Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
126. Ene ttipi, ordu zaluak konpas
Ene ttipi, ordu zaluak konpas,
ez zaitzake Aldik zu makurraraz;
maitale-liliok zimeldu arau,
galtzez zureak bikainago dirau.
Naturak, hondamenen erreginak,
zugan atze ditu aurre-ekinak,
zertako eta Aldi bere gaitzez
ordaintzeko, minutu gaitzok hilez.
Kasu, baina, zu, Naturaren bitxi:
hark ere ezin betiko atxiki;
kitora datorke, goiz edo berant;
zeu zaitu hartzeko, zor eder galant.
( )
( )