Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
122. Oparia, zure oroitaulok, hor
Oparia, zure oroitaulok, hor
burmuinean dauzkat, zehatz, betiko,
oroitzak baituke, ez denez galkor,
epe gabe iraunen, sekulako,
edota, bederen, garun-bihotzok
naturaz iraunkor diren heinean:
ahanzturak ez zaituzke, bi zerok
gal arteino, bere eskumenean.
Kaier xumean ez zen aski leku,
eta, gogoan baitzauzkat beti nik,
besteri ematera naiz ausartu,
bai baitut zuretzat taula hoberik.
Oroilagun batez baliatzea
nuke oroit-eza bidezkotzea.