Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
135. Norknahi zer duen, zuk baduzu Will
Norknahi zer duen, zuk baduzu Will,
eta Will eta Will, nahi adina;
hain naiz sobera, gainezka bainabil
zugana biltzen eskas ez duzuna.
Ez duzu nahi, Will oro bil zale,
inoiz zeurean Willtxo hau bil-bildu?
Will besterenek, itxuraz dotore,
ausaz Will hau bere distiraz hil du?
Itsasoa, oro ur, euri-gose
betiere: zer bilduko hor dabil;
berdin zu: Will ugarioi Will hauxe
gehit, zeure Will-tza zabalera bil.
«Ez» zakar batez ez on-nahirik hil:
oro bat-tzat har; Willetan bil ni, Will.