Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
132. Begi laztanok, errukiz irudi
Begi laztanok, errukiz irudi
jakinik bihotz-latz zatzaizkidala,
horra belztu, doluz Amodiori,
ene saminez gupida dutela.
Zeruan ez du zinez goiz-ekiak
hobeki apaintzen sortalde grisa,
ez arrastiriko argizagiak
hala loriatzen sartalde hitsa,
nola dolu-begi biok so hori.
Utz, bada, bihotz horri ere nitaz
dolut dadin, ederrez dolukari,
zaren orotan janzteko gupidaz.
Hala, zin dagiket Eder beltz dela,
eta satsu nor ere den bestela.