zulatuz, arrailak igaroz, maldak igoz, zintzurretan behera irristatuz, eta adarra bularraren hauspo beteaz joz, gainerako jendea eta zakurrak erakartzeko.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 124. orr.

Ondoko arraila ez da nolanahikoa.  Jose Angel Irigaray   «Denboraren mugan», 2005 - 67. orr.

Halaberean, sekulako alukeria izaten da niretzat auto-garbigailuetan, ohiko ikastun lohihartzekodunaren ordez, itsulapikoen gisako arrailaz hornituriko aparatua aurkitzea: sartzen diodan dirua ez da inoiz mangerari ur tantarik aterarazteko on.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 299. orr.

2 hordi arrail izond erabat hordia.

Aita egun guztian kalean, tabernaz taberna, hordi arraila, eta ni hemen, astakilo hauek zaindu eta zuzendu nahian; nahi eta ezin: ni geroz eta ahulago, haiek urtetik urtera basapiztiak baino okerrago.  Xabier Mendiguren Elizegi   «16 ipuin amodiozko», 2002 - 87. orr.

3 mozkor arrail izond erabat mozkor. ik arraildu 3.

-Xangarin -esan zuen xuxu-muxuka-, agian ni mozkor arraila nagok eta mamuak ikusten ari nauk baina, ez duka hor aitzinean zuhaitzez besterik ikusten?  Pablo Sastre   «Eguzkipekoak», 2003 - 297. orr.

Ene enpatia txit sentikorra, maiteñoak, zeren arrano beltzaren tabernan nire egoera hauskor berean baitzeuden naufragiotik eskapaturiko dozena eskas bat mozkor arrail erabat deskontzertaturik.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 347. orr.

Onenean ere, sabelak ongi beteta, mozkor arrail, beren buruari zutik eutsi ezinik, balantzaka egingo dute alde, eta oinez bihurtuko etorritako bidetik, urrats geldian.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 109. orr.

4 ogi arrail (corpusean ez dago; ETCn 6 agerraldi)

Bahea (25-35 cm2 x 9-11 cm): irina, ogi arraila, pureak eta abar bahetzeko. ETC-zientzia, zuzenbidea   Sukaldaritza-teknologia: sukaldaritza-prozesuen oinarri zientifikoak, Encarnación Goikoetxea, UEU, 2010

Ogi birrindua edo ogi arraila xehatuko ogi zaharra da. Irintsua denez, plater askotan erabiltzen dute: arrautzaztatzeko, birrineztatzeko edo gratinatzeko. ETC-entziklopedia   Ogi birrindu, Wikipedia

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus