Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
143. Etxeko andre artatsua nola
Etxeko andre artatsua nola,
hegats-abere bat itzuriz gero,
ninia lurrean lagaz doala
zer haren bila zalapartan bero;
negar eta negar atzetik haurra
amaren xerka, zeinak harrapatu
nahi baitu ihesi doan hura,
sein zapuztuaz egin gabe kontu;
hala zoaz zu zernahiren bila,
ni, zure nini, gogorki larrituz.
Atxikitzean, zatoz berehala;
ama legez bete ni, arren, musuz.
Dagidan otoitz gura Will dezazun;
hortxe itzulirik, solei nazazun.