Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
067. Zer dela-eta da bizi zornetzan
Zer dela-eta da bizi zornetzan,
bere presentziaz dohatuz Narras,
hobenak hala onura bil dezan
apaindurik harekiko tratuaz?
Zergatik du Arte faltsuk lapurtzen
haren musu bizitik margo hilik?
Zergatik du Eder gaixok xerkatzen
—arrosa benak— itzal-arrosarik?
Zergatik da bizi Naturak porrot
egitean, odol biziz hustear,
ez baitu beste nork eman horniok,
harro anitzez, biziz haren bizkar?
Naturak gorde du lorien hondar,
noizbait jori zelako froga bakar.