Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
134. Halatan, aitortu dut zure dela
Halatan, aitortu dut zure dela
hura, eta nerau zure bahi naiz,
neu honen truke ustez didazula
itzuliko beste ni-nia garaiz;
baina ez nahi zuk, ez hark, jaregin,
zeren, zu gutizios bezain hura
on-zintzo, berme-agiriz enekin
beretu baitu datxekon lotura.
Oro zor zaio zure ederrari,
lukur interes gordin zale bikain;
enegatik zordun den lagun hori
hala galtzen dut nik, tratuon ordain.
Nik hura galduz, zuk gu biok zeure;
hark dena kito, eta ni ez libre.