Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
125. Zer niri paliodun ibiltzea
Zer niri paliodun ibiltzea,
kanpoaz azala ohoraturik;
harri eternalez harro goitzea,
oro lurrera bidean delarik?
Ikusi ez dut, bada, maiz, nor zena
graziak oro galtzen, zorpeturik,
gustu soilei muzin, bitxiez tema,
onjabe gaixo, miran ahiturik?
Ez: naizen galant zure bihotzean;
eskaintza xume baina doako hau
onar, artez bere artegabean,
elkar-truke hutsez, zuretzat nerau.
Ut, hi, salatari saldu!: fin denak
bere on ditik hire gaitzesanak.