Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
068. Hala hark musua Eder lilien
Hala hark musua Eder lilien
pare bizi-hiltzen zeneko mapa,
apainkeriok sortu baino lehen,
edo bort hartu bizien kopeta.
Artean ez baitziren hil-mototsak
—ehortzarien eskubide— mozten
buru bizien bizi bigarrentzat,
eder hilen ilajez inor janzten.
Harengan bai antzinaro dontsuok
apaingailuz biluz, berezko, jator,
lorekotu gabe sasoi ostuok,
zaharrez eder-berritzeka doilor;
hura du mapatzat Naturak hemen,
Artek dakusan eder zina zer zen.